Salda bat eskatu eta lau hartu

Xabier Mendiguren Elizegi
Idazlea

Maiatz hasieran izan zen: Joxantonio Ormazabalek utzi gintueneko urteurrena betetzen zela-eta, hura oroitzeko ekitaldi xume bat antolatu zioten herrikideek, Zegaman. Hara bildu ginen hainbat lagun, eta, bertsolari, koru, dantzari eta gaineratikoen ondoren, mokadutxo bat atera zuten nahi zuten guztientzat.

Salda beroa hartzen ari nintzela, pasadizo bat etorri zitzaidan gogora, gure aitak sarritan kontatu izan duena. Ba omen zen Beasainen mandazain bat Koxka esaten ziotena, sudur-mintzoa zeukana eta ditxolari fama handikoa. Behin batean, enkarguren batekin komentu batera iritsi, eta bertako mojek hamaiketakoa eskaini omen zioten: «Zerbait hartuko duzu ba? Saldea edo…?». Atera zioten salda katilua, eta urtsu samarra, sobrare. Handik pixka batera moja bueltan etorri eta: «Saldaren gainean beste zeozer nahi al zenuke…?», esan omen zion; eta: «Saldaren gainean? Koipea!» bota omen zion Koxkak bere sudur-hizketarekin, katiluko isurkaria erakutsiz.

Istorio horixe kontatu nien Zegamako plazan aldamenean nituen lagunei, eta, horren trukean, saldarekin lotutako istorio gehiago hasi ziren kontatzen denak ere.
–Lazkao-txikik ere halakoxe pasadizo bat zian –kontatu zigun bertsozale batek–. Joan omen zen behin taberna batera, eta: «Saldarik ba al daukazue?», ta: «Bai». Ta: «Haragi egosirik ba al daukazue?», ta: «Ez». «Orduan ez dut saldarik nahi», esan omen zion Lazkao-txiki zenak.

Horren ondotik, beste ipuin bat iritsi zen:
–San Gregorion bazen garai batean taberna bat, orain ez dagoena –hasi zen kontatzen ataundar bat–. Behin batean, jaitsi omen ziren menditik basomutil batzuk, eta taberna horretara joan, zeozer hartzeko asmotan. «Saldarik ba al daukazue?» galdetu omen zuten. Ta, etxeko alaba tokatu orduan barran, ta: «Ez daukagu ba». Ta amak berehala sukaldetik: «Baina, baina… nola esan dien ez daukagula saldarik? Ur freskoa edukiz gero, inguratuko dinagu olio tantaren bat nondik edo handik».

Zegamar batek hartu zion segida:
–Urbian egoten zuan artzain bat, bere txabolan jaten-eta ematen zuena, eta hara joan gintuan behin beste lagun bat eta biok. Txabola inguruan han zeuzkaan oilo batzuk, garai batzuetan dena lumatuta egoten direnetakoak, ta: «Ze oilo dituk horiek?» esan genioan, ta: «Horiek salda egiteko zeuzkaat: soka batekin uretan sartu, saldari gustua emateko, eta gero atera egiten zituat, hurrengora arte» esan ziguan artzainak.

Horrela irakurrita igual ez dute aparteko graziarik izango baina, nahiko barre egin genuen salda kontuekin han bildurik geundenak; eta pentsatzen hasi nintzen neure artean, euskal umorerik baldin bada, horixe zela, garai batean behintzat, euskaldunok egiten genuen eta gustatzen zitzaigun umore mota: egiazko edo egia itxurako pasadizoak, benetako lekuetan gertatuak, eta egiazko bizieren berri ematen dutenak. Kasu honetan, jatekoa edo haren falta zinezko arazoa izaten zen sasoi bateko istorioak.

Umore mota honek ba ote du baliorik ikus-entzunezkoetan hezitako belaunaldi berrientzat? Ezin jakin. Ahozko kontamodu bat betiko galdu ote den zen oraintsu arte nire kezka, horretaz pentsatzean; orain, berriz, beste burutazio bat datorkit, askoz ere larriagoa: gose-garaiak ezagutuko ote ditugu berriz ere?

Zer gerta ere, Zegamako ospakizun hori izan dadila adibidea, ez bakarrik umorearena, baita eskuzabaltasunarena ere: daukaguna denon artean banatuz, beti iritsiko da gehiago denentzat. Salda-istorio batekin iritsi nintzen ni egun hartan, eta lau kolkoan sartuta bueltatu nintzen etxera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>