Burdin usaina jarraituz

Mutiloako_ibilbidea__barnaMutiloako baserri artean bueltatxo bat emanez gero, nahitaez topo egiten da meatzariek inguruetan egin zituzten lanen arrastoekin. Ibilbide asko daude aukeran, asko ondo markatutakoak (Gaztaren bidearen zati bat, Troi Bidearena…), baina erraz egiteko moduko ibilbidea da jarraian azaldutakoa.

Oinez zein bizikletaz egin daiteke sei kilometroko ibilbide hau. Motorrez ere joateko aukera badago, baina autorik ezin da igaro ibilbidearen azken zatian, errepidea ez baita egoera onean.

Mutiloara iritsitakoan, herrira sartu gabe errepidean aurrera jarraitu behar dugu, bidean gora. Baserri artean, mota askotako zuhaitzak aurkituko ditugu eta baita baratze eder eta baserri inguruetako hainbat abere ere: behiak, behorrak…

Lenkarantxiki baserri ingurura iritsitakoan, behor mordoxka bat egoten da eta pare horretan gurutzatuko gara Troi bidearekin, ezkerrera.

Aurreraxeago jarraituta, meategietako dikeen hondarrak ikusteko aukera izango dugu, gure ezkerrera. Eta berehala, Ormaiztegitik datorren Bide Berdearekin topatuko gara, ezker-eskuin.

Aurrera jarraituta Orue landetxera edo Kortzuerdi baserrira joateko bidegurutzean Orue aldera hartuko dugu, eskubira. Berehala dagoen bidegurutzean, Zerain eta Segura jartzen duen seinalea jarraituko dugu. Handik, garai bateko meategiak izandako pabilioietara iritsiko gara.  Aurreraxeago Troi bidearekin egingo dugu topo berriz.

Pixka bat jarraituta Manastegizaharregi ikusiko dugu bidearen ezkerrera. XIX. mende amaieran, Mañastegizahar baserriaren inguruak burdina minerala eraldatzeko tailer handi batean bihurtu ziren, eta hemendik gertu zeuden meategietatik ateratako mineral biltegiratzen eta garbitzen zituzten bertan. 1912an, esaterako, 34.500 tona burdin minerala bildu eta garbitu ziren. Garbitu ostean, plano inklinatu baten bidez Barnaolaraino jaisten ziten, handik Ormaiztegira trenez eramateko, eta Ormaiztegitik europar siderurgietara.

1911n inguruko herrietako 162 meatzarik lan egiten zuten bertan,  06:00etatik 18:00etara. Egun aztarnak bakarrik geratzen dira.

Bidera itzuli eta gora jarraituta, segituan Manastegizahar  putzuarekin topo egingo dugu. Animalia eta landare harrigarriak aurki daitezke bertan.

Aurrera segita Zeraindik Aztiriara doan errepidera iritsiko gara eta beheranzko bidea hartuko dugu. Ezkerrera gelditzen den bigarren irteera hartuko dugu, hormigoizko bide bat hartuz.

Handik segi eta iturri batekin egingo dugu topo. Kolore laranjaska du iturri horrek uraren inguruan, metal-ura denaren seinale. Bidegurutze horretantxe eskubira hartu eta aldapan behera joango gara negutegien artean.

Mutiloako herrigunera iritsiko gara honela, metal usaina darion bidea amaituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>