Leire Larrañaga: «Liburuekin erabat txundituta zeuden, lehen aldiz ikusi zituztelako»

‘Etagukzergatikez?’ ekimeneko kidea da Leire Larrañaga. Hiru ikaskiderekin Haur Hezkuntzako praktikak egitera Nikaraguara joan zenean hasi zen dena. Leire Larrañagak (Urretxu, 1988) duela hiru urte sortu zuen ‘Etagukzergatikez?’ proiektua.

Zer da ‘Etagukzergatikez?’?
Diriamba herriko haur batzuei eskolara joateko aukera emateko, lagun talde txiki batek sortutako proiektua da.

Nortzuk osatzen duzue taldea?
Zarauzko Axier Arriagak, Oñatiko Maddi Urkiak eta Ane Picok, eta lauok.

Noiz joan zineten lehen aldiz?
Kurtsoa han otsailean hasten dute eta gu urtarrilean joan ginen. Lehenengo hilabetean eskolarik ez bazegoen ere, Faro, luz y esperanza izeneko talde bat bazen, eta arratsaldeetan herriko umerik pobre eta familiarik desegituratuenetako haurrak biltzen ziren bertan. Horrez gain, gure kasa udaleku moduko bat sortu genuen laguntza gehien behar zutenekin.

Eta ongi hartu al zintuzten?

Tira, hasieran mesfidati xamar agertu zen auzoko jendea, baina, eskola kristaua da, eta han lan egitera gindoazela jakin zutenean askoz ere hobeto hartu gintuzten.

Gauzak aldatu egin ziren ikasturtea hasi zenean, ezta?
Bai. Eskola pribatua zen eta udalekuetan gurekin egondako umeetako asko eskolatik kanpo gelditu zela ikusi genuen eskolak hasi ziren lehen egunean eta horrek sekulako inpotentzia sortu zigun lauroi. Horren aurrean zerbait egin behar genuela sentitu genuen.

Hor hasi zen proiektua?
Bai. Berehala gure etxekoei eta lagunei han zegoen egoera azaldu eta laguntza ekonomikoa eskatu genien eskolara joan ezin zitezkeen haur haiei laguntzeko.

Eta zer erantzun jaso zenuten?
Berehala jaso genuen hemengo laguntza. 30 ikasle gehiago eskolaratzeko aukera lortu genuen. Gehiago ziren eskolatik kanpo gelditzen zirenak, beraz, aukeraketa bat egin beharra izan genuen. Kanpoan gelditzen zen haur bakoitzaren egoera aztertu genuen. Gehienak gurasoek eskolaratzeko dirurik ez zutelako ez ziren joaten, baina, beste batzuk gurasoek lanerako erabiltzen zituzten haurrak, eta beste arrazoi batzuk ere bazeuden… Irizpide batzuen arabera aukeratu genituen.

Baldintzaren bat jarri zenieten eskolaratzen ziren haurren familiei?
Bai. Kurtsoa ordainduko geniela esan genien, baina, familiek ere konpromiso batzuk hartu behar izan zituzten: haurrek egunero eskolara joan behar zuten, janaritarako kordoba bat eraman behar zuten –huskeria bat da kordoba baten balioa–, azterketak eurek ordaindu beharko zituzten, eta abar.

Laguntza premia handia dago, beraz Nikaraguan.
Bai. Ertamerikako herrialderik pobreena da Nikaragua, eta gu joan ginen zonaldea oso-oso pobrea eta marjinala da. Drogek sekulako indarra dute, istilu asko egoten dira… Polizia azaldu ere ez zen egiten han inguruan. Hori bai, sekulako sinesmena dute. Guk sinesten ez genuela esan genienean ezin zuten ulertu nola geunden bizirik!

Zer garrantzia du hango haur bat eskolaratzeak?
Sekulakoa. Hango haurrei handitan zer izan nahi duten galdetu eta droga saltzaile izan nahi duela diote askok, edo lapurra beste batzuk. Penagarria da. Azkenean horiek ikusten dute lortzen dutela diru gehien eta… Joan ginenean liburuak eraman genizkien eta liburuekin txundituta zeuden, lehen aldiz ikusten zituztelako.

Haur horiek eskolaratzeko ahalegina eskertu dizuete?
Bai, ikaragarri! Guri esker asko ikasten ari zirela esaten ziguten askok, baina, eurengandik ere asko ikasi dugu guk. Ikustekoa da zein gustura joaten diren eskolara. Azkenean, eguneroko miseriatik ihes egiteko unea izaten da eskolakoa.

Eta proiektuarekin jarraitu duzue azken hiru urteetan.

Bai. Ingurukoen laguntzaz eta egin ditugun ekintza askori esker, hiru urtetan diru laguntza bidaltzea lortu dugu. Laguntza eman duten guztiei eskertu nahiko nieke, euren laguntzarik gabe ez baikenuke ezer lortuko.

Nolabait ziurtatzen al duzue bidaltzen duzuen dirua behar bezala erabiltzen dutela?
Bai. Han egon ginen hiruilabetean gurekin egon zen emakumeari helarazten diogu dirua eta berak asistentzia fitxak, argazkiak eta abar bidaltzen dizkigu. Gainera, Axier aurten bertara joan da eta dena ongi doala ikusi du. Sobratzen zen diru apurrarekin eskolan zenbait konponketa ere egin dituzte.

Egiten duzuena sarean ikusteko aukerik ba al da?
Bai: etagukzergatikez.wordpress.com blogean edo Facebooken Etagukzergatikez Diriamba orrian ikus daiteke. Eskoletan ere hasi gara egiten dugunaren berri ematen.

Zer egin behar da ekonomikoki Nikaraguara laguntza bidaltzen jarraitzeko?

Euskadiko Kutxako zenbaki honetan sartu daiteke laguntza: 3035 017059170 0247 0.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>