Bat eta bat

Idoia Luzuriaga
Zer da zuretzat zailena artikulu edo lerro batzuk idatzi behar dituzunean Tere? Ziurrenik askotan gaia aurkitzea, ez? Zeren, kotxean zoazela, ikuskizun aspergarri batean zaudenean, afaria egiten ari zarela, mila gai bururatzen zaizkizu. Baina gero, paper aurrean, edo ordenagailuaren aurrean hobe esanda, jartzerakoan, gai horiek ez dira agertzen, edo agertzen direnak ez dute ezer idazteko ematen, edo momentu horretan buruan daukazuna idatziz gero pasatu egingo zarela uste duzu… Dena den, niri behin eta berriro datorkidan gai bat jendeak kotxez doala keinukariak erabiltzeko duen ohitura eskasa da. Orain arte pentsatu izan dut horrelako gai batek garapenik ez duela artikulu bihurtzeko. Jendeak ez ditu kotxean keinukariak erabiltzen eta atzean edo aurrean bazoaz, zuk asmatu behar dituzu haren asmoak, hala egiten ez baduzu honek ekar ditzakeen ondorioekin, istripu bat barne. Bada, ez zuen garapenik ematen, baina bat batean eman du. Izan ere, uste dut, hori, gure bizilagunekiko eta herritarrekiko dugun errespetu eta bizikidetza ezaren isla bat gehiago dela. Ondokoekiko errespetua, enpatia pixka batek bustia izan dezakeen eragin positiboa luzuriaga_madinabeitiaizugarria da, horregatik txunditzen nau behin eta berriro horren gabeziak. Oso gutxi eskatzen du keinukariari emateak eta trafikoan duen joera egokian nabarmena da. Bada, oso gutxi eskatzen du keinu txikiak egiteak eta bizikidetzan duen eragin positiboa kontuan har genezake.

Tere Madinabeitia
Badirudi esperientzia txarren bat izan duzula keinukarien kontura (bide batez,  nik intermitente esaten diet). Hemendik hilabete batzuetara beteko dira 30 urte nik gidatzeko baimena atera nuenetik. Gogoan dut Jose Antonio zuela izena nire irakasleak, eta Talbot Horizon edo Seat Ritmo batekin ibili nintzela praktikak egiten, garai hartarako egundoko kotxeak biak. Orduan ere, azterketa Beasainen egiten zen, eta teorikoa, pista eta errepideko frogak pasatu behar izaten genituen. Hemezortzi urte bete baino lehen hasi nintzen autoeskolan, auzoko adin bereko lagun mordoarekin, eta hemezortzi urte bete eta hilabetera lortu nuen karneta, aitak ordainduta (ondo aprobetxatu zuen gero mailegua, bera gai ez zenean txofertzat ibili ninduen eta).

Ia hogeita hamar urte errepidean, eta tarte luze honetan ez dut izan aparteko gorabeherarik. Kotxeak ere izan ditut bat baino gehiago; aitaren Seat 850 horia, SS-98938 matrikuladuna eta niretzako gidatzeko benetako eskola izan zena; Renault-5 berdea, hau ere aitarena; Ford Fiesta zuria, berri-berria, neuk nire lehenengo soldatekin erositakoa… Gerora, familia osatu eta kotxe gehiago etorri ziren, handiagoak, eta azkenekoa, gaurkoa, todoterreno bat da.

Ez dakit, ordea, urte guzti hauetako esperientziak txofer hobea egin nauen, baina esan behar dizut, Idoia, keinukariekin izan dudan arazo bakarra orain dela gutxi izan dudala, todoterrenoarekin atzera jotzean, ikusi ez nuen farola bati eman nionean (ez dizut esango zenbat ordaindu behar izan nuen keinukari berria, eta eskerrak farolari ez zitzaion ezer gertatu).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>