Kimu baten istorioa

Leberri_kooperatibaOrmaiztegin kooperatiba berri bat martxan jarri du Goierriko langile talde batek. Letag zenaren porrotaren ondoren, bi bide zituzten langileek: etsi ala lanari eutsi. Langile batzuek bigarren bideari ekin zioten. Bidea ez da erraza izan, baina egun Leberri kooperatibaren ateetatik motorrak eta alternadoreak ateratzen dira berriro. Leberriko esperientzia ez dago makroekonomiari lotuta, eta diskurtso potoloetatik urrun dago; hala ere, krisi egoeran kimu berderik badago, Leberriko langileek gorpuzten dute.

Kooperatibaren ibilbidearen oinarrian kalitatezko produktua dago, bezeroak daude eta urtetan erdietsitako teknologia-jakintza dago. Horiek dira, hain zuzen, Letag enpresatik jaso dituzten errautsak. 1955ean ireki zuten Letag Ormaiztegin. Hasieran, esmerilagailuak, gaineztatzeko makinak eta haizagailuak fabrikatzen zituzten. Gerora, motorrak eta alternadore bereziak egiteari ekin zioten. 100 langile izatera iritsi zen, baina 2009-2010 urteetan krisiak biziki kolpatu zuen. Enplegu-erregulazioko espedienteen garaia hasi zen, eta zazpi hilabetean hartzekodunen konkurtsoa deklaratu zuten.

Jabier Ibarzabal da Leberriko administrazio arduraduna. Karguak, dena dela, ez dauka pisu askorik Leberriko unibertsoan; ez du gain soldatarik ezartzen, ezta lan jardunaren eremua mugatzen ere. Hori esanda, Ibarzabalek Letagen porrotaren zergatia azaldu du: «Bankuek ez ziguten krediturik ematen eta erakundeen laguntzarik ez zen iritsi». Finantzaketarik gabe geratu ziren, eta «egoeraren kudeaketa hobea ere egin ahal zen segur aski».

Fenix hegaztia
2012ko irailean Letag enpresaren jarduera eten egin zen; 35 langile zituen. «Ordurako gutako batzuek aurrera egiteko erabakia hartuta genuen, beti ere, lan talde txikiago batekin». Kooperatiba bat sortuko zutela argi zuten, hogei langile inguruk osatua.

Kanpotik etorritako krediturik zein laguntzarik gabe, kooperatiba martxan jartzeko ezinbesteko zuten kapitala langileek ipini zuten. Abentura berrian sartu ziren hamasei langilek desenplegua kapitalizatu zuten. «Oso erabaki zaila izan zen, batik bat, 50 urtetik gorako langileentzat. Letag enpresako hainbat soldata kobratu gabe genituen eta langabezian geratuz gero, jaso ahal genuen diru iturri bakarra kapitalizatu beharrean egon ginen».

Kanpoko aholkulari baten laguntzarekin bideragarritasun plana egin zuten, «giltzarria» izan dena. Planaren zutabeak produktua eta oinarri teknikoa izan dira. Bezeroak ere ez dauzkate saltzeko. «Gure borroka kooperatiba ahal bezain pronto eratzea izan da. Baina, arazo askorekin egin dugu topo, eta guk nahi baino gehiago atzeratu da», azaldu du Ibarzabalek. Aurreko otsailean osatu zuten Leberri kooperatiba.

Erakundeekin Letageko instalazioetan lan egin ahal izatea adostu zuten, baita makinak erabili ahal izatea ere. «Guk produzitzeko premia genuen.  Martxan jartzeko guztia alokatu genuen eta enkanteak atera zirenean oinarri teknikoa –dokumentazioa– eta makinak erosi genituen». Lantegiaren egoitzari dagokionez, aldatzeko asmoa daukate: «Bila ari gara, eta ahal dela Goierrin geratu nahiko genuke».

Motorrek mugimendua sortzen dute eta alternadoreek energia produzitzen dute. Leberritik ateratzen diren makinekin munduko hainbat bazterretan trenak zein barkuak mugitzen dira. «Gure makinak Saudi Arabiara nahiz New Yorkera doaz, baina guk ez ditugu zuzenean bidaltzen». Leberrik Indar edo CAF enpresentzat egiten du lan, eta beren merkatua zabaltzen ari dira poliki-poliki. Produkzioaz gain, mantenu lanei eta ordezko piezen hornidurari bereziki erreparatu diete, «fakturazioan duten tokia aintzat hartuta».

Produzitzen ari dira dagoeneko. «Gurekin segitu duten bezeroak ditugu, itxaron ere egin digutenak eta berrien bila ari gara». Esate baterako, Goierrin egoitza duen multinazional bati baztertzen dituen motorrak konpontzeko aukera eskatu zioten. Aukera eman zieten, eta orain lehen txatarrera botatzen zituzten motorrak konpontzeko bidaltzen dizkiete.

Motorrak nahiz alternadore bereziak artisauen eran egiten dituzte. «Gure produktuaren berezitasun horri esker berriz jaiotzeko gai izan gara».

Soldatak tarifa finkoan
Leberri kooperatiba horizontala da. Ordutegi zabala dute, eta soldatak «tarifa finkoan» ezarri dituzte Ibarzabalen esanetan. «Ingeniariak eta tornulariak antzekoa kobratzen dute. Horrez gain, dagokiguna baina %80 gutxiago kobratzen dugu», dio Ibarzabalek. Argi izan zuten hasieratik, kapitalizatu zuten desenplegua soldatetan baino produkzioari bide egiten erabiliko zutela.

Mikel Jauregi kooperatibako lehendakaria da,  baina buzoa jantzita eta eskuak zikin aritzen da lanean. «Hemen guztiok denetarik egiten dugu», dio. Urte amaierara arte lana segurtatuta daukate. «Hurrengo urtean ikusteko dago gertatuko dena».

Leberriko langileen hitzetan birjaiotzeko prozesuan zuhurtzia ezinbesteko bidelagun izan dutela antzematen da. Okerrenean jarri dira hasieratik, hortik aurrera dena hobera egitea baino ez baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>