Bat eta bat

munoa_gorrotxategi Ion Muñoa
«Euskaldunok gure eremuak behar ditugu, baina hau ez da gure eredua». San Tomas egunez entzun nion esaldia Donostia aldean eguna gurekin pasa zuen lagun bati. Atentzioa eman zidanez, zer esan nahi zuen galdetu nion, eta azaldu zidan han ikusten genuena ez zela berak euskal eremuetarako nahiko lukeen eredua; alegia, baserritarrez jantzi, sagardo botila eta plastikozko basoa hartu eta egun batez superbaskoa sentituz talo eta trikitixa artean sekulako legatza harrapatzea ez dela berak «euskal eremu» baterako desioko lukeen eredua.
Luze eta zabal hitz egiteko hizpidea jarri zuen lagunak. Zer nolako eremuak behar ote ditugun euskaldunok eta zein ote diren gure ereduak. Durangoko azoka aipatu zen, baita euskal selekzioaren partida ere; eta Kilometroak, eta bertsolari txapelketak, eta iraileko euskal festak, eta baita beste hamaika festa eta elkargune ere. Guztietan ikusi genituen euskal eremu horiek gure ustez beharko lituzketen alderdi baikorrak, gustukoak, egokiak… Baina baita gehiegi gustatzen ez zitzaizkigun beste hainbat ezaugarri ere.
Eztabaida luzatu zen eta zoritxarrez, hitz egin bai, baina irtenbide eta ideia argirik ez genuen aurkitu (Gozategiren, Zea Maysen eta Rafaela Carraren doinuek ez dut uste gehiegi lagundu zigutenik). Ez dakit gure lagunaren –eta ondoren gure– kezka partikularra ote den euskal eredu eta eremu horiena. Espero dut ezetz. Baina kezkak kezka, zeintzuk dira gure egunerokoan ditugun eremuak eta ereduak? Zein telebista katetan ikusi zenituzten Urte Zaharreko kanpaikadak?

Eneritz Gorrotxategi
Bada, egia esan behar badizut, laugarren kanpaikadan erreparatu genion telebistari! Hamabigarrenean, berriz, ahoan genituen mahats aleak irentsi eta topa egin genuen urte berri on bat elkarri opatuz! Eta katearen berri jakin nahi baduzu, ETB1 jarri genuela esango dizut.
Eremuaren eta ereduaren artean sortu zaizun gatazka horretan, niri zera etorri zait gogora: Joseba Sarrionaindiaren Territorio librea izeneko poema. “…Euskara da gure territorio libre bakarra…” zioena. Eta ongi erreparatuz gero, erabat ados nago esaldi horrekin.
Euskara da, dugun territorio libre bakarra. Euskal Herrian, euskararen herrian bakoitzak zehazten du bere eremua eta eredua. Norberak erabakitzen du egunerokoan norekin egin euskaraz, non jardun euskaraz… Egia da bidenabar, euskarak aske sentitzeko bidea eskaintzen digun arren, ez dugula euskara hutsean bizitzeko nahi genukeen adina aukera (horra, eredu ezberdinak ere badiren seinale).
Euskarak jolaserako bide ematen digu, komunikatzeko, ikasteko, festarako, hezteko, albokoa konkistatzeko, eta baita umorerako ere! Nahiz eta zenbaitetan, euskaraz barre egiteko gaztelera sartzea beharrezkoa dela adierazi nahi izaten diguten!
Tira, begiratu beste aldetik: egun batez superbaskoa den hori akaso, egunen batean, euskaldun izan daiteke, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>