Bi herrik desiotako auzoa

Urtsuaran1Belaunaldi askotako eskakizunak argia ikusiko zuen itxaropenarekin, duela 65 urte lortu zuten Urtsuaran auzoko bizilagunek Seguraren zati izateari utzi eta Idiazabali batzea. 1947ko abenduaren 28an irudikatu zuten jurisdikzio aldaketa, bi herrien mugan. Inuxente eguna izanik, bizikletarekin Etxegarateko bidean ikusmirara joandakorik ba omen zen, egia ote zen ziurtatzeko. Herriz aldatzea baino gehiago, auzoraino errepidea edukitzea zen urtsuarandarren nahia. Idiazabalek bete zuen hartutako konpromisoa.

Jexux Aierbe (86 urte) eta Agustina Aierbe (89) anai-arrebek segurar herritartasuna zuten, jaiotzez. Gaztetan, Idiazabalgo bizilagun izatera igaro ziren, Urtsuarango Pagoeta jaiotetxetik mugitu ez arren. «Urtsuarangoak» sentitzen dira nortasunez, oraindik, inork galdetutakoan.

Auzo-alkate izan zen Aierbetarren aita, eta Jexuxek ondo gogoan ditu garai hartako gora-beherak. Baita bi mende lehenagokoak direla kalkulatzen duen kontuak ere, auziaren sorburua izan litekeena: «Seguran, itxura denez, XVIII. mendean kaleak asfaltatzea pentsatu omen zuen udalak. Asfaltoa berri samarra izango zen, baina jende inportante samarra bizi izango zen garai hartan —Zurbano, markesa…—, eta asfaltatu omen zituzten».

Obra ordaintzeko, herritarrak hiru mailatan bereizi zituzten, ahalaren arabera. Urtsuarango 11 familia, «auzoko familietatik %40», bigarren multzoan sartu zituzten, Aierberen esanetan. «Hori ordaindu omen zuten, baina auzora kaminoa egiteko eskatu ere bai, Segurara joateko ordu eta erdi behar zutelako, mendi-bideetan eta lokatzetan».

Batzorde bat izendatu zuten auzotarrek. «Segurako udaletxera joan, eta alkateak zera bota zion bozeramaileari: ‘Zoaz etxera, han badaukazu nahiko lana, eta egin itzazu hangoak’. Bozeramailea bere maizterra zuen alkateak. Han bukatu zen dena. Maizterra familiarekin etxetik botako ote zuen ikaratu omen ziren besteak, eta kito», dio Jexux Aierbek. Gertaera horiek «XVIII. mendekoak» izango direla uste du berak.

Bi gizaldi geroago, Jexuxek eta Agustinak, gainontzeko auzokideek bezala, makina bat joan-etorri egin behar izan zuten Segurara, Santa Barbara mendiaren barrenetik. «Gerrako boladan eta ondoren, asterik ez zen izango familiakoren batek Segurara joan-etorria egin gabe, eta hiru ordu ziren bidean. Nazkatuta! Zenbat arto edo gari erein zen, zenbat area esatera, txekorren bat hiltegira eramateko gida bila… Gero, arrazionamenduan, babarruna, artoa edo garia entregatzera, deklaratutakoaren proportzioan». Eskola auzoan zeukaten.

Urtsuaran4Etxegarate sakonean dago Urtsuaran. Hain justu, Etxegarate bera Urtsuaranena da. Auzora bidea N-1etik adarra aterata egiteko eskatzen zuten. «Seguran beste gauza bat ikusten zuten, eta normala da: Etxegarateko bidera irteera eginda ez ginela gehiago Segurara joango. Bestela ere irteera guztia Idiazabalera geneukan: Beasainera geltokira, Ordiziara feriara…»

Diputazioko teknikariak ibili ziren ikusten bidea Urtsuaraindik Segurara ireki ote zitekeen, Aierbetarren aita gidari hartuta. «Segurara ailegatu zirenean, Diputaziokoak esan omen zuen gastu handia zegoela han, eta baliorik ez zuela ikusi. Irteera Idiazabalera zeukala auzoak, gero egin zen lekutik», dio Agustina Aierbek.

Hala, 1936ko gerran ibilitako gazteak soldadutzatik lizentziatuta itzuli zirenean —«haiek ausartxeagoak izan nonbait»— berpiztu zen urtsuarandarren borroka. Auzoan bozketa egin zuten, familia-buruek soilik. 14-15 baserri ziren: «Batek abstentzioa eman zuen, eta beste denek Idiazabalera aldatzearen aldekoa. Partzoneriako etxean bizi zen maizetarra zen abstenitu zena, beldurrez edo. Baina segituan esan omen zuen gastuetan besteak bezala sartuko zela». Partzoneriako lehendakaria, orain bezala orduan, Segurako alkatea zen.

Emaitza ikusirik, Idiazabalek hartu zuen konpromisoa errepidea eraikiko zuela, auzoa bere bihurtzen bazen. Baita administrazio lanen ardura ere. Espainiako Ministroen Kontseiluak 1947ko urriaren 10ean onartu zuen aldatzea. Eta Inuxente egunean zinpetu zuten Urtsuaranen bertan.

Oztopoak, ordea, ez ziren bukatu. «Gobernuaren akordioan besterik gabe desanexionatzeko esan zuen, baina auzoa noraino zen garbi jarri gabe». Horrek luzatu zuen gero auzia, sei-bat urte, errekurtso sortarekin.

Geroztik, segurarrekin ondo konpondu direla diote Aierbetarrek. «Ez dugu ezer eduki». Ez arazorik, ez hiru orduko mendi-bidean hara joan beharrik ere.

Idiazabalen eta Urtsuaranen mugan moztu zuten zinta
Igandea zen 1947ko abenduaren 28a. Egun seinalatua Urtsuaranen. Ondasun komunitateen arloan Idiazabali erantsita egon zen 1612an, eta atzera hari batuko zitzaion.
«Olea errotaren soroan hasten ziren Idiazabalen eta Urtsuaranen lurrak. Herri mugan bertan, arku bat egin zuten, adarrekin. Akordioa han irakurri zuten, eta Alejandro Cabezas Dabanek [Gobernu Zibileko idazkaria] moztu zuen zinta», gogoratu du Jexux Aierbek.
Herritarren txalo artean eta suziriak lehertuz ospatu zuten keinua. Auzoan segitu zuen festak, Idiazabalgo koruarekin eta bazkariarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>