Titiritero baten kontuak

Josune Goenaga zumarragarrak, Euskal Herrian jaiotako beste gazte askok bezala, Alemanian lan egiten du. Baina ez du krisiak eraman bertara, aktore lana bizitzeko modu bereziak baizik. Goenaga garai bateko komedianteen modukoa da: ibiltaria. Dagoeneko Frantzian, Suitzan, Alemanian eta Marokon lan egin du eta aurki Tanzaniara joango da.

Antzerkia betidanik du gustuko eta 14 urterekin Urretxuko eta Zumarragako Karmakros antzerki taldean izena eman zuen. Batxilergoa bukatu bezain pronto Madrilera joan zen Arte Dramatikoa ikastera. «Aukera ezberdinak aztertu nituen, baina azkenean bihotzak agintzen zidana egitea erabaki nuen». Hiru urte eman zituen Espainiako hiriburuan.

Antzerkian lan egiteko bidaiatzea eta jende ezberdina ezagutzea beharrezkoa dela uste duenez, Sevillara joan zen ikastaroak egitera. Gainera, antzerki mota ezberdinak probatu nahi zituen berarentzat egokiena zein zen jakiteko eta garai hartan Andaluzian ikastaro «oso onak» eskaintzen zituztela dio.

Sevillan clown mundua ezagutu zuen, Gabriel Chamé argentinarraren eskutik, eta asko gustatu zitzaion. Bide hori jorratzea erabaki zuen. Clown-a «bere zoritxarrez barre egiten duen helduentzako pailazoa» dela azaldu du.

Ondoren, Madrilera itzuli zen. Beste bi urte egin zituen bertan. Clown talde bat sortu zuen beste aktore batzuekin batera, eta Sevillan ikasitako guztia praktikan jarri zuen. «Areto txikietan lan egiten genuen. Bertan ikusleei begietara begiratzeko eta euren erreakzioa jasotzeko aukera genuen. Batzuei gogorra iruditzen zaie, baina, nire ustez, hori da benetako antzerkia».

Ordutik, Zumarragako aktore honek Goenkale telesailean lan egin du, helduentzako eta haurrentzako ikastaroak eskaini ditu, Parisen bi urteko ikastaroa egin du, Payasos Sin Fronterasekin Marokon izan zen…

Egun, Alemanian bizi da. Das Letzte Kleinod konpainiarekin lan egiten du, baina Circus Montirekin ere aritu da. Suitzan, hain zuzen ere. Urretxun eta Zumarragan ere lan egiten du: martxoan bufoi ikastaroa eskaini zuen eta uztailean, berriz, Udaleku Musikaletan parte hartu zuen.

Urte amaiera honetan, Afrikari buruzko haurrentzako ikuskizuna eskaintzen ari da Das Letzte Kleinod taldearekin. Tren batean bizi dira eta ikuskizuna bera bagoi batean eskaintzen dute. Datorren urtean ikuskizun hori Tanzanian eskaintzeko asmoa dute.

Lehenago, otsailean, Circus Montirekin lan egingo du berriro. Lehenengo Alemania hegoaldean eta gero Kenian.

Goenaga Europa erdialdean finkatu da, berari gustatzen zaion antzerki motak (clown, varieté, kabaret, antzerki fisikoa…) hemen baino askoz ere arrakasta handiagoa baitu han. Bere mutil-laguna ere aktorea da eta biak egitasmo berean parte hartzen saiatzen dira. «Biotako batek lana lortu duen tokira joaten gara eta, askotan, besteari ere egitasmo berean lana ematen diote», azaldu du. Gainera, euren ikuskizun propioa prestatzen ari dira eta zirku ezberdinekin eskaintzeko asmoa dute.

Aktore ibiltariak dira, beraz. Lanbide horretan aritzeko asko ikasi beharko zuela uste zuelako hasi zen toki batetik bestera joaten, eta gustua hartu dio. «Antzerkia ez dela eskolan ikasten konturatu nintzen, ikusleen aurrean lan eginez ikasten da gehien. Kalean antzezten ikastaroetara joaten baino gehiago ikasten da».

Beste aktore batzuk castingetara joaten dira, baina berari ez zaizkio batere gustatzen. «Madrilen casting batzuk egin nituen, baina denbora galtzea iruditzen zait. Niri bidaiatzea gustatzen zait. Europan zehar lan egitea beti izan dut buruan», azaldu du.

Bere ametsa, zirkuarekin bidaiatzea eta familia bat sortzea da. Zorionez, bere mutil-laguna ere aktore ibiltaria da. «Zirkuan bizi diren familiak ezagutu ditugu eta inbidia sentitu dugu. Hori nahi dugu», aipatu du.

Euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta italieraz hitz egiteko gai izatea lagungarri izango zaio, noski. Alemanarekin ez da horren ondo moldatzen, oraindik.

Bidaiatzea gustuko du, baina Euskal Herria bihotzean darama. «Gurasoak, bertako musika eta giroa… falta ditut. Joan zen astean bertan herrimina sentitu nuen eta Interneten sartu nintzen. Bidaiatzea beharrezkoa dut, baina baita Zumarraga beti hor egongo dela jakitea ere».

Charlie Rivel handiaren jarraitzaile sutsua
Josune Goenaga zumarragarrak clown generoa oso gustuko du. Hau Charlie Rivel pailazo kataluniarrak sortu zuen. Hasieran zirkuko ikuskizun batetik bestera zeuden atseden uneetan ateratzen zen, baina arrakasta izan zuen eta protagonismo handiagoa lortu zuen. Goenagak Rivel miresten du. «Bera ezagutzeko aukera ez izatea pena da. Bere bizitzari buruzko liburua irakurri nuenean, negar egin nuen. Une latzak bizi dituen pertsona batek besteen barrea eragin ahal izatea sekulakoa da. Horixe da, hain zuzen ere, clown-ek egiten dutena: barrea sortzen dute, drama erakutsiz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>