Botiken berrordainketaz

OLYMPUS DIGITAL CAMERAAstelehenaz geroztik farmaziara errezetekin joanda, bezero bakoitzak duen kodea kontuan hartzen du botikariak. Kode hori osasun txartel bitartez lortzen dute, hori dela eta, derrigor eraman behar da txartela aurrerantzean. Botiken berrordainketaren zenbatekoa bakoitzaren errentak ezartzen du jada.
Orain artean, pentsiodunek ez zituzten botikak ordaintzen, eta gizarte segurantzan aktiboan zeudenek %40 ordaintzen zuten, salbuespenak salbuespen. Izan ere, puntu berezia duten medikamentuak salbuetsita egon dira. Mari Karmen Arzelus farmazialari zumarragarrak sendagai horiek zeintzuk diren zehaztu du: «Behar-beharrezko botikak dira, esate baterako, diabetea, tentsioa, minbizia edota psoriasirako lagungarriak direnak». Horiek erostera joanda, bezeroek asko jota 4,20 euro ordaintzen zituzten.

Berrordainketa martxan jarri dutenerako, dena den, hainbat medikamentu gizarte segurantzatik kanpo atera dituzte. «Horrek bai garestitu die bezeroei botiken gastua». Premia-premiazkoak ez direlakoan, begietarako hidratatzaileak, libragarriak, hanturaren edo artitrisaren kontrako pomadak zein katarrorako jarabeak ez zeuden gizarte segurantzaren baitan.

Osasun txartela
Botikak saltzerakoan osasun txartelak adieraziko die orain botikariei bezeroari zein ekarpen dagokion. Berrordainketatik libre egongo diren taldean ondokoak nahiz beren onuradunak daude: sindrome toxikoa dutenak, gizarteratze errentak dituztenak, asistentzia-maila dutenak, subsidioa agortu duten langabetuak eta minusbaliotasunak dituztenak. Azken kategoria honekin «dudak» sortu zaizkio Ana Quintana farmazialari legazpiarrari, «ez baitira zehazten minusbaliotasunaren ezaugarriak».

Hurrengo taldean 18.000 eurotik beherako errenta duten pentsiodunak zein bere onuradunak sartu dituzte. Ekarpena botikaren %10 izango da kasu honetan, baina topea 8,14 euro izango da hileko. 18.000 eta 100.000 euro arteko errenta duten pentsiodunek 18,32 euro ordainduko dute hileko.

Gizarte segurantzan aktiboan daudenen artean errenta- urkila bera ezarri dute, baina toperik ez daukate botiken ordainketan. Arzelusen arabera, «finean, 18.000 eta 100.000 euroko errenta dutenen artean biztanleriaren gehiengoa egongo da. Kasuak, halere, oso anitzak dira».

Farmazialari zumarragarrak  dioenez, «berrordainketak ez du orokorrean sendagaien igoera esanguratsurik sortuko», eta gehitu du, «langabetuek, adibidez, lehen errezeta berdea zuten, eta orain ez dute ezer ordainduko».

Edonola ere, botikariek berrordainketa sistemaren oinarrian 2011ko datuak daudela gogoratu dute, eta eguneratuta ote dauden ez dakite. Arzelusek azaldu duenez, «gero eta gehiago dira beren egungo egoerarekin bat ez datorren errezetarekin datozen bezeroak; gehienak orain langabezian daude». Beste traba bat ere sumatu dute, Quintanaren hitzetan, «farmaziako eguneko martxan bezeroek ez dute txartelarekin etortzeko ohiturarik». Eta, txartelari dagokionez, gogoratu du, lehen txartelek iraungitze data zutela; «orain ez, betiko txartelak balio du».

Etorkinen egoera
Kezka baino arazo gisa ikusten du Quintanak etorkinen egoera. Osasun txartela eskuratzeko urtebetez bertan erroldatuta egon direla frogatu behar dute. «Orain arte pasaportea erakusten ziguten eta beste edozeinek bezala %40 ordaintzen zuten, baina zer gertatuko da urtebeteko erroldarik ez dutenekin?». Etorkin horiek botikaren %100 ordaindu beharko dute berrordainketa sistema honi jarraituz, «eta ezin badute?», galdetu du botikariak.

