Zergatik bai greba orokorrari

pnga_erakutsiGarbiñe Aranburu (LAB sindikatua)

Euskal herriko langileriaren egoera egunez egun okerrera doa: langabezia etengabe gora, sektore publikoaren suntsiketa, etxegabetzeak, uztailaren 7an hainbat hitzarmen desagertzen badira langileen soldatetan eta lan baldintzetan atzerapauso berriak eta abar dira gure egunerokotasuna. Euskal Herriko langileria eta herritarrak pobreziara kondenatzeko estrategia martxan da. Emergentzia sozial egoeran gaudela esan genezake.

Krisiaren hastapenetik gobernu desberdinek buruturiko politika publikoek ondorio hauetan sakondu baino ez dute egin. Politika horien helburua langileria, herritarrak eskubiderik gabe uztea da, gutxi batzuk elite ekonomiko bat aberasten jarraitzeko. Horren adierazle da IBEX 35eko enpresen irabaziak izugarri hazi direla, eta pertsona aberats eta pobreen arteko aldea gero eta handiagoa dela.

Arazoa, beraz, ez da ekonomikoa, politikoa baizik. Gasteizko eta Iruñako Gobernuak ere ez dira salbu geratzen. Eraso horiei aurre egin ez eta zenbait kasutan politika antisozial berdinak ezartzen dituzte beraien eremuan. Jakin badakite ordea, Euskal Herrian ez dutela bidea zabalik, hemen nahiko lituzketen murrizketa eta pribatizazio guztiak ezin dituztela burutu.

Patronalak ere uste zuen Madrilen oparitutako lan erreformarekin bidea zabal zabalik izango zuela, eta denborak erakutsi dio hori ez dela horrela.

Beraz, bide honetan urratsak ematen jarraitzeko mobilizazio sozialean sakatu behar da eta egoeraren larritasunaz jabeturik, beste sindikatu eta eragile sozial batzuekin batera, greba orokorra deitu dugu maiatzaren 30erako.

Grebarako arrazoi nahikoa daudela zalantzan jartzen duenik, gutxi izango da. Hori bai, krisia hasi denetik – beste hainbat greba eta mobilizazioren artean – seigarren greba orokorra dela kontuan hartuta, grebaren beharrezkotasuna baino, greba zertarako da erantzun beharreko galdera.
Ezinbestekoa da, pairatzen ari garen eraso eta murrizketa guztien aurrean erantzun bat ematea, aski dela esatea. Gure erantzun gogorrena eman behar dugu eta hori greba orokorra da.

Erantzunak emaitzak ematen ditu, baina salaketa hutsean geratzea ez da nahikoa. Horregatik, plan oso bat abiarazi behar dugu indarrak biltzeko, alternatiba aldarrikatu eta alternatibaren eraikuntzan urratsak eman behar dira. Euskal Herrian eskubide sozial eta laboral duinak bermatuko dituen eredu propioa, berria eraiki behar da. Benetako aldaketa soziala bermatuko duen eredu berria da alternatiba, Euskal jendarteak duen erabakitzeko eskubidean oinarritu behar dena.

Ez dugu ontzat ematen, elite ekonomiko bat izatea gure etorkizuna nolakoa izango den erabakiko duena. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen artean adostu behar da, euskal jendartearen eta euskal ekonomiaren mesedetan izango den, eredu sozial berri horrek bermatu behar dituen gutxieneko edukiak zeintzuk diren.

Eta hori da greba honekin bultzatuko duguna. Lehen urratsa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna egitea izango da. Gutuna, eredu sozial berri bat eraikitzeko bultzatu behar diren aldaketa sozialen aldeko borroka egiteko tresna da; instituzioen aurrean herri honen gehiengoak exijitzen dituen aldaketak aldarrikatu eta borrokatzeko tresna ere bada eta, noski, aldaketa sozial horiek bermatuko dituen erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka egiteko ere bai.

Eredu sozial berri bat ibilbide oso baten emaitza izango dela ulertuta, indarrak metatu eta prozesu sozial oso bat bultzatzea da dugun erronka. Ez da erronka makala. Greba orokorrarekin hauspoa emango diogun borroka da, jarraituko duen borroka. Guzti honegatik, maiatzaren 30ean denok kalera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>