Ibon Imaz: «Arazoen aurrean ez dira haserretzen, osasunerako kaltegarria dela diote»

Duela urtebete pasatxo joan zen Ibon Imaz (Idiazabal, 1972) Indiara. Idiazabalgo Ampo kooperatibak bertan duen lantegiaren martxaz arduratzen da ordutik.

Nolako herrialdea da India?
Oso herrialde handia da, hedaduraz, ia Europa adinakoa eta populazioz, hiru bider handiagoa. Ondorioz, nahiko zaila da orokorrean hitz egitea, ezberdintasun handiak baitaude iparraldearen eta hegoaldearen artean. Nire kasuan, hegoaldeko Tamil Nadu (73 milioi biztanle) estatuko Coimbatore (2 milioi biztanle) hirian bizi naiz. Tamil-a da bertako hizkuntza, eta Indiako beste estatuetako herritarrekin ulertzeko ingelesa erabili behar dute. Baina ingelesa gutxiengoak hitz egiten du hemen. Soldata, hilean, 120- 150 eurokoa da. Astean 6 egunetan lan egiten dute, eta urtean 14 jaiegun bakarrik dituzte.

Zerk harritu zaitu gehien?
Lehen itxuran, oso herrialde atzeratua eta desastrea da, baina azken urteetan egin duten aurrerapausoa itzela izan da. Duela hamar urte bizikleta asko, moto batzuk eta auto gutxi ikusten ziren kaleetan. Gaur egun ez da bizikletarik ikusten, eta motoak eta autoak edonon dabiltza. Hasieran inongo logikarik eta araurik gabeko «kaos» bat dela iruditzen zaizu.Denborarekin «kaos antolatua» dela konturatzen zara.
Beste gauza deigarri bat, gizartea kasten arabera zatituta dagoela da. Arbasoek duela ehunka urte izandako ofizioen arabera, kategori ezberdinetan sailkatuta daude pertsonak. Ezkontzak ere beti kasta berdineko pertsonen artean izaten dira. Goragoko kastatako pertsonenganako izugarrizko errespetua dute, eta beheragokoekin aldiz, batere ez.

Krisirik nabari al da?
Hemen ez dago krisirik. Azken urteetako hazkunde ekonomikoa %7 inguru izan da, batez beste. Eskualde honetan eskulan behar handia dago, baina bertakoek egin nahi ez dituzten ofizioetarako bakarrik. Indiako estatu pobreetako etorkin asko etortzen dira hona lanera.

Zer ekarriko zenuke Indiatik Goierrira?
Ezer gutxi, akaso bertakoek duten pazientzia, baina pixka bat bakarrik. Arazoen aurrean ez dira haserretzen, osasunerako txarra dela esaten dute.

Zer eramango zenuke Goierritik Indiara?
Lehenengo klima. Hemen ikaragarrizko beroa egiten du, otsailetik irailera. Bigarren, txukuntasuna eta usaina. Bertako estolderia zaharkituta dago eta beroaren ondorioz, kirats desatsegina ohikoa da hirietan. Eta hirugarren, berriz, txuleta eder batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>