‘Berria’ren aldeko jaialdia

pnga_erakutsi-22003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi, eta lau hilabetera sortu zen BERRIA egunkaria herritarren babesarekin. Ekainaren 21ean Berriak 10 urte beteko ditu eta urteurren borobila ospatzeko helburuz, apirilaren 12tik ekainaren 15era bitartean, Hamarnaka kontatzekoak gara lelopean 30 kultur ekitaldi egingo ditu BERRIA taldeak. Goierrin ere antolatu dute BERRIAren aldeko jaialdia: hilaren 20an, iluntzeko 20:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian izango da.

Hamar minutuko bideoarekin hasiko da jaialdia. Harpidedunekin eta BERRIAlagunekin batera, euskarazko egunkaria posible egiten duten langileen, kolaboratzaileen, iragarleen eta abarren sarearen isla izango da bideoa. Horrekin batera, BERRIA egunkariak euskarari egiten dion ekarpena ere nabarmenduko da bideoan.

Jarraian, Metrokoadroka sormen laborategiak propio sortu duen Zertarako hegoak antzezlana aurkeztuko du.  Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iñigo Ortega, Iraia Elias eta Joseba Roldan aktoreak igoko dira oholtza gainera.Saioa aurkezten, Martxelo Otamendi, BERRIAko zuzendaria izango da.

Sarrerak aurrez
Sarrerak Usurbeko antzokiko leihatilan bertan (leihatilako orduetan), eta Beasaingo Basakana tabernan eta Ordiziako Herriko tabernan eros daitezke. BERRIAlagunek eta harpidedunek 5 eurotan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak; gainerakoek 10 eurotan. Harpidedun edo BERRIAlagun txartela erakustea ezinbestekoa izango da, eta txartel bakoitzarekin bi sarrera eskuratu ahal izango dira gehienez.

Ekainak 22, Andoainen
10. urteurreneko amaierako festa ekainaren 22an egingo dute, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Ekitaldi guztiokin, hamar urteotan jaso duen babesa sendotzen jarraitu nahi du BERRIA taldeak, kalitatezko egitasmoa eskaintzeko lanean tinko jarraitzeko helburuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>