Guztien sehaska

Goierriko biztanleriaren %7,98 «atzerritarrek» osatzen dute. Gipuzkoan, portzentaje altueneko hamar herritatik sei eskualdekoak dira, Ordizia lehena.

Gipuzkoako 88 udalerrien zerrendan, biztanleriarekiko «atzerritar» proportzio altuena duten lehen hamarren artean Goierriko sei herri daude, Eustat estatistika institutuaren arabera. Espainiako estatutik kanpo jaiotakoak hartu dituzte «atzerritar» gisa, eta jatorri horretako bizilagun gehien Ordiziak ditu, Gipuzkoan: %13,7. Denera, 2011ko urtarrilaren lehenean Ordiziako biztanle erroldan 9.547 pertsona zeuden, horietatik 1.313 estatutik kanpora jaioak.

Zegama, Beasain, Legorreta, Ormaiztegi eta Zaldibia dira ilarako lehen hamarrekoan sartzen diren bailarako beste udalerriak, %11 eta %9 bitarteko bataz bestekoekin. Goierriko gainontzeko 16 udalerrietan bederatzitik beherakoa da «atzerritarren» portzentajea biztanleria osoarekiko.

Gipuzkoan bataz besteko altua Goierriko herri batek baldin badu, txikiena ere bertakoak du: Mutiloak. Iaz «atzerritar» bakarra zegoen erroldatuta, biztanleriaren %0,4. Gaintza dago azken lau postuetan, %1,5eko tasarekin.

Goierrin, Europako Batasunean eta munduko beste herrialdeetan jaiotakoak 5.503 ziren erroldan, iaz. Bailarak, bere 68.911 biztanlerekin, Gipuzkoako erroldaren %9,80 da (herrialdean 702.897 lagun). Baina estatuz kanpo jaiotakoen bizilekuari dagokionez, %10,37 Goierrin bizi dira, Gipuzkoa osoa aintzat hartuta.

Neurri berean, biztanleriarekiko alderatuta «atzerritarren» portzentajea herrialdeko bataz bestekoa baino altuagoa da eskualdean. Gipuzkoan %7,54 den bitartean, Goierrin %7,98koa da.

Jatorriaren araberako komunitateak nabarmentzen dira bailarako herrietan. Hala, Errumanian jaiotakoak dira Ordizian gehienak, multzoaren %62,9. Zegaman, berriz, portugaldarrak dira etorkin gehienak.

Immigrazioaren esparruan lanean ari diren teknikariei ez zaie gustatu ohi etorkin edo immigrante hitzak erabiltzea, kutsu «negatiboa» dutelako. Horren ordez, jatorriaren arabera deitzea nahiago dute. «Saiatzen gara jatorrira jotzen: non jaiotakoak diren: Euskal Herrian jaiotakoak, Europako Batasunean… immigrante etiketa kentzeko, terminoak konnotazio negatiboak dituelako», azaldu du Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariak.

Eskualde osorako programen faltan —Goieki garapen agentziak zeukan saila 2010ean indargabetu zuten—, zenbait udal harrera sareak sortzen ari dira. Bi helbururekin: batetik, bizitzera Goierrira datorrenak baliabideetara sarbidea izan dezan erraztea, oinarrizko eta lehen uneko beharrak aseak eduki ditzaten.

Baina ez dute hor geratu nahi. Herriko bizitzan, dinamiketan eta azpiegituretan sartzeko zubi-lana eskaintzea da asmoa. «Bertako dinamiketarako sarbideak landu nahi ditugu, lehen unetik: herrian zer dagoen, elkarteak, festak, ekimenak, parte hartzera gonbidatu… Zeren, normalean, etortzen den jendeak lehen beharrak asetzen dituenean, sozializatzea bere komunitatekoekin asetzen dute, hor geratzen dira. Joera normala da», dio Ormaetxeak.

Etorkinei egozten zaizkien «mitoak» puskatzea da beste egiteko bat, elkar ezagutuz.

