Artzainen garaia

Irailean artzainak eta gazta dira protagonista nagusiak Goierrin. Igande honetan Artzain Eguna ospatuko da Legazpin, eta datorren asteazkenean, berriz, Euska Jaietako azoka berezia izango da Ordizian.

Goierrin artzain asko daude, horietako gehienak beheko herrietan. Guztientzat dira bereziak Legazpiko Artzain Eguna eta Ordiziako azoka berezia, baina batez ere legazpiarrentzat eta ordiziarrentzat. Horietako bik, Juan Jose Arangurenek eta Joseba Intsaustik, GOIBERRIrekin hitz egin dute euren lanari buruz. Lehenak bi festetara joateko ohitura du eta bigarrena, berriz, bere herrikora bakarrik joaten da.

Legazpiko Erraizabal baserrian ez zuten ardirik eta Juan Jose Arangurenek (Legazpi, 1947) gutxi batzuk erosteko eskatu zion bere aitari zazpi urte zituenean. Semearen nahia bete eta hiru erosi zizkion bizilagun bati. Handik gutxira, 30 izatera heldu ziren. Aranguren artzaina izateko jaio zen, beraz. Ardiak etxe inguruan edukitzen ditu, intseminazioaren aldekoa da eta 1999an Ordiziako gazta lehiaketa irabazi zuen.

Joseba Intsaustik (Ordizia, 1977) Nekazal Lanbide Hezkuntza ikasi zuen Fraisoro eskolan. Izan ere, mutikotatik oso argi zuen baserritik bizi nahi zuela. Etxean ardi batzuk zituzten eta, hala, artzain hasi zen. Neguan ardiak Zaldibiako Arruegi auzoan izaten ditu eta udan Aralarren. Ez du intseminazio artifiziala erabiltzen ardiak ernaltzeko, eta bere ametsa Ordiziako lehiaketa irabaztea da.

Juan Jose Aranguren: «Legazpikoa Gipuzkoa mailako lehiaketa nagusia da eta konpetentzia handia dugu»

Zergatik gustatzen zaizu horrenbeste ardien mundua?
Ez dakit. Artzaintza fraide izatea bezala da: bokazioa behar da. Hasieran plazan eta etxez-etxe behi esnea saltzen nuen. Bezeroei eusteko, autoa hartu behar nuen esne eske deitzen zidaten bakoitzean. Hori dela eta, ardiekin fuerte hastea erabaki nuen. Duela 35 bat urte izan zen hori. Hasieran esnea saltzen genuen, eta gazta gutxi batzuk egiten genituen. Baina txarrak. Duela 29 urte urte, berriz, intseminazioarekin hasi ginen. Egoitza Arkauten dugu, eta arkumerik onenak bertara eramaten ditugu latxa arraza hobetzeko.

Hasieran egiten zenituzten gaztak ez zirela onak esan duzu.
Sobratutako esnearekin egiten genituen, eta esne hori minduta edo zahartuta egoten da. Esne txarrarekin, gazta txarra. Gainera, ez genekien gaztak ondo egiten. Idiazabal Jatorri Izendapena sortu baino hiruzpalau urte lehenago Artzain Gazta elkartea sortu genuen. Eusko Jaurlaritzak Canut kataluniarra ekarri zuen gazta hobetzeko. Ondoren, ELE elkarteak Michel Lekuona Iparraldeko apaiza ekarri zuen.

Ordutik gaztak asko hobetu dira.
Lau gauza hartu behar izan dira kontuan: garbitasuna, tenperatura, garraztasuna eta kontserbazioa. Gaztak ganbaran gordetzen genituen lehen, baina bero handiko egunetan… Gazta gogortu egiten zen eta, egun, hezetasun handiarekin gordetzen da, 10-12 gradutan. Hiruzpalau gauza aldatuta, sekulako aurrerapausoa eman da.

Azken urteotan makina bat sari irabazi duzue.
1999an Ordiziako lehiaketa irabazi genuen, Jatorri Izendapenak Plentzian antolatzen duena ere irabazi genuen, eta Seu D’Urgellekoa ere bai. Horiek dira sari nagusiak. Txikiak pila bat ditugu, baina Legazpin sekula ez dugu sari nagusia irabazi. Gipuzkoa mailako lehiaketa nagusia da eta konpetentzia handia dugu.

Artzain Egunera eta Ordiziako iraileko azoka berezira urtero joaten al zara?
Bai, eta beti irabazteko gogoarekin. Legazpin antolaketan ere  parte hartzen dugu. Egun horietan ondo saltzen da gazta, baina, egia esan, salmentak dezente jaitsi dira. Kaletarrek lehen baino gutxiago erosten dute: duela lau urte saldu genuen gazta gehien.

