"LOMCE legeari ez"

LOMCE_legearen_aurkako_elkPasa den maiatzaren 24an behin behineko onarpena eman zitzaion Espainiako Diputatuen Kongresuan Lomce lege proiektuari. Emendakinak aurkezteko 15 eguneko epea agortuta, berriro eramango dute lege proiektua Kongresura behin betiko onartzeko. Ondoren, lege honekin batera etorriko diren dekretu guztiak onartzeko epea zabalduko dute.

PPren gobernuak eta Wert ministroak ezarpen egutegi bat  zehaztuta dute dagoeneko. Legeari 2013a amaitzerako eman nahi diote behin betiko onarpena. Hori horrela balitz, 2014-15 ikasturtean jarriko litzateke indarrean Lomce legea Lehen Hezkuntzako 1. , 3. eta 5. mailetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 3. mailetan eta Batxilergoko 1. mailan. Hurrengo ikasturtean, 2015-16an, gainontzeko mailei eragingo lieke legeak.

Montse Alkorta Urretxu-Zumarraga ikastolako zuzendariak aitortu duenez «ezustean» harrapatu ditu lege proiektuaren onarpenak; «gizartearen  erantzuna ikusita legea atzera botako zutela uste genuen». Izan ere, Euskal Herriko zein Espainiako hezkuntza esparruko langile, eragile eta norbanako gehienak Wert ministroak aurkeztutako legearen aurka mobilizatu dira.

Atzerapausoa da legea
Euskal Herrian Euskal Eskola Publikoa, Ikastolen elkartea, Kristau eskolak, Eliz barrutiko eskola, Ikasle Abertzaleak Sortzen Ikasbatuaz, sindikatuak eta guraso elkarteak batu dira, besteak beste, Lomce legearen aurka. Zergatik? Lourdes Negredo Urretxuko Gainzuri ikastetxeko zuzendariaren iritziz, legea «atzerapauso» nabarmena da, urte guzti hauetan «irakaskuntzaren alorrean egin diren aurrerapenak» zapuztuko dituelako.

Lomce «Madrildik datorren lege bat da, eta ez du hemengo errealitatea aintzat hartzen», dio Negredok. Izan ere, PPren gobernuak proposatzen duen hezkuntza sistema berriak ez ditu tokian tokiko berezitasunak errespetatzen, eta Alkortaren hitzetan gizartearen «uniformizazioa» ekarriko du. Baina ikastolako zuzendaria harago doa. Dioenez, «hezkuntza sistema batek adierazten du zer hiritar mota nahi dugun, eta hori gobernu batek bere nahietarako erabiltzea oso gogorra da. Printzipio demokratiko guztien aurka doa».

Lomce legearen edukiari begiratuta, «kontraesanak» ugariak dira Alkortaren iritziz. Adibidez, «ikastetxeen autonomia eta espezializazioa bultzatu nahi duela dio legeak», baina praktikan ez da horrela izango, besteak beste, «kanpoko ebaluazio sistema bat ezarriko zaigu, Madrilen egingo dira gainditu beharreko frogak eta kanpoko ikuskatzaileek zainduko dituzte ikasleen azterketak».
Ebaluazio sistema ere aldatuko da, «azterketa edo rebalida asko proposatzen ditu legeak», zehaztu du Negredok. Egungo selektibitatearen antzeko lau azterketa edo rebalida egongo dira, 9, 12, 15 eta 18 urterekin egin beharko direnak. DBHko zein Batxilergoko tituluak eskuratzeko azterketa horiek gainditu beharko dira. «Gaurko sistemarekin, nahikoa da ziklo bakoitzeko ikasgai guztiak gainditzea titulua eskuratzeko», azpimarratu du Alkortak. Zentzu horretan, egokiagoak dira «jarraipeneko ebaluazioak» Negredoren iritziz, ikasleak egin duen lanaren ikuspegi orokor bat eskaintzen duelako.

Gizartearen banaketa
Hori gutxi balitz, ebaluazio mota honek «gizartearen segregazioa» ekarriko duela uste du Alkortak. Izan ere, DBH-ko 3. mailatik aurrera bitan banatuko ditu ikasleak. «Kalifikazio onenak ateratzen dituzten ikasleak DBH-ko 4. maila batera pasatuko dituzte, handik gero unibertsitatera bideratzeko. Gehiago kostatzen zaien ikasleak aldiz, 4. maila ezberdin bat egingo dute, Lanbide Heziketan amaitzeko».

