Hegats igeriketako munduko lehiara

Josu Sarasola (Itsasondo 1996) junior mailako hegats igeriketako munduko txapelketan izan da Australian. Ordiziako Urpekoak taldeko igerilaria da.

Kirol ezezaguna da askorentzat hegats igeriketa: nola egiten da?
Batetik aletak daude, bi motatakoak: bi aleta eta monoaleta -sirenen oinen antzekoa-. Gero, horien barruan arnasa hartzeko modu ezberdinak daude: arnasik hartu gabe, tutu bat ahoan sartuta kanpoko airea hartuz eta haize botila zurekin eramanda.Txapelketan aukeratu egin nezakeen nola arnastu, eta azken era honetara egin dut, botilarekin.

Zenbat lagun joan zarete Australiara eta zer ordezkatuko duzue?
Espainiako selekzioa ordezkatuko dugu. Ordiziatik ni bakarrik joan naiz, baina Tolosako beste neska bat ere joan da, Irati Lakunza. Nirekin, beste hiru mutil valentziar ere izan dira.

Eta zenbat talde eta igerilarik lehiatuko duzue?
24 naziotatik joango gara, eta nazio bakoitzak lau mutil eta lau neska eramaten ditu normalean. Nik uste dut 100 lagunetik gora izango ginela han.

Eta hainbeste jendek nola lehiatzen duzue?
Txapelketa bi zatitan banatzen da: goizean Serie Geldoa bezala ezagutzen diren probak egin genituen. Hauen bidez sailkatzen zara finalerako. Horrez gain Final Zuzena izeneko frogak ere egiten dira, eta hauetan denborarik onena ateratzen dutenak izaten dira normalean irabazten dutenak. Finalak arratsaldean egiten dira.

Eta nola ikusi duzu zure burua txapelketan?
Nire aurtengo helburua Espainiako selekzioan sartzea zen, eta hori lortu dut. Munduko txapelketara begira, ez nuen irabazteko esperantzarik eta ez zen nire helburu nagusia gainera. Espainiako errekorra lortu nuen orain aste pare bat L’Hospitalet (Herrialde Katalanak) de Llobregaten, eta Australian taldeko errekorra egiten saiatu naiz.

Zerbait berezirik egin duzu Australiarako entrenatzeko?
Normalean 20:00etan entrenatzen dugu: lehen ordu betean lehorrean, beroketak egin, abdominal batzuk…; eta bigarren ordubetean igerian aritzen gara erritmoak egiten. Jendeari apuntatzeko deia egiten diot, oso kirol polita delako, eta jendea behar dugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>