Nola bizi dituzu bi festa egun horiek?
Etxetik kanpo bazkaltzen dugu, baina etxean ardiak zain ditugu eta berehala itzuli behar izaten dugu. Bazkalondoan kopa bakarra hartzen dugu. Hori eta Fariasa, ezinbestekoak dira!

Nola ikusten duzu artzainen eta gaztagileen etorkizuna?
Gazta egiten dugunok ondo gaude. Duela lau urte oso ondo geundela esaten genuen. Ea lau urte barru ere ondo gaudela esaterik dugun. Gazta, ona eginez gero, saldu egiten da. Izan ere, urtebete agoantatzen du. Esnea saltzetik bizi den artzaina, ordea, oso gaizki dago. Pentsua asko garestitu da, esnearengatik ez diete txukun ordaintzen, eta zorrak pilatu egiten zaizkie.

Joseba Intsausti: «Ordiziako lehiaketa irabaztea nire ametsa da, sekulako ilusioa egingo lidake»

Artzain gaztea zara. Lagunak ez al ziren harritu artzain hasi behar zenuela esan zenienean?
Ez, ordurako ederki ezagutzen ninduten. Gainera, sekula ez naiz izan ikaragarri ateratzen diren horietakoa. Baserrian laguntzea edo mendira joatea beti izan dut gustukoago.

Etxekoek ondo hartu al zuten zure erabakia?
Aita beti izan da ganaduzalea. Amari, ordea, nahiz eta baserrikoa izan, ez zitzaion ondo iruditu. Beti pentsatu izan du edozer gauza dela baserria baino hobea eta, gainontzeko ama guztiek bezala, bere seme-alabentzat onena nahi duenez… Baina nire ametsa, txikitatik, baserritik bizitzea izan da. Beharbada, Ordizia zabaltzearekin bat, gure baserria behera zetorrela ikusten nuelako. Dagoeneko gure baserriak ez du terrenorik, baina bizirik dirau. Otatza oraindik baserria da eta beste asko baino aktiboagoa.

Noiz egin zenituen lehen gaztak?
1997an. Ez ziren oso jangarriak, egia esan. Ordutik sari bat edo beste irabazi dut, nahiz eta ez dudan lehiaketa askotan parte hartzen. Aralarko txapelketa hiru aldiz irabazi dut, Bilbokoa, Intxaurrondokoa…

Artzain Eguneko txapelketan parte hartzeko ohitura al duzu?
Bai, baina azkenaldi honetan ez dut joaterik izan. Nire gurasoak joan dira nire ordez. Dena den, askotan izan naiz Legazpin: hasieran gazta saltzera eta ondoren lehiaketara bakarrik.

Ordiziako iraileko azoka berezira urtero joaten zara, ezta?
Herriko ferian bakarrik saltzen dut gazta. Gainontzekoetara lehiatzera bakarrik joaten naiz. Izan ere, gazta etxetik saltzen dugu. Ordiziako lehiaketa umetatik ezagutzen dut. Umetan euskal oilo lehiaketan parte hartu nuen eta ondoren gaztarekin hasi nintzen.

Nola ikusten duzu jaia?
Nik oso bizi ikusten dut, baina beharbada ez naiz horretaz hitz egiteko pertsonarik egokiena. Egun hori, niretzat, jaietakoak baino garrantzitsuagoa da. Ez diot akatsik ikusten. Beno, iaz olagarro dastatzea antolatu zuten eta gazta pintxo saltzaileei kalte handia egin zien. Ez dut ezer galegoen aurka, baina Euskal Jaian olagarroa saltzea…

Egunen batean Ordiziako lehiaketa irabaziko bazenu…
Nire ametsa da. Sekulako ilusioa egingo lidake. Irabazi dutenek halako sentsaziorik ez dagoela diote. Izan ere, Ordiziako lehiaketa da garrantzitsuena Idiazabal gazta egiten dugunontzat. Urte batean laugarren saria lortu nuen, eta sekulakoa izan zen.

Mendiko artzaintza defendatzen duzu. Zergatik?
Behartuta hasi nintzen, ez baitut terrenorik. Ugalketari garrantzia handia ematen zaio gaur egun, ardiek gero eta esne gehiago eman dezaten. Baina horretarako datu asko hartu behar dira, eta mendian ezin da ardien kontrol zorrotz hori egin: nahiz eta zuk aharirik ez bota, aldamenekoak etor daitezke. Eskolan ugalketa kontrolatzearen garrantzia irakatsi zidaten, baina mendiko artzaintza ezagutu nuen eta mendiko ardia nahiago dut. Ez du besteak bezainbesteko etekinik ematen, baina inguru zailago batean bizitzera ohituta dagoenez, gogorragoa da. Behar gutxiago ditu eta jasangarriagoa da. Ez du horrenbeste pentsu behar eta bere burua zaintzeko gai da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>