Legazpiko jaiak

Nekane Gonzalez
Itzultzailea

Maiatzaren Lehenaren bueltan izaten ditugu, oro har, Legazpiko jaiak. Hilaren 3a dugu Patroiaren Eguna, egun handia, baina sarri askotan, Legazpitik kanpo lan egiten dutenek ezin dute jai egin. Maiatzaren Lehena, ordea, jaieguna izaten da guztiontzat. Baita zubia egiteko aukera ematen duen giltzarria ere. Tira, azkenaldian beste zeinahi jaiegun balitz bezala igarotzen dugu, nahiz eta, barne-barnean, aldarrikapenetik gehiago beharko zukeen. «Zer aldarrikatu behar dugu, baina?», galdetzen du mordoxka batek. «Biztanleen ehuneko handi bat langabezian dagoen garaiotan, ba al da jaiegun hori izateko arrazoirik? Lana edukitzea, horixe da behar duguna. Gainerako guztia, zakurraren putza!». Ez dut hori esaten dutenen aurka joko. Ez horixe!

Baina gaur ez naiz paper zuria belzten hasi langileen/langabeen egunari buruz jarduteko, gure herriko jaiei buruz aritzeko baizik. Aurten, astebete iraun dute, gainera. Eta egiazko jaiak, alternatiboak alegia, ofizialak baino hiru egun lehenago hasi zirela kontuan izanda (apirilaren 27an, hain zuzen), ilargiraino eta bueltako jaiak izan ditugula zalantzarik ez da.

Ostiral horretatik (hilak 27) maiatzaren 7ra arteko oporraldia izan dute Legazpiko haurrek, eta baita pixkana-pixkana txikiagotzen ari diren bertako enpresa handietako langileek ere. Bederatzi egun luze! Jaiak ospatzeko egundoko parada. Nekatzeko, atseden hartzeko eta berriz ere nekatzeko aukera. Parte-hartzea bultzatzeko abagunea. Herriak herriarentzat antolatutakoak ikusarazteko eta horiekin gozarazteko une ezin hobea.

Alabaina, bada beste aukera baten alde egiten duenik ere. Hauxe, jaiak hasi aurretik entzundako elkarrizketa baten laburpena, gutxi gorabehera: «-Aupa, Ibon! Zer? Jaietarako prest?». «-Ez, ez… Cambrils aldera goaz gu. Sekula ez dugu izaten hainbeste egun elkarren segidan jai hartzeko aukerarik. Haurrak eta emaztea ere oporretan izango dira, eta ez gara hemengo zalaparta entzutera geratuko». «-Baina, motel… urtean behin izaten dira Santikutzak. Gure elkarteak, gainera, ekitaldi berezi batean parte hartuko du halako egunetan. Galdu egingo duzu?». «-Ez ikusteak ez dit loa galaraziko, gauza asko baititut irabazteko!». «-Zer esan nahi duzu?». «-Kontuak ateratzen aritu gara, eta ziur asko, egitera goazen bidaiaren pare edo gehiago gastatuko genuke jaietan geratuta. Bi ume ditugu, Koldo, eta horiek barraketan emango lukete baita gaua ere! Hori ordaindu egin behar! Eta, jakina, gaur bermuta hemen, bihar afari-merienda han, hurrengoan koadrilakoen bazkaria, poteoa, haurren lagunarteko alkandora… Ez dirudi, baina diru mordoa joaten da horretan. Cambrilsen, berriz, bada mantenu osoa lau sosen truke ematen duen hotel bat, eta haraxe goaz. Behe denboraldia da, eta ezin pagotxa horri ihes egiten utzi». «-Izango duzu horretarako aukera, bestela ere!». «-Ezetz, ba! Abuztua dugu tarte bakarra, eta badakizu nola igotzen diren prezioak sasoi horretan! Hauxe da aukera onena. Eguzkia izango dugu, dena eginda emango digute… Besterik behar al dugu?». «-Tira, tira… zuek ikusiko duzue, baina tamalgarria iruditzen zait.».

Jaiegunak igaro zaizkigu. Kale-jiran ibili gara, suziriaren danbatekoa entzun dugu, buruhandi eta erraldoien artean lasterka ibili gara, batukadaren burrunbarekin gozatu dugu, bertsoak kantatu, pilota ikusten sufritu, bolak, plater tiroa, xakea, txirrindulari profesionalak eta ez hain profesionalak, abelburuak, danborrada, era guztietako musika, ezpata dantza entzutetsua, motorrak, Mirandaolako ola, etab. Batzuetan euripean, besteetan eguzki izpien laguntzarekin, gozatu dugu, barre egin, nekatu, ibili, ikusi… eta bai, jakina, baita dirua gastatu ere! Baina jaiak BIZI izan ditugu. Partaide izan gara.

Ibon eta familia ere itzuli dira Cambrilsetik. Azal beltzarana, kilotxoren bat edo beste irabazita, aurpegi erlaxatua; itxuraz, gustura. Koldorekin topo egin du berriro. Ahotsik gabe dago hura, eztarria urratuta. Begi zuloak ere sumatu dizkio, eta pisuz ere arinago ez ote dabilen… «-Zer Koldo? Jota?». «-Ez naiz etxe zuloan hibernatzen egon, ez! Baina egindakoarekin gustura! Festak mundialak izan dira, aizu!». «-Pozten naiz. Gu ere primeran ibili gara. Ez gara jaiez gogoratu ere egin. Badakizu, zerbaitegatik hartzen ditu norberak gustuko erabakiak…». «-Bai, bai…».

Ibon galtza bete poz dagoela bistakoa da. Cambrilsera joan nahi omen zuten familiako kide guztiek, eta denen nahia bete dutela dirudi. Baina… «- Aita, aita! Dagoeneko hasi dira barrakak kentzen! Ez dago eskubiderik! Gure lagun guztiak jo eta su ibili dira, eta gu igerileku zikin hartan egun osoa! Hurrengoan guri galdetu, hemen geratu nahi genuen eta!»

Nekez asmatzen da guztiekin. Hau da hau!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>