Txurruko puntara

Beunde_Txurruko_Punta_ibilTxurruko Punta edo Txurru (990m) izenez ezagutzen den mendia, Altzania  mendilerroko punta belartsu eta garbia da. Askorentzat, Aizkorri eta Aratzen hegalean, ezkutuan geratzen den tontor ezezaguna. Horrek ez dio, ordea, edertasunik gutxitzen Txurruko Puntari. Haizelekua udako egun beroetan ere, baina, ikuspegi ederreko begiralekua urte sasoi guztietan.

Ibilbide erraz eta labur batean iritsi gaitezke bertara Beudeko atsedenlekutik. Otzaurteko gaineko bidegurutzean Andikoetxea baserritik doan pista hartuta iristen da Beundera (832m). Otzaurtetik bertatik oinez abiatzea ere aukera polita izan daiteke. Bihurgune ugariko pistaz ordu erdi inguruan iristen da Beuderaino.  Izena daraman harriak ematen du ongi-etorria.

Autoa aterpearen eta iturriaren ondoan utzi eta oinez Altzania alderako pistan abiatzen da Txurruko Punta aldera. Metro gutxiren bueltan bidegurutze batera iristean, pista albo batean utzi eta maldan gora joanda Unamendi (898m)mendi biribilaren gainera iritsiko gara hogei bat minutuan. Udan goiko larreetan ibiltzen diren behor, behi eta ardien gustuko lekuak dira zelai belartsu hauek.

Hemendik Ultzamako lepora (823m) jaisten da; usategi ilarak erakusten du Txurruko Puntarako bidearen norabidea. Bertatik hasten da tontorrerainoko igoera malkartsua. Hogei bat minutuko igoeran jotzen da begiz tontorreko harria; buzoi bat ere badago goian. Altzaniako mendiak ikusten dira bata bestearen atzetik; Larrebil, Apota, Agiñaran edo Hirumuga, ehizerako postu preziatuak jasotzen dituzten mendiak.  Baita Aratz, Aizkorri, Urbasa eta Beriain handiak ere. Bista ederrak daude tontorretik egun argietan. Magalean, behean, ageri da Urdalurgo urtegia (645m) ere.

Beherako bidean erraz jaisten da Garagartzara (811m). Tontorretik pagadiaren ezker aldetik iristen da bi haitz-pusken magalean dagoen gunera. Sakana ingurura, Beriain nagusi dela, ikuspegi politaz goza daiteke beherakoan. Gazteluberriko(860m) bi haitz tontorrak ere bertan ikusten dira. Gustuko lekua da udan mendian dagoen ganaduarentzat ere inguru hau. Eskubian dagoen haitza da Bikunaitz (834m), erraz igo daiteke bertara, eta ezkerrekoa, Naparraitz (862m), igotzen zailagoa. Garagartzako trikuharria dago Bikunaitzen atzealdean, 1981an aurkitu zutena. Ia osorik lurrazpian dagoen arren harri losa bat antzematen da. Hala ere, plaka batek erakusten du lekua.

Garagartzatik, Txurru inguratzen duen pistaz itzuli daiteke Ulatzamara eta hemendik Unamendi inguratzen duen GR 121 (Gipuzkoako Bira) pistatik jarraitu Beunderaino. Bidea ikur horiz eta txuriz seinaleztatua dago.

Beunde atseden hartzeko leku ederra da itzuliaren ondoren; aisialdirako mahai eta parrilla ugari daude orain gutxi berrituak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>