Kordoban (Espainia) desagertutako bi anai-arreben kasuarekin lotutako ikerketen harira, eta Las Quemadillas finkan aurkitutako hezurrak gizakienak direla argitu zuenetik, Francisco Etxeberria auzi medikua (Beasain, 1957) denen ahotan dago. Baina Etxeberriak hamaika ikerketa garrantzitsutan parte hartu du: Lasa eta Zabalaren gorpuak identifikatu zituen, adibidez. Egun, 36ko gerran eta Txileko diktaduran desager arazitakoak aurkitzea du helburu. Gainera, berriki, Aldundiak ustez lapurtuak izan ziren haurren afera argitzeko eskatu dio berak zuzentzen duen Aranzadi elkarteari. Azaroaren 7an Beasainen hitzaldia egingo du, Beasainen 36an fusilatutakoen inguruan.
Kordobako haurren afera dela eta, komunikabide guztien ahotan izan zara.
Ez nuen uste inoiz, kazetariengandik ihesi, auto baten atzealdean ezkutatuta joan beharko nuenik. Dena den, bestelakoan, ez da gogorra izan. Lanari berari dagokionez, oso erraza izan da. Ez dut inongo zalantzarik izan. Ezagutza eta prestaketa kontua da. Ikatzezko lokomotora bat eta elektriko bat bereiztea bezain erraza izan da. CAF enpresako edozein langilek bereiziko lituzke.
Ustez lapurtuak izan ziren haurren afera argitzeko eskatu dizue Aldundiak.
Gure ustez hobekien prestatuta dauden bi pertsonak aukeratu ditugu, eta independentzia osoz lan egin behar dute. Eva Garcia historialariak Fraisorori buruzko liburua idatzi zuen, eta Laura Pego abokatuak Saturrarango emakume kartzelari buruzkoa. Ba al dago inor hoberik lan hori egiteko?
SOS Haur Lapurtuak elkarteak gogor kritikatu zituen Legebiltzarrean egin zenituen adierazpenak. Ez al zara horrek ikerketa baldintzatuko duen beldur?
Ez luke zentzurik izango. Nik frankismo garaian haurrak lapurtu ziren frogarik ez dagoela esan nuen. Orain, ikerketa honen bitartez, froga horiek bila ditzakegu. 80ko eta 90ko ume lapurretei dagokienez, ez dut uste izan zirenik. Ertzaintzak eta fiskaltzak urtebete eman dute lanean eta ez dute aztarnarik aurkitu. Dena den, gertaerak ikertu egin behar dira. Inork ez dezala zalantzarik izan:?frogak agertzen badira, nik neuk jarriko ditut agintarien eta SOS Haur Lapurtuak elkartearen esku.
Hamaika auzi garrantzitsutan lan egin duzu. Zein izan da zirrararik handiena eragin dizuna?
Lasa eta Zabalaren auziak: estatu terrorismoaren krimenak, ETAren aurkako gerra zikina deitu zen hori. Mundu guztiak zekien funtzionarioak, diru publikoarekin eta agintari politikoen ezagutzarekin, hilketa horiek egiten ari zirela. Baina gorpuak aurkitu genituen arte, ez genuen frogarik izan.
Zein izan da zure lan ibilbidean izan duzun pozik handiena?
Giza eskubideen aurkako zenbait jarrera poliki-poliki desagertu egin dira. Horretan zertxobait eragin izana oso pozgarria da. Gainera, Medikuntza fakultateko irakasle izateak ikasle bikainak ezagutzeko aukera ematen dit. Gazte horiek gu ordezkatuko gaituzte eta oso ondo egingo dute.
Eta zein izan da urte hauetan guztietan jaso duzun kolperik gogorrena?
Umetatik ezagutzen dudan jendea komisarian atxilotuta ikustea.
Egiaren bila lan egiten duzu. Inoiz mehatxurik jaso al duzu?
Mehatxu zuzenak jaso ditut eta baita idatzizkoak ere, baina sekula ez diet kasurik egin. Zenbait epaileren babesa nuen. Dena den, behin autoa erre zidaten. Estatu terrorismoa egiten duten ber-berek erre zuten. Nire lankide bati lehergailu bat jarri zioten. Orduko hartan egin zuten lehen aldiz geldialdia Gipuzkoako Probintzia Auzitegian.
Hori guztia ikusi ondoren, gizateriarengan fedea al duzu oraindik?
Institutuko filosofia irakasleek gizakiok berez zintzoak garela zioten, baina hori ez da hala. Gizakiok moldagarriak gara, eta kulturaren eta hezkuntzaren bidez moldatu egiten gara. Horri esker, gehienetan, arrazoizko portaera dugu. Baina enpatia galtzen badugu, hau da, besteen tokian jartzeko ahalmena galtzen badugu, min handia egiteko gai gara.
Zertan lan egiten ari zara egun?
Lantzean behin Txilera joaten naiz; Pinocheten diktadurak desager arazitakoen ehunka kasu ikertzen ari naiz. Dena den, krimenik lazgarrienak Mexikon eta Kolonbian ikusi ditut: motozerraz zatikatutako jendea. Hemen, berriz, frankismoaren biktimen inguruko hainbat egitasmo zuzentzen ari naiz. Gorpu asko ari gara ateratzen hobi komunetatik.
Zergatik zaizu erakargarria zure lana?
Gizakiak egin ditzakeen gauza ikaragarrienen arrazoia ulertzeko aukera eskaintzen didalako. Horrek ez du esan nahi ekintza horiek justifikatzen ditudanik, noski. Kasu guztietan zerotik abiatzen gara eta argia ikusi arte osatzen dugu ikerketa. Kobazulo batean sartu eta ordura arte beste inork ikusi ez duen zer edo zer ikustea bezala da.
Luzaroan ikusten al duzu zure burua halako lanetan?
Urte askotarako lana dago. Gainera, argitu gabeko kasu asko dago, eta noizean behin berraztertu egin behar dira.
Arantzik ba al duzu?
Ez eta, gainera, ez dut inoren aurkako mendeku goserik. Langilea izatea enpresa bateko kudeatzailea izatea bezain garrantzitsua da. Hori Beasainen ikasi nuen.
Zerk uste duzu bultzatu zintuela auzi mediku izatera?
Medikuntza sozialaren barne dago, osasun publikoarekin eta prebentzio medikuntzarekin batera. Garai hartan espezialitate hau ez zegoen batere antolatuta, eta gauza asko egiteko aukera eskaintzen zuen. Gizakion eguneroko gatazketan esku hartzeko eskaintzen duen aukerak eta etengabeko ikerkuntzak, ezagutzen ez dudan hori esploratzeko dudan zaletasuna garatzeko aukera eskaini zidaten.
Zer esan zuten zure ingurukoek auzi medikua izan nahi zenuela esan zenienean?
Zalantza eta beldurra erakutsi zuten. Izan ere, auzi medikuntza diktaduraren irregulartasunei oso lotua zegoen. Baita frankismoaren oinordeko zen justizia administrazioaren fidagarritasun ezari. Eremu ezezaguna zen: epaile eta fiskal asko kanpotik etorriak ziren eta ez zuten Euskal Herrian gelditzeko inongo asmorik.