Lazkao, astoaren herria

Astotxo1Astoak burugogor eta ergel ospea du eta asto hitza iraintzeko ere erabiltzen da. Lazkaon, ordea, asko maite dute animalia hau. Urtero Astotxo Eguna antolatzen dute eta Giasel Gipuzkoako Astozaleen Elkartea Giasel bertan sortu zuten. Aipatutako festa igande honetan izango da: lazkaotarrek lekaimeen jaiotzako astoa gurtuko dute eta, ondoren, Egiptoko Ihesa antzeztuko dute. Gainera, urtero bezala, Giaselek antolatutako asto lehiaketa ere izango da.

Elkarte honek bertako arrazaren alde lan egiten du: Enkarterrietako astoaren alde. Euskal Herriko astoa txikia eta jenio bizikoa dela adierazi dute elkartetik: hanka meheak eta belarri txikiak ditu. Astozaleak Bizkaian elkartu ziren lehenengo eta, ondoren, Gipuzkoako elkartea sortu zen. Ez da harritzekoa lazkaotarrek bultzatu izana, bertan antolatzen baia Euskal Herri osoan astoari eskaintzen zaion festa bakarra.

Enkarterrietako 100 bat asto daude eta horietako 44 Giaselek ditu, Olaberriko Urkolazahar baserrian. Jose Inazio Intsausti da bertako arduradun nagusia. Autoak saltzen lan egin zuen, baina astoen hankak autoen gurpilak baino gustukoago ditu.

Lagun bati zozketa batean asto bat tokatu ondoren maitemindu zen animalia horretaz.  «Beste batzuk Reala ikustera joaten diren bezala, niri astoekin ibiltzea gustatzen zait. Duela urte batzuk zaletasun hau izango nuela esan izan balidate, ez nieke sinetsiko», aitortu du lazkaotarrak.

Astoa modan dagoela dio. Urtero Urretxuko eta Zumarragako Santa Lutzi feriara joaten dira animaliekin, baina 2012koan, lehenengoz, jendeak euren animaliak erosteko asmoa azaldu die.

Izan ere, lursail aldapatsuak garbitzeko animalia oso egokia da astoa. «Jende askok eskatzen dizkigu astoak horretarako. Ez diegu ezer kobratzen eta eurek ere ez guri: beraiek terrenoa garbitzea lortzen dute eta guk astoari jaten ematea. Hala, denok pozik. Makinak sartu ezin diren tokietan, astoek lan bikaina egiten dute».

Dena den, abere honek ospe txarra izan du beti: tontoa, burugogorra… «Astoa ez da batere tontoa. Mandoa eta zaldia baino azkarragoa da.  Ez da sekula galtzen eta nagusia dominatzen du. Zirku gutxitan ikusten dira astoak!».

Astoa hezteko, berarekin asko ibili behar dela dio. «Baserrietan astoak amonekin moldatzen dira ondo, ogi koxkorra ematen baitiete eta eurekin ibiltzen baitira. Aitonekin gaizki konpontzen dira, makilakadak ematen baitizkiete eta lotu egiten baitituzte. Berarekin ondo moldatuz gero, abere oso langilea da astoa, eta bere pisuaren bikoitza eramateko gai da».

Astotxo2Lazkaotarrek ondo aukeratu zuten, beraz, euren animalia kuttuna. Intsaustik bederatzi asto ditu, baina Giaselen 44 bururen ardura du.  Lanak egiteko, ordea, herriko gazte batzuen laguntza du. «Astoentzako alokatu genuen baserria astoetxea eta gaztetxea da. Bertan, ukuiluaz gain, bi egongela eta sukaldea ditugu. Sei bat gaztek eta bospasei helduk lan egiten dute nirekin». Zubietako hipodromoan baino animalia eta langile gehiago dago Lazkaoko astoetxean.

Hala ere, animalia hauek lan gutxi ematen dutela dio Insaustik. «Txakurrek baino lan gutxiago ematen dute: jateko orduan eurak moldatzen dira, eta ez dago paseatzera atera beharrik».

Urtean zehar ferietara eramaten dituzte euskal arrazako astoa ezagutzera emateko. Gainera, Olentzerorekin ateratzen dira, haurrak paseatzen dituzte… Intsausti bera, asto gainean ibilitakoa da. «Txikitan dezente ibili nintzen, baserrian. Azkenekoz iaz ibili nintzen». Zaldia baino askoz ere gustukoagoa du. «Amaren jaiotetxean astoek ez zuten hamar minutu ere atseden hartzen».

Zorionez, Lazkaon behintzat, mendeetan zehar baserrietan egindako lan onaren ordaina jasotzen ari dira. Gainera, Giaselek egiten duen lanari esker, Enkarterrietako astoa dagoeneko desagertzeko arriskutik kanpo dago. Arazoa beste bat da orain: elkarteko kide gehienak adinean aurrera doaz eta gazteak behar dituzte.
Bizkaian egoera larriagoa dela dio. «Haiek oso indartsu hasi ziren eta ukuilu bikainak egin zituzten, baina gainbehera doaz. Azken txapelketan ar onenak gureak izan ziren».

Eta ez da harritzekoa, Lazkaoko astoek, Intsaustiren eta Giasel elkarteko gainontzeko kideen zainketa ez ezik, lazkaotar guztien maitasuna jasotzen baitute. Igandean erakutsiko dute maitasun hori.

Zumarragatik Santiagora Txuti astoarekin
Goierriko beste herri batzuetan ere maite dute astoa. Gregorio Zabalo zumarragarrak, adibidez, birritan egin du Donejakue Bidea bere astoarekin. Txuti du izena, eta ospetsua da dagoeneko. Erromes askok argazkiak egin zizkioten eta komunikabideetan behin baino gehiagotan atera da. Zumarragako astoaren azken abentura iazko urrikoa da: bere jabearekin batera Donostiako udaletxetik Urbasara joan zen. Animalia otzana da, baina jatun ona ere bai. Zumarragako astozaleak ez du berehalakoan ahaztuko Santiagora zihoazela lastozko kapela jaten hasi zitzaionekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>