Joxe (Ataun, 1934) eta Jazinto (Ataun, 1937) Urrestarazu anaiak txirrindulari bikainak izan ziren. Zaharrenak Loroñorentzat lan egin zuen, besteak beste, eta hamar aldiz parte hartu zuen Espainiako itzulian. Gazteena, berriz, oso azkarra zen eta makina bat lasterketa irabazi zituen. Bizikleta utzi ondoren, Joxek kafetegia ireki zuen Lazkaon eta Jazinto taxi-gidaria izan zen.
Noiz izan zenuten lehen hartu-emana bizikletarekin?
Joxe Urrestarazu: 14 urterekin Beasaingo Estanda enpresan lan egiten nuen, 12 ordu egunean. Anaiak, berriz, harrobian. Lanera joateko erosi genuen bizikleta. Aitak ez zuen bizikletarik.
Jazinto Urrestarazu: Garai hartan autobusak gasogenoarekin ibiltzen ziren. Atzean zuten biltegia. Autobusaren atzetik joaten ginen, baina biltegia gurpilarekin ikutuz gero, akabo! Gurpila lehertu egiten zen beroarekin.
Nolatan hasi zineten lasterketetan?
Joxe.: Herriko lasterketetan parte hartzen hasi ginen eta ondo moldatzen ginela konturatu ginen: denak irabazten genituen. Serio hasi ginenean, Alegiko Marotiasengana jotzen genuen material bila. Primerako bizikletak egiten zituen. Europako ospetsuenetakoa zen. Baionara ere joaten ginen.
Jazinto: Irunera bizikletan joaten ginen eta han hartzen genuen trena. Ondoren, muga bizikleta berriaren gainean pasatzen genuen. Hala, ez ziren konturatzen erosi berria zela eta ez genuen muga-zergarik ordaindu behar izaten.
Garai hartan bizikletak sekulako garrantzia hartu zuen.
Joxe: Bizikleta erosteko aukera izan aurretik jendea Ataundik CAFera egunero oinez joaten zen. Ondoren jendea txirrindua erabiltzen hasi zen. Gu ikustera herriko jende asko joaten zen, gehienak bizikletan:?Bergarara, Zumarragara…
Herriko idoloak zineten.
Jazinto.: Dirurik gabeko idoloak, baina dirua ez da dena eta…
Zein taldetan aritu zineten?
Jazinto: Mobylette-Caobania, Palmera, Olarra, Kas, Brandy Majestad, Ordiziako Boxing, René Marigil… Loroño, Talamillo, Uriona, Barrutia, Velez eta Morales anaiak gure taldekideak izan ziren, besteak beste.
Zein da ezagutu duzuen txirrindulari onena?
Jazinto: Igotzen, Bahamontes eta Julio Jimenez.
Joxe: Loroñorekin asko ibili ziren. Gizon ona zen, baina berekoi samarra.
Jazinto: Garai hartan herrietan belodromo kaxkarrak egiten zituzten. Oholek dantza egiten zuten, eta Loroñok nirekin aritu nahi izaten zuen. Pistako bizikletek ez dute balaztarik eta aldagailurik, baina Loroñok balaztadun eta aldagailudun bizikletarekin aritzea eskatu zuen, bestela ez zuela parte hartuko. Denok arriskutan jarri gintuen.
Zein zen zuen jarduna talde barruan?
Joxe: Nire zeregina taldeburuarentzat lan egitea zen. Arnas luzekoa nintzen. Anaia, berriz, oso azkarra zen. Lasterketa asko irabazi zituen. Ni besteei laguntzen ibiltzen nintzen beti, Espainiako Itzulian-eta.
Jazinto: Nik Andaluziako itzulian zortzi etapa irabazi nituen! Getxon, Bilbon, Catalunyako Voltan… ere irabazi nuen. Baina 25 urterekin giltzurrunean arazoa izan nuen eta txirrindularitza utzi behar izan nuen.
Joxe: Nik ere irabazi nituen lasterketa batzuk:?Villabonan, Elizondon, Zumarragan bitan… Hamar aldiz parte hartu nuen Espainiako Itzulian. Tourrera herrialdeka joaten ginen eta, hautatuen artean egoten nintzen arren, entxufaturen bat eramaten zuten beti nire ordez. Kas taldearekin ere joatekoa izan nintzen, baina gaixo jarri nintzen. Behin, Suitzako Itzulian bikain aritu nintzen. Zuzendariak itzulia bukatzearen truke dirua agindu zidan eta, azkenean, etxera itzultzeko dirurik ez nuela esan behar izan nion diru apur bat jaso ahal izateko.
Ez zen diru asko irabazten, beraz.
Jazinto: Kas-ek sekulako taldea osatu zuen oso diru gutxirekin. Fagor taldea sortu zenean hasi zen Kas txirrindulariei ondo ordaintzen.
Joxe: Dirua itzulietan irabazten genuen batez ere, emaitza onak lortzeagatik.
Nolakoak ziren entrenamenduak garai hartan?
Joxe: Gogorrak. Iruñara, Lizarrara, Urbasara, Gasteizera… joaten ginen. Dopinik ez genuen ezagutu.
Jazinto: Noizean behin Simpatinaren bat hartzen genuen. Ikasleek hartzen zuten hori, lorik ez hartzeko.
Lasterketa mundua utzi ondoren, bizikletan ibiltzen jarraitu al zenuten?
Joxe: Ordutik gutxi ibili gara bizikletan. Ehizan ibili naiz asko.
Jazinto: Nik egunero hamar bat kilometro egiten ditut, baina oinez. Bizikletarekin errepidean ibiltzea oso arriskutsua da egun.
Lasterketak ikustera joaten al zarete? Egungo zein txirrindulari atsegin dituzue?
Jazinto: Igor Anton hobeto ibiliko zela uste nuen. Perurena eta Lasa sekulakoak izan ziren.
Joxe: Niri Indurain gustatu zait gehien, baina hori esatea ere…
Zer diozue dopinaz?
Jazinto.: Txirrindularitzan sekulako nahastea dago. Beldurra ematen du gai horri buruz hitz egiteak. Egunero gauza berri bat ateratzen da. Txirrindulari arruntek ez dute ezer hartzeko aukerarik eta onek bai. Hala, aldea handiagoa egiten da. Ullrich-ek Armstrong-ek hartzen zuelako hasi zela esan du orain.
Eta egungo bizikletez?
Jazinto: Egungo bizikletak oso onak dira, baina guk Kas taldean erabiltzen genituenak ere bikainak ziren. Massi markakoak erabiltzen genituen. Italiara joaten ginen bizikleta bila. Behin, poliziak gelditu gintuen hiri barruan argi luzeekin gindoazelako. Bisera pare bat eman genizkien eta joaten utzi ziguten.
Joxe: Makina bat pasadizo ditugu, baita tristeak ere. Catalunyako Voltan, lan ona eginez gero, diru asko emango zigutela agindu ziguten Kas taldekoek. Carmany taldekideak irabazi zuen eta, garaipena ospatzen ari ginenean, bere anaiak bere buruaz beste egin zuela esateko deitu zioten.