Matxain eta Urdangarin: lotsa gutxi eta hatzak arin

Ander Matxain eta Mikel Urdangarin trikitilari goierritarrek Hitzaro Euskara Elkartearen Ordizia Kantuz ekimenean parte hartu zuten asteartean. Gaintzako eta Beasaingo gazte hauek kontzertua eskaini zuten Garagartza plazan. Duela zazpi urte hasi ziren elkarrekin saioak egiten eta ibilbide polita osatzen ari dira.

Matxainek 20 urte ditu eta Urdangarinek 18 egingo ditu urtea amaitu aurretik. Gaintzarra Euskal Filologia ikasten ari da Gasteizen eta Beasaindarra, berriz, Filosofia Donostian.

Aspalditik ezagutzen dute elkar, euren gurasoak lagunak baitira. Duela hamar bat urte Matxain soinua jotzen hasi zen eta Urdangarin, berriz, panderoa. Koldo Iparragirre beasaindarra izan zuten maisu. Gurasoek antolatutako bazkarietan hasi ziren elkarrekin jotzen. Oholtza gainera gutxitan igo dira eta gehien atsegin dutena sagardotegietako giroa da, baina gaztetxeetan eta kuadrillen bazkarietan eta afarietan ere aritu izan dira.

Urdangarinek euren ezaugarri nagusia naturaltasuna dela dio. «Garen bezalakoak azaltzen gara. Lotsarik gabe. Natural. Jendearekin harremanetan egotea gustatzen zaigu, eta plazagizonak gara».

Hori da, hain zuzen ere, bere ustez trikitilari on batek behar duen ezaugarrietako bat. «Trikitilariak alaia izan behar du eta giroa sortzen jakin. Horretaz gain, bere musika-tresna menderatu behar du, noski», aipatu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>