Natura, begirune eske

Aralarren baliabide ugariak babesteko Natura 2000 Sarea beharrezkotzat jo du Iñaki Aizpuru ingurumen adituak.

Ordiziako Artzain Egunaren eta Aralarko larreen irekiera egunaren tartean, mendiari begira jarri dira artzain eta ganaduzale asko dagoeneko. Haiek dira goi larreak gehien erabiltzen dituztenak, eta neurri handi batean ingurua iraunarazten dutenak. Baina baliabide askoz gehiago ditu Aralar parke naturalak, eta babesteko nahiz zaintzeko arreta askorik ez dute jasotzen, aditu batzuen iritzian.

Mendia, orokorrean, eta kontserbazio helburu zehatzei begira, behar bezala mantentzeko administrazioaren partetik «utzikeria» dagoela ohartarazi du Iñaki Aizpuru ingurumen teknikari itsasondoarrak.

Duela hamalau urte egin zuten Enirio-Aralar Mankomunitatean ekintza-egitasmoa, eta 2012-2016 eperako beste oinarri batzuk berritu ditu Aizpuruk. «Enirio Aralar lurralde zabalago baten zati bezala ulertu behar dugu, Europa hegoaldeko igarobide nagusian, Pirinioen eta Kantauri mendizerren artean lotura ekologikoa bermatzeko gune garrantzitsua», dio egitamuak. Natura eta kultura aberastasunak zaintzeak behar luke helburu behinena Aizpururen ustez; «erabilera ekonomikoak lagungarri gertatzen diren heinean sustatu behar dira».

Mendia bere osotasunean babesteko ezinbestekotzat jo dute Europako Batzordeak gidatutako Natura 2000 Sarearen irizpideak betetzea, lege izaera dutenez beteharrak direlako. «Aralar bezalako balioko lekuak edukita, nola zaindu pentsatu beharko dugu».

Ganadu hazkuntzarena da historikoki Aralarren dagon aktibitate bat, eta mantentzea «mesedegarria» da, biodibertsitaterako edo ekosistemarako. Baina ganadu kopuruak kezkatzen du ingurumen teknikaria; «puntua bilatu behar da, gutxiegi edo gehiegi ez dena, baliabidea mugatua delako».

Belardiak ikertzen ari da EHUko ikertzaile talde bat joan deneko hamar urtean. Aralarren 50 metro bueltako lau itxitura dituzte. Belar ekoizpena urtez urte neurtzen dute, aldagaiak kontuan hartuta. Zer komeni den zehaztu nahi dute teknikoki, zenbat ganadu erabil litekeen jakiteko. Larrea osatzen duten 70 landare espezie baino gehiago bereizi dituzte.

Mendiaren erabilera gehiegizkoagatik baliabideek ematen dutena eta eskariaren artean «gainpasatzeko» arriskua ikusten du Aizpuruk. Gaur egun 41 artzain txabola daude, bakoitzak larre-lekua izendatuta du. 18.000 ardik bazkatzen dute, udan. Horiei mila behor eta behi inguru gaineratu behar zaizkie. «Belardien ikerketarekin saiatu nahi dugu mendiak zer ganadu kopuru har dezakeen geroz eta zehatzago jakiten. Ganaduarekin eta horren manejuarekin jokatu behar da».

Kudeaketa mankomunitateak egin behar duela gaineratu du. Mendiaren baliabideen eta bertako erabileraren artean oreka doitzeak, nola eta zer moztu erabakitzeak, tira-bira batzuk eragin izan ditu, interes desberdinak daudelako.

«Ez dira gauza errazak berez. Jendeak hasieran esaten zuen Aralar librea zela eta mankomunitateko denek zutela eskubidea. 40.000 bizilagun izango gara hor, eta bakoitzak ardi bat jarrita ere jada ez dira kabitzen. Administratu egin behar da. Bestetik, hor egon behar duten langileak ahalik baldintza onenenetan egon daitezela».

Europako habitaten zuzentarauak betetzen hastea galdegin dute adituek, Natura 2000 araudia txertatzea. «Atzerapen handia daramagu Europako beste herrialdeekin. Mendia zaintzea gure mesederako da, gainera. Ura, adibidez, edo eskosistema zerbitzuak beste hainbat dira. Etorkizunari begiratu behar zaio, jokoan hori dagoelako. Norabidea epe luzera jarri behar da, eta hara jo, ez unean unekoa lehenetsita».

Maiatzaren lehenean irekiko dituzte Aralarko larreak, Larraitzeko festan

Azkeneko hamabost urtean bezala, aurten ere maiatzaren lehenean egingo dute Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa) Aralarko larreak irekitzeko festa. 1998an hasi ziren ekitaldia ospatzen, mendiko larreei negualdian «atsedena» eman beharra eta ganadu erabileraren denborari muga jartzea itxuratzeko.

Goizeko hamarretan zabalduko dituzte artisauek salpostuak. 11:00etan mendiko behorren eta zaldien Gipuzkoako III. Lehiaketa izango da, eta 11:30ean hegazti harraparien erakustaldia egingo du Belatz Haundi elkarteak. Larreak irekitzeko irudikapena 12:00etan gauzatuko dute, suziria bota, langa zabaldu eta ganaduari jare eginda. Zaldibiako Roman Elosegiren terreña idi pareak eta Imanol Paolla hernaniarraren zaldiak harri-tira apustua egingo dute. Idiek 1.100 kiloko harria erabiliko dute, zaldiak 1.000 kilokoa. Bertsotan Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi ariko dira, eta arratsaldeko erromeria (17:00etan) Triki Beltz taldeak girotuko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>