«Zegama-Aizkorri Junior Trail mendiko nire lehen lasterketa izan da»

Olatz Unanue, Zegamako helmugan. Argazkia: Mikel Isusi

Olatz Unanue, Zegamako helmugan. Argazkia: Mikel Isusi

Olatz Unanuek (Arama, 1996) Zegama-Aizkorri Junior Trail lasterketa irabazi du, eta garaipen horri esker, Salomon talde ospetsuarekin arituko da datorren denboraldian.

Zein kiroletan aritu zara orain arte?
Gehienek bezala, eskola kirolean eman nituen lehen pausoak. Atletismoa eta eskubaloia ziren gehien gustatzen zitzaizkidan kirolak, baina bietan aritzea gehitxo zen, eta atletismoa aukeratu nuen.

Zein lasterketetan parte hartzen duzu?
Ordiziako Txindoki taldeko kidea naiz eta fondoko lasterketetan parte hartzen dut: neguan krosa egiten dut eta udan 3.000 eta 1.500 metroko lasterketetan parte hartzen dut. Zegamakoa nire mendiko lehen lasterketa izan da. Pista ez zait asko gustatzen eta mendian probatzea erabaki dut.

Zer egin duzu zure mendiko lehen lasterketa irabazi ahal izateko?
Orain arte mendian ibiltzen nintzen, baina oinez. Aitak mendiko lasterketetan parte hartzen du eta berarekin joan naiz entrenatzera Zegama-Aizkorri proban parte hartu aurretik. Ibilbidea erakutsi dit eta nola korrika egin irakatsi dit. Ez nuen irabaztea espero. Nire helburua gustura bukatzea zen.

Alde handia al dago pistatik mendira?
Ondo moldatu naiz, baina aldea handia da. Pistan abiadura handiagoa da. Mendian kontu handiz ibili behar da, erortzeko arriskua baitago. Pistan ez bezala, mendian tranpa asko daude, eta burua erabili behar da: lokatz gutxi dagoen tokietatik pasa, adibidez, ahalik eta ahalegin txikiena egiteko eta indarrak gordetzeko.

Pista uzteko asmorik baduzu?
Ez. Klubarekin konpromisoa hartu nuen  eta jarraitu egingo dut. Gainera, pistan aritzea ona da abiadura lantzeko.

Salomon taldearekin korrika egin behar duzu.
Oso aukera ona da. Irailean bi lasterketa daude Katalunian eta horietako batean parte hartzeko asmoa dut. 8,5 kilometroko luzera du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>