Eskerrak Caritasi

Krisia dela eta, gero eta jende gehiagok behar du laguntza. Behartsuenek Caritasera jotzen dute, elizak eurei laguntzeko duen erakundera. Caritasek Goierriko herri guztietan ditu boluntarioak, behar dutenei laguntzeko prest.

Krisia gogor ari da jotzen, jende asko diru sarrerarik gabe gelditu da, eta Caritas du laguntza bakarra. Baina gehienbehar dutenei laguntzea helburu duen elkarte honek, nekez ase ditzake guztien beharrak. Goierriko herri guztietan daude boluntarioak eta Beasaingo Arantza Riezu eta Zumarragako Lucia Quesada, Mila del Bosque, Maria Anjeles Segura eta Milagros Irizar dira horietako batzuk.

Eskualdeko herri guztietan daude taldeak, txikienetan ez ezik, eta bakoitza bere herriko bizilagunei laguntzen saiatzen da. Beasainen, Ordizian eta Lazkaon ostegun arratsaldetan hartzen dute jendea; Legazpin Urretxun eta Ataunen asteartetan eta Zumarraga eta Ormaiztegin asteazkenetan. Gainerako herrietan laguntza behar dutenek boluntarioengana jotzen dute zuzenean.

Riezuk dioenez, euren lehen xedea jendeari harrera eskaintzea da. «Lehenik eta behin entzun egiten diegu. Ondoren, informazioa eskaintzen diegu, administraziora bideratu… Izan ere, erakundeek guk baino askoz ere indar gehiago dute. Dena den, guk ere erantzun zehatzak ematen ditugu. Inori ezer eman aurretik berarekin sakon hitz egiten dugu, bere beharren berri izateko. Informazioa gizarte laguntzaileekin kontrastatzen dugu, bikoiztasunik gerta ez dadin».

Caritasek janaria erosteko eta errenta ordaintzeko diru laguntza, eta arropa banatzen du, besteak beste. Goierriko arropategiak Beasainen, Ordizian eta Zumarragan daude.

Jende askok eskaintzen dio laguntza Caritasi: kuota ordainduz, mezetan dirua emanez, arropa emanez… «Krisi garai honetan, jendearen borondatea azpimarratzekoa da. Beharrak hazi egin dira, baina jendearen eskuzabaltasuna ere bai», esan du Riezuk.

Hala ere, ezin guztien beharrak ase. Caritasera ia muturreko egoeran daudenak heltzen dira. Gainontzeko guztien ezetza jaso dutenak. Hori dela eta, eurengana jotzen duten gehienak inmigranteak dira. Riezuren ustez, bertakoek ez dute oraindik Caritasera jotzeko beharrik. «Hemengoek familiaren babesa dute eta, gainera, jendeari bere herriko Caritasera joateak lotsa ematen dio». Bertako familien egoera oraindik ez dela horren larria diote Zumarragakoek ere.

Inmigranteen, batez ere emakumezkoen, premia larriak ikusita, Goierri Behean tailerrak antolatu dituzte. Haietan gazteleraz eta euskaraz hitz egiten eta etxeko lanak egiten irakasten diete. «Guregana etortzen ziren askori ez genien ulertzen. Guk jendea gizartean txertatzea nahi dugu, eta horretarako hizkuntza eta lana funtsezkoa da. Hona etortzen diren etorkinek kultura maila baxua dutenez, etxeko lanetan trebatzea erabaki genuen».

Jende askok Caritas janaria eta arropa ematera mugatzen dela uste du, eta boluntarioek irudi horrekin bukatu nahi dute. Jendeak bere kasara moldatzeko gai izatea nahi dute eta helburu hori lortzen laguntzen diete.

Baina euren burua oso mugatuta ikusten dute. «Zein txikiak garen eta zein lotuta gauden!», dio Riezuk. Izan ere, pobreziaren atzean arazo larriagoak daude askotan: emakumeenganako indarkeria, adibidez. Hori dela eta, sarritan laguntzarik onena jendea beste erakunde batzuetara bideratzea da.

Baina toki guztietan nabari da baliabide falta. «Legedia asko zorroztu da eta, gainera, xenofobia ugaritzen ari dela uste dut. Informazio falta handia dago eta jendeak uste du inmigranteei laguntza asko ematen zaizkiela».

Zumarragako boluntarioek beste zailtasun baten berri ere eman dute: lehen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) Foru Aldundiak kudeatzen zuen, eta orain Eusko Jaurlaritzaren Lanbidek. Ardura duela gutxi hartu duelako edo krisian dagoelako, ordainketak atzeratzen ari dira, eta Caritasek aurreratzen du dirua. Baina Caritasen baliabideak ez dira mugagabeak.

Bost emakumeek urte mordoxka daramate Caritasen lanean, eta Quesadak lana gero eta gogorragoa dela dio. «Deitu zidatenean astean ordubeteko lana zela esan zidaten, baina egun, lehen baino askoz ere arazo gehiago daude: banantzeak, tratu txarrak, inongo laguntzarik jasotzen ez duten familiak… Gainera, dei asko egin behar da, ematen diguten arropa sailkatu, bilerak egin, lokala garbitu…».

Zorionez, herritarren laguntza dute. Hori bai, argi utzi nahi dute, egoera onean dauden gauzak bakarrik eraman behar direla. «Hona etorri eta zer edo zer jasotzen duena ez da umiliatuta sentitu behar. Arropa eta jostailuak ondo egon behar dira». Zumarragako boluntarioek zapata premia dagoela ere azpimarratu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>