100 urteko eskola

Gabiriako Balentzategi eskolak 100 urte bete ditu eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte mendeurrena ospatzeko. Ane Miren Aizpuruk txikitatik du lotura eskolarekin, bertako ikasle ez ezik, ia 30 urtez bertako zuzendaria baita.

Inork gutxik ezagutzen du Gabiriako Balentzategi eskola Ane Miren Aizpuruk bezain ondo. Izan ere, bertako ikaslea izan zen eta, dagoeneko, ia 30 urte daramatza zuzendari lanean. Gainera, ikastetxean bertan bizi da.

100 urte bete dituen eraikina Eustakio Balentzategi gabiriar indianoak emandako diruarekin eraiki zuten, eta ikastetxeari haren izena eman zioten. Balentzategi Kuban aberastu zen eta, itzuli zenean, eskola egiteko dirua eman zuen. Eraikitze lanak gertutik jarraitu zituen, gainera. Ordura arte udaletxe ondoko eraikin batean hartzen zituzten eskolak herriko haurrek.

Balentzategi ikastetxeak hiru solairu ditu. Hasiera batean, behean bi gela handi zeuden, eta goian irakasleen etxebizitzak, helburua azken horiei erraztasunak ematea baitzen. Gaur egun, zuzendaria ere bertan bizi da, eta dagoeneko oso ikastetxe gutxitan gertatzen da hori. Gabiria da garai bateko izpirituari heltzen dion bakanetakoa.

Beste gauza batzuk asko aldatu dira, ordea. Duela mende bat 6 urterekin hasten ziren haurrak eskolan, eta egun, berriz, 2 urterekin hasten dira. Gainera, mutilak eta neskak bereizita egoten ziren, gela banatan. «Ni hasi nintzenean oraindik hala zen», aipatu du Aizpuruk.

14 urte bete arte Gabirian bertan ikasten zuten herritarrek, baina OHO garaian, 6. mailan, Ormaiztegira joan behar izaten zuten. Egun, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dituzte Gabiriako herri eskolan.

Beste aldaketa handi bat euskararekin lotutakoa da: garai batean eskolak gaztelaniaz ziren eta, egun, euskaraz. «Leongo maisu bat zegoen Gabirian, eta hark alde egin zuenean hasi ginen D ereduarekin».

Leongoaren ondoren, beste irakasle batek bi urte eman zituen Gabirian, eta 1985ean Aizpuruk hartu zuen ardura. «Ni hasi nintzenean bi gela zeuden: batean 3 eta 6 urte bitartekoak zeuden, eta bestean gainontzekoak. Egun, berriz, lau ikasgelatan banatuta daude. Lehen Hezkuntza osoa hemen eskaintzea erabaki genuen eta ez gara damutzen; herriarentzat aberasgarria izan da, gainera». Horren adierazle da ikasle kopurua. «Azken 25 urtetako batez bestekoa 25 ikaslekoa da, baina azken zortzi urtetakoa 50ekoa. Kopurua bikoiztu egin dugu».

Ikasle kopuruarekin batera egin du gora Balentzategiko langile kopuruak ere. Egun, hamabi dira Balentzategin lan egiten dutenak: lau tutore; ingeleseko, musikako eta gorputz hezkuntzako espezialistak; aholkularia; erlijioko irakaslea; jangelako arduraduna eta bertako bi zaintzaileak.

Jangela ere badute 60. hamarkadatik, eta hala, bakoitzak bere etxetik janaria eramateko ohitura kendu zuten. Gaur egun, haurrek herriko ostatuan bazkaltzen dute. «Kopuru handia da bazkaltzera gelditzen dena: 48 kidetik, 40 geratzen dira bazkaltzen».

Eraikina udalarena izan da beti. Garai batean etxe erdia kultur etxean izan zen eta beste erdia eskola. Egun, hezkuntzak toki handiagoa du. Beheko solairuan Haur Hezkuntzako bi gela daude, erdikoan Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko gelak eta goikoan hirugarren zikloa eta irakasleen gela. Lehen nesken gela zena, dantzarako, musikarako, psikomotrizitaterako, eskulanetarako, ekintza osagarrietarako… erabiltzen dute.

Irakasle gehienak emakumezkoak dira. Garai batean, berriz, mutilena gizonezkoa zen eta neskena emakumezkoa. Irakasle gehienak kanpotik iristen ziren Gabiriara, eta oso gazte etorritako batzuk Aizpurutarren etxean bizi izan ziren. Hala, ez da harritzekoa egungo zuzendariari umetatik irakaslea izateko grina piztea. Gainera, bere amaren izeba bat irakaslea izan zen Gabirian bertan.

Aizpuruk, baina, ez zuen jaioterrian lan egiteko asmorik. «Lehen urtea Donostian eman nuen eta ondorengo biak Ormaiztegin. Oposaketetarakozerrendan, lehen aukera bezala Ormaiztegi jarri nuen eta bigarren aukeratzat Gabiria. Herrian lan egitea egokitu zitzaidala esan zidatenean ez nintzen batere poztu, baina ondo moldatu naiz. Harrezkero, tokiz aldatzeko aukera izan dut, baina ez dut Gabiria utzi».

Herri txikia da Gabiria eta horrek alde onak eta txarrak ditu irakasle lanerako. «Onerako eta txarrerako, denok elkar ezagutzen dugu. Eskola aurrera ateratzen eta herrira etorritakoak gabiriar sentitzen saiatu naiz. Azken zeregin honetarako, uste dut mesedegarria izan dela ni gabiriarra izatea». Etorkizunean ere horiek izango dira helburuak: haurrak heztea eta eskolaren bidez herritarren arteko hartu-emana indartzea.

Mendeurrenerako prestatu dituzten ospakizun ekitaldiak ere horretarako lagungarriak izango dira. Abenduaren 14an, 15ean eta 16an egingo dituzte ospakizun ekitaldiak, eta bertan elkartuko dira egungo ikasleak eta irakasleak eta aurretik Balentzategin aritutakoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>