Datuak (2011)
Herria Bizt. Atz. %
Ordizia (1) 9.547 1.313 13,7
Zegama (3) 1.540 168 10,9
Beasain (5) 13.646 1.424 10,4
Legorreta (6) 1.528 157 10,2
Ormaiztegi (8) 1.309 125 9,5
Zaldibia (10) 1.510 137 9
Segura (14) 1.485 129 8,6
Itsasondo (17) 665 54 8,1
Lazkao (27) 5.302 386 7,2
Olaberria (39) 936 57 6
Ezkio-Itsaso (41)594 35 5,8
Idiazabal (50) 2.302 127 5,5
Urretxu (51) 6.892 374 5,4
Zumarraga (54) 9.883 530 5,3
Gabiria (59) 507 25 4,9
Ataun (63) 1.663 76 4,5
Legazpi (67) 8.629 360 4,1
Arama (69) 197 8 4
Altzaga (71) 158 6 3,7
Zerain (73) 254 9 3,5
Gaintza (85) 129 2 1,5
Mutiloa (88) 235 1 0,4
GOIERRI 68.911 5.503 7,98

Iturria: Eustat
Bizt.: biztanleria osoa; Atz.: atzerritarrak.
Parentesian: Gipuzkoako 88 herrien artean,
zenbatgarrena «atzerritar» proportzio altuenarekin

Ainara Ormaetxea
Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikaria
«Atzerritarrekiko pertzepzioa kopuruz baino gehiago haiekiko iritziagatik da»

Ordizian jatorri desberdineko herritarrentzat Udal Harrera Sarea jarri dute indarrean, urte hasieran. Hogei urte barru «nolako Ordizia» nahi duten galdetu, eta jatorri desberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea da ekimenaren sabaia. «Hori nola egin da kontua, talde paraleloak ez egoteko».

Harrera Sarean oinarriak berregituratu dituzue. Zer bidetan?
Elkarbizitza eta kohesio filosofiarekin, harrera bi dimentsiotan ulertzen dugu: batetik, oinarrizko beharrak dituztenei (lana, etxebizitza, osasungintza, eskolatzea…) asetzeko gure arteko sarea indartu nahi dugu, baliabide aldetik.

Baina ez da hori bakarrik.
Normalean hori egiten da, eta ez dugu horretan geratu nahi. Beste kohesio bat ere landu nahi dugu: lehen momentutik, herriko dinamiketarako sarbideak landu. Gizartean barneratzen gehiago lagunduko dio.. Zubi lana egiteko sarera joko genuke. Subjektu eragile aktiboak eratzea da helburua; eta modulu batzuk landu, gaiak atalka hartu eta saioak eginez. Lehendik hemen bizi direnentzat eta azken urteetan bizitzera etorri direnentzat da.

Sarea Ordizian ari zarete lantzen. Bakarrak zarete Goierrin?
Lehenago Goiekin lantzen ari zen. Honek atzetik ibilbide handia du, eta eskerrak hari. Printzipioz ordiziarrentzat dago zuzenduta, lehentasun bezala Ordizia dugu, baina goierritarrei ere irekita geratzen da.

Bailarako ikuspegirik ezean, herri arteko aldea handi liteke.
Erronka berriro ere bailara mailara eramatea litzateke. Hori erabaki politikoa da. Zeren Ordizian hau egitea, eta beste herrietan ez, pena da. Aldi berean, Ordiziako esperientziak funtzionatzen baldin badu, eta nik uste dut izugarrizko potentziala duela funtzionatzeko, gero bailaran eredugarria izan daiteke, lantzeko zerbait zehatzarekin.

Ordizian %13,7 dira EBn eta munduan jaioak. Nabari da?
Nire ustez, kopuruak badu garrantzia, baina hori baino, guk beste jatorrietako pertsonekiko dugun pertzepzioa da gizartean oihartzun gehien duena. Hau da, pertsona hauekiko sortu ditugun aurreiritzi, mito eta pertzepzioak. Horregatik, oso garrantzitsua da zurrumurru horiek hautsi eta elkar ezagutzeko espazioak sortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>