Bat eta bat

Inazio Usarralde
Triste nagon, Joxepa. Ezin dinat burutik kendu Barakaldoko pasadizoa, etxetik kaleratzera zihoazenean leihotik bere burua bota duen Amaia Egañarena. Gorputz osoa dardara batean jartzen zaidan zer mundu egiten ari garen edo, hobe esanda, egina dugun ikusita. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, egunean bederatzi desjabetze gertatu omen ditun, bataz beste, Hego Euskal Herrian. Leihotik jauzi egitea burutik pasa zaien 1.620 familia!

Azken batean, etxebizitza eskubideaz ari gaitun. Aizan, oinarrizko giza eskubide bati buruz teorikoki, ezta? Negua gainean dugun honetan, negu gorria iragarri diten etxe askotan. Gorria ez ezik beltza ez ote zaigun bihurtuko!

Eta? Bien bitartean, guk zer? Agintariak orain hasi ditun «zerbait egin beharra dago» esanez, eskuak burura eramanez. Hauteskunde kanpaina pasatu berri dinagu. Nik ez zionat inori gai honetaz proposamen zehatzik entzun. Hik? Eta herritarrok –bai hik eta bai nik, esaterako– zer egin behar dinagu?

Besoak gurutzatuta «ai ama»ka segi? Zer egin behar dinagu guregandik hurbil, gure herrian edo, are! gure seme edo alaba batek leihotik jauzi egin arte ezer egin gabe segi?

Joxepa, triste nagon. Ezin dinat burutik kendu honelatsu esango zukeen abesti bat: “Kontatu didate gure Lazkaon Gurutze eta Hirigoien karrikaren kantoian, negu gorrian, Inaxiok, gauero, jendeari otoi eskatzen aterpea bilatzen duela bilutsirik daudenentzat”.

Joxepa Madariaga
Zenbat galdera, zenbat buruhauste, zenbat pena! Ez zakiat tristura bakarrik den sentitzen duguna. Tristura eta inpotentzia. Mundu krudela egin diagu, kontsumoa oinarri. Kontsumoa diagu oinarri eta oinarrizko baloreek, oinarrizko eskubideek huts egiten zigutek. Eguneroko bizimoduaren gurpila zoratuta zarabilkiagu bueltaka, eta gu bertan gabiltzak, estu eta larri. Ez dik balio gutxirekin bizi gaitezkeela esateak, ezinezkoa zaiguk egin dugun gizartean gutxirekin bizitzea. Baina, altxa burua, Iñaxio! ez gaituk-eta gu errudunak. Egia duk krisi garai honetan larritasunik gabe bizi garela asko eta asko, tartean hi eta ni. Baina ez gaitzatela gu errudun egin, ez gaituk eta.

Gu baino zakur handiagoak, banketxeak, laguntzak jasotzen ari dituk eta, beharra dutenen eskura jarri ordez, egurra ematen zietek. Lepoan soka jarri eta estutu. Horixe egin ziotek Amaiari eta honek, etsita, bueltarik ez duen erabakia hartu dik, erabakia harrarazi ziotek bankuek.

Besteak beste, gaur egun kartzeletan dauden presoak kaleratu eta benetako lapurrak sartzen hasten garenean hasiko gaituk krisiari buelta ematen. Bitartean ez.
Geure eguneroko bizitzan, krisi garai honetan gauza bakarra egin zezakeagu: munduaren martxa zoroari galga jarri, kontsumo itsuari alde egin eta gauza txikiei erreparatu, baloreetan hezi, maitatu, errespetatu, lagundu, gozatu… handinahikeriari trabak jarriz.

Eutsi goiari, Iñaxio! eta saia gaitezen mundualdia gozatzen eta ondorengoei ondare txukun samarra uzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>