Beasaingo gaztetxea: 9 urte eta goruntz!

Beasaingo_gaztetxeko_rokod30 urte baino gehiago pasatu dira jada lehenengo gaztetxeak ireki zituztenetik. Beasainen ere bat baino gehiago egon da. Egungoaren bultzatzaileetako batek, Egoitz Irizarrek, bi gogoratzen ditu: Kale Nagusikoa eta Pikuondo etxekoa. Lehenengoa lokal pribatua zela eta udalak jabeari alokairua ordaintzen ziola oroitzen du. «Herriko gazteek kudeatzen zuten, gutxi gorabehera». Pikuondo, berriz, gazteek okupatu zuten eta «erabat autonomoa» zen.

Egungoa 2005eko abuztuaren 22an okupatu zuten. «Garai hartan udalak gazteoi eskaintzen ziguna ikusirik, udalaren biltegia izandakoa okupatzea erabaki genuen. Gauez eta aurpegiak tapaturik sartu behar izan genuen eta udalak lehen unetik erakutsi zigun ez zuela gure erabakia ontzat hartuko». Egun, udalarekin duten harremana hobea da, baina ez dute legeztatzea lortu. «Argindarra eta ate berriak elkarlanean jarri genituen, baina beti saiatu gara gauzak gure kabuz egiten».

Sorkun eta Lucio Urtubia
Bederatzi urte hauetan ekitaldi asko antolatu dituzte: antzerki saioak, kontzertuak, txapelketak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak… Irizarrek Sorkun abeslariaren kontzertua eta Lucio Urtubia anarkistaren hitzaldia gogoratzen ditu batik bat. «Sorkunen kontzertuan 450 lagun elkartu ginen eta Urtubia etorri zenean gaztetxea jendez lepo egon zen». Gaur egungo egitasmoen artean, joan zen astean inauguratu zuten rokodromoa azpimarratu du. Tailerrak ere izango dira.

Etorkizunari dagokionez, itxaropentsu ageri da Irizar. «Gaztetxeak, belaunaldien arabera, indar gehiago edo gutxiago du. Urte batzuetan gutxi batzuk egon ginen, gazteen artean lokalak alokatzeko joera nagusitu zen garaian, baina hori aldatzen ari da. Geroz eta jende gehiago dator gaztetxera», aipatu du.
Gazteak lanerako prest ikusten ditu. «Euren aisialdiak eta bizimoduak ardura die eta, gazte bakar batek aurrera egin nahi duen bitartean, gaztetxeak bizirik iraungo du», amaitu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>