Beasain, katetik katera

OLYMPUS DIGITAL CAMERABeasain industriagatik da ezaguna batez ere, baina Katea-Gudugarreta-Loinatz ibilbide honetan, industriaguneak eta baserriguneak uztartuko ditugu; zutarri historikoa dagoen lekua, Katea auzoa, kiroldegia, izango dugu abiapuntua.

Beasaingo Antzizar kiroldegitik abiatuko dugu gaurko ibilbidea, Katea auzotik. Auzoari izena ematen dion zutarria dago bertan. Beasainen historian garrantzia handia izan duen zutarria da, izan ere, 1851eta 1869 urte bitartean probintzia mailako aduana izan zen Beasaingo katea. Bertan, udal zergak kobratzen zitzaizkien herrira sartzen ziren merkagai guztiei, foruen garaian herri bakoitzak horretarako eskubidea baitzuen. «Estatuak Etxegarateko errepide berria egin zuenean, beste probintzietatik zetozen merkagaiak ere Beasaingo Katetik pasatzen ziren. 1869an errepide horren kudeaketa diputazioari utzi zionean, aduana Etxegaratera eraman zuten», diote historialariek. Gaztelatik zetozen bi bideak, San Adriango leize zulokoa eta Arlabango mendatekoa elkartzen ziren lekuan zegoen kate hori. Zutarriak katea du ezker aldean, kateak bidea zeharkatu eta igarobidea ixten zuen. Antzizar kiroldegia eraikitzeko bota zuten zutarria. Historia azaltzen duen plaka ere badu zutarriak. Bertatik hasiko dugu ibilbidea.

Zutarritik ezker aldera, bidegorritik, Ormaiztegi aldera hartuko dugu. Estanda lantokiko aparkalekua bukatzen denean, bidegorria utzi eta ezkerrera egin eta Eztanda errekatxoa pasako dugu zubitik.
Paisaia guztiz aldatuko zaigu; errekaz beste aldera, baratzak ikus daitezke.  Zubia pasa eta eskuinera dagoen pista hartuko dugu, baratzeak ezker -eskuin ditugula. Pistari jarraituz, trenbidea azpitik zeharkatu eta aldapa piko samarra ikusiko dugu berehala. Muxika baserrira iritsiko gara.

OLYMPUS DIGITAL CAMERABideari jarraituz, aldapa behera eginez, oraingoan trenbidea azpitik pasa eta bidegorrira iritsiko gara,  Salbatore aldeko industriaguneetara iritsiz. Abi- adura handiko trenaren lanak ere nabariak dira, paisaia erabat aldatu baitute. Bidegorria hartuko dugu, eskuinera, Beasain aldera,  berriz ere Eztanda erreka lagundu dugula.

Gudugarreta eta Loinatz
Industrialdean barrena, burdinezko zubi gainetik erreka pasa eta ehun bat metro eginda, kontu handiz, errepidea pasatuko dugu. Beste industrialde bat zeharkatuko dugu, beti ere Gudugarreta jartzen duen seinalea erreferentziatzat hartuta.

Gudugarreta auzoko etxeetara  eta baserrietara iritsi baino lehen, eskuinera egin duten bide berria hartuko dugu. Tren, auto eta lantokien hotsa nabarmena da. Eskuin aldera jarraituz, baserri giroan sartuko gara berriz ere. Erlauntzak, zelaiak, belar bolak… ikus daitezke ezker-eskubi. Txorien hotsak ere entzun daitezke. Atsedena hartzeko aulkiak daude bide bazterrean, zuhaitzen babesean. Mendiko pistari segika, Loinatz auzora iritsiko gara, Loinazko ermitara. Beasainen beste ikuspegi bat ikusiko dugu bertatik, Aralar lagun dela.

Eskuineko bidea hartu eta aldapa pikoa jaitsiko dugu errekara iritsi arte. Eskuinera egin eta Errekarte Haundi baserrira (ezkerrean) iritsiko gara. Eskuinera eginda, Errekarte kaletik, kiroldegira, Katera, iritsiko gara berriro ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>