Joseba Arruabarrena: «Londreseko gizartean sartzeko gakoa hizkuntza da, Euskal Herrian bezala»

Hemezortzi urte darama Joseba Arruabarrenak (Lazkao, 1972) Londresen. Ikasketak bukatutakoan New Yorkera joateko prestatzen hasi bazen ere, gertutasunagatik Ingalaterra aukeratu zuen. Lanerako ingelesa ikastea zuen helburu.
Zerbitzari lanetik Paribas banketxera jauzi egin zuen, kontabilitatea ikasi eta gero. Handik Oxford Film&Television ekoiztetxera, eta han BBC telebistako ateak ireki zitzaizkion.

Zenbat aldatu zitzaizun bizimodua Lazkaotik Londresera?
Ingalaterrako kulturak, alde batetik, antza handia du euskal kulturarekin. Ingelesa oso organizatua eta errespetutsua da. Sozietate txikietan mugitzen da; sartzeko eta onartzeko oso zailak diren arren, behin barruan zaudenean beraietakotzat hartzen zaituzte. Sozietate honetan, hor bezala, hizkuntza da gakoa. Baina Londresen munduko kultura guztiak aurki ditzakezu. Hori izugarrizko zortea da; geroz eta jende desberdin gehiago ezagutu, kulturalki orduan eta aberatsago zara.

Eguneroko bizimodua nolakoa egiten duzue hirian?
Suposatzen dut hemen eta han antzekoa dela: etxetik lanera, eta lanetik etxera. Astebukaeran beti egiten dugu zerbait. Londresen jaialdi asko egon ohi da, zinemaldiak, musikaldiak, antzerkia… Asko gustatzen zaigu ahalik gehiena aprobetxatzea. Semeei ere asko gustatzen zaie landa. Somerset-era joan ohi gara; haiek animaliak ikusi eta zelaian jolastera, eta gu sagardoa edatera. Ondo etortzen da hiritik ihes egiteko.

Zer duzu gustukoen hirian?
Aukera. Urteko 365 egunetan, 24 orduetan irekita dago. Beti daukazu zerbait egiteko aukera, eta beti aurkitzen duzu harrituko zaituen taberna, denda, antzerki berri bat.

Eta, horrenbeste gustatzen ez zaizunik, zer du Londresek?

Distantziak. Hiria ia Gipuzkoa bezain handia da. Edozein lekutara joateko ordu bat, gutxienez, behar duzu. Norbaitekin elkartzeko denborarekin antolatu beharra daukazu.

BBCn lan egiten duzu. Zertan?

BBCren produkzioetako finantzak kontrolatzen ditut. Berak egiten dituen programetan, aurrekontua mantentzen dela ziurtatu beharra daukat, eta legalki edo editorialki papeleo guztia ondo eginda dagoela. Oso interesgarria da. Adibidez, Olinpiar Jokoetan, Eurovision-en edo musika kontzertuetan lan egin dut. Gogorra ere bada, dirurik ezin dutela gastatu esan beharra daukat eta.

Ingalaterrako gizartea goitik behera ezagutuko zenuen…

Television Centretik —BBCren pirulia— jende ospetsu asko pasatzen da. Jenifer Lopez edo Beyonceren performazio bereziak ikusteko aukera eman dit. Interesgarria da ikustea ospetsuen jarrera nola aldatzen den kamera itzali bezain pronto. Baina benetan inspiratu nauen jendea Olinpiadetako eta Paraolinpiadetako kirolariak izan dira; kirolari dioten dedikazioa eta pasioa oso bereziak dira.

Familiarekin Lazkaon izan berri zara. Zer diote umeek?
Bi mutikoak erabat zoratzen etorri dira. Euskal familia lehen aldiz ezagutu dute, eta konturatu dira zer garrantzitsuak diren niretzat sustraiak. Nahiz beraiek Ingalaterran jaioak izan, euskal kultura nire eta beren bizitzako parte dela ikusi dute. Betitik irakurri dizkiet euskal ipuinak ohera joandakoan. Ea Lazkaoko festetan trikitia dantzatzen duten osabekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>