Azul Gonzalo: «Herrialde bakoitzak dituen ezaugarriak zerbaitegatik ditu; ez nituzke aldatuko»

Azul Gonzalo (Rosario, 1981) argentinarra da. Maitasunak ekarri zuen Euskal Herrira, bere senar donostiarra ezagutzera etorri zen lehenengo aldian. Gaur egun, Gabirian bizi da. Herriko ostatuan lan egin badu ere, gaur egun ikasten ari da.

Zer asmorekin etorri zinen Euskal Herrira?
Argentinan mutil euskaldun bat ezagutu nuen, eta hasiera batean, harekin egoteko asmoarekin etorri nintzen. Bi hilabete ingururako etorri nintzen 2008ko abuztuan. Ez nekien zer gertatuko zen. Hasieran Valentzian egon nintzen hilabete inguru, bertan dudan osaba batekin, baina gero hona etorri nintzen.

Zer da etorri zinenean gehien harritu zintuena?
Egia esan ez nuen inguruarekin gehiegi pentsatu etorri nintzenean, berdintsu zitzaidan. Naturaz inguratuta dagoela gustatu zitzaidan gehien: berdin da non bizi zaren, 15 minutura gehienez naturaz inguratuta egon zaitezke.
Jende oso primitiboa dagoenaren mitoa ere ezaguna nuen, nire aitak ere hala esaten zidan, baina ez da horrela. Herri kirolak eta antzerakoak ez dira basakeria; zentzuzkoa da horrelako ingurune batean halako kirolak sortzea, naturaz inguratuta dagoelako eta lan egiteko modutik etor daitezkeelako.

Nolakoak iruditu zaizkizu euskaldunak?
Jende itxiaren fama duzue, eta tira, agian pixka bat bai; itxia baino gehiago erreserbatua esango nuke. Baina normala iruditzen zait pasa dituzuen egoeren ondorio izan daiteke…

Eta euskara?
Hizkuntzarekin esperientzia txar xamarrak izan nituen hasieran, baina ari naiz euskaraz ikasten. Zailena, gainera, euskalkiak dira: ustez euskaraz badakizunean, ondoko eskualdera joan eta ez diet askorik ulertzen… Baina oso polita iruditzen zait aniztasun hori.

Zer ekarriko zenuke Argentinatik?
Ez zaizkit galdera horiek gustatzen. Herrialde bakoitzak dituen ezaugarriak zerbaitegatik ditu; ez nituzke aldatuko.

Argentinan ere hemengoa adinako krisialdi ekonomikoa jasan zenuten…
Bai, krisialdi hau baino handiagoa ezagutu dut han, eta ez nau gehiegi beldurtzen honek. Herria krisialdi egoera honen aurka mugitzea da garrantzitsuena: kalera atera beharra dago horrelako uneetan.

Oraingoz Goierrin geratzeko asmoa al duzu?
Bai, gustura nago hemen. Senarra eta biok ikasten ari gara orain eta ingurua gustatzen zait. Nork daki, behin hona etortzera ausartu banaiz, ez da hain zaila berriro beste nonbaitera mugitzea, hasi artekoa da… Baina ez, momentuz oso gustura nago hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>