Berrordaiketak farmaziako eguneroko martxa oztopatzen duen edo ez ikusteko dagoela diote bi botikariek. Momentuz, farmaziara berrordainketaz galdetzera joan diren bezeroek azaldutako dudak agertu ditzakete soilik, Quintanaren hitzetan: «Botikak ez direla izugarri garestituko esan diegu. Hala ere, beren kezka nabarmenena errentarekin lotuta dago. Errenta aitorpena ekarri behar diguten galdetzen digute, edota farmaziako erakusmahaian ondoan duenak jakingo ote duen bere errenta zein den». Arzelusek gehitu du «farmazialari gisa bezeroari buruz nahi baino informazio gehiago» izango duela eta edozein modutan, «poliziaren lanak ez ditugula egingo argi daukagu».

Sistemaren onuren artean botiken «erabilera arrazionalagoa» aipatu dute. Arzelusen arabera,«ez da botikina biltegi bihurtzeko aukerarik egongo, bakoitzak behar duena baino ez du izango etxean. Urte askoan behar baino botika gehiago erosi ditugu». Osasun zentroetan hilabetez hilabete egingo dituzte orain errezetak.

Hilean 120 pilula, eta ezjakintasuna nagusi

pnga_erakutsi-1Agifes elkarteak buruko eriak dituzten gaixoak zein senideak biltzen ditu Gipuzkoan. Jesus Mari Kerejeta eta Ana Mari Etxeberria Agifeseko kideak dira. Berrordainketak halako gaixotasunak dituztenei zertan eragiten dien galdetuta, lehenengo erantzuna irmoa da: ez dakite ezer ere, inork ez die zuzeneko informaziorik eman.

Kerejetak zein Etxeberriak bizitza osorako botikei lotuta dauden senide bana dute, eta lotura hori «derrigorra» da. Biren senideek 120 pilula hartzen dituzte, gutxienez, hilean. Ez dira, gainera, edonolako botikak, «betiko botikariak ere ez baitizkigu errezetarik gabe ematen», dio Kerejetak. Horrezaz gain, botika garestiak dira.

Bi botika mota hartzen dituzte beren senideek: buruko gaitzari dagozkienak eta botika horien bigarren mailako efektuei aurre egiteko behar dituztenak. Lehenengoen errezetak buruko osasun zentroan egiten dizkiete, bigarrenak osasun zentroan.

Botika horiek talde berezian egon ohi dira gizarte segurantzak egiten dituen multzoetan. Puntu bat daukate, botikariek zizeroa deitu ohi diotena, eta puntu horrek behar-beharrezkoak direla adierazten du. Hori dela eta, garestiak izanda ere, minimo bat ordaindu izan dute.

Berrordainketaren gaiari buruz egunkarietan irakurri duena baino ez dakiela, dio Kerejetak. Eta Etxeberriak, kezkatuta, betiko farmaziara jo du beren egoera zertan aldatuko den jakiteko. Bere senitartekoaren medikamentuak ez direla aurrerantzean garestiagoak izango argitu diote. Etxeberriaren senideak lan egiten du, eta bere osasun txartela dauka. «Honez gero, errezetetan bere kategoria zein den adierazten duen kodigoa jarri diote».

Kerejetaren kasua bereziagoa da. Senidea bere onuraduna izan da orain artean, eta dagoeneko ez da. Gutun bidez jakinarazi zioten aldaketa, «baina ez dakit zergatia, ez eta nora jo galdetzera. Dena dela, ez zait iruditu askoz gehiago ordaintzen dugunik».

Ordainduko duten dirua baino beren kezka beste bat da, Kerejetaren hitzetan: «Guk derrigor behar dugu pilula erreserba bat, bestela muturreko egoeretan Donostiako larrialdietara baino ezin dugu jo».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>