Hezkuntza komunitatean benetako kezka sortzen duten gaiak dira hauek, ikasleei aukera berdintasuna ukatzen zaielako, aniztasuna deuseztatzen duelako eta gizartean pertsonen arteko mailaketa bat ekarriko duelako.

Aldaketen zerrenda, baina, luzea da. Ikastetxe bakoitzak zer ikasgai emango duen, zenbat orduz, eta nola ere Madrildik erabakiko da. Hizkuntza koofizialen presentzia gutxituko da. Ikasleak azterketa jakin batzuk gainditzera prestatu beharko dira. Horren aurrean, «ikasleak modu integralean heziko dituen sistema baten alde gaude», dio Negredok. Eskola «inklusiboaren alde gaude. Guztientzako eskola nahi dugu, anitza», gehitu du Alkortak.

Lomce legearen aurka ostiralero elkarretaratzea egiten duten Gainzurin, «8:45etik 9:00etara». Ikastolan, aldiz, orain arte ez da ezer egin. «Ez dakit zergatik gauden hain lasai», aitortu du zuzendariak. Beste komunitate batzuekin alderatuta, Euskal Herrian «zalaparta gutxi» atera dela ondorioztatu du.

LOMCE legearen aurka egoteko arrazoiak
ELA, LAB, STEE-EILAS, Ikasle Abertzaleak eta Sortzen-Ikasbatuaz LOMCE legearen aurka azaldu dira, eta «hezkuntza erreforma hau gure ikasgeletan sar ez dadin hezkuntza komunitatearen eta jendarte osoaren erantzun sendo eta zabala beharrezkoa» dela uste dute. Urriaren 12rako manifestazioa deitu dute Bilbon. LOMCE legeak ekarriko dituen ondorioak ondorengoak izango direla aurreratu dute sindikatuek:

  • Estatuaren berzentralizazioa. «Estatuaren berzentralizazioa eta Euskal Herrian gure hezkuntza erabakitzerako orduan erabateko muga inposatzea bilatzen du».
  • Merkantilizatzeko joera.«Merkatu eta enpresen zerbitzura jarriaz hezkuntza merkantilizatzeko urrats oso larria suposatzen du, hezkuntzaren helburu beharko lukeen pertsonaren eta jendartearen garapena guztiz perbertituz». Horren adibide dira DBHko aldaketak, hezkuntza ibilbideen aukeraketa aurreratzea, hautazko materien gutxitzea, Lanbide Heziketa birmoldatzea, unibertsitateko hauta frogak unibertsitateen esku uztea….
  • Euskarari eraso.«Gure nortasun, eskubide eta hezkuntza sistemaren ardatz beharko lukeen euskarari eraso zuzena suposatzen du».
  • Espainolizazioa.«Espainiar Estatuaren uniformazioa, espainolizazioa eta baliorik atzerakoienak oinarritzat hartuz adoktrinamentu ideologiko, politiko eta erlijiosorako bidea irekitzen du, modu berean, hezkuntza segregatzaile eta klasista bultzatuz».
  • Aukera berdintasuna.«Ikasleen garapen pertsonala, heziketa integrala eta aukera berdintasuna mugatzen du, oso goiz emaitza akademikoen baitan hezkuntza ibilbideak finkatzera derrigortuz».
  • Tokian tokiko beharrak.«Hezkuntza tokian tokiko beharretara egokitzeko moduak etagarapen pertsonal eta ebaluazio pertsonalizaturako aukerak mugatzen ditu eta ikastetxeen eta irakasleen lanarekiko muga eta mesfidantza handitzen du, Espainiar Estatuak erabakitako irizpideen baitan derrigorrezko azterketa orokorrak ipiniz eta ‘kanpotik’ eginiko ebaluazioak ezarriz».
  • Parte hartzea. «Hezkuntza komunitatearen parte hartzeko aukera eta bideak murrizten ditu, hezkuntzan eragile ezberdinen parte hartzea mugatuz eta ikastetxetako kudeaketa demokratikoa oztopotuz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>