Aitor Sarriegi
Hego haizea ere bertan dek eta ez zekiat ero haizea ere gertu samar ez ote dabilen. Joan den astean gertatu dek. Gertukoa dudan pertsona bat joan dek edukiontzi marroian bere poltsa botatzera, eta hartan ari dela non entzuten duen: «Hori utzi Ordiziko udaletxe atarin, hantxe, ttaaak!». Keinu eta guzti. Eta laguna hitzik gabe. Komentariotik uler zitekek atez atekoaren aurkako protesta gisa egiten zuela bere proposamena. Bosgarrenaren aldeko imajina litekeen zabor-gudaria bosgarren hori bera erabiltzen ari denari kontu-eske. Are gehiago, bistakoa zirudik Ordiziko udaletxe atarian poltsa uzteko prest dagoenak ez duela dagokion edukiontzian poltsa uzteko asmorik eta bosgarrenaren aldekoa baino atez atekoaren aurkakoa duela jarrera. Horixe ba; horraino iritsi gaituk.
Zaborrari zakarra ere esaten ziotek eta halakoa ari dek izaten urria. Herrira, makroepaiketak, LOMCE… Zenbat aldiz bete behar diagu Bilbo gaitz guztiak toki beretik datozela ohartzeko? Hiru goierritar epaibidean diren honetan Leire Lopez berriro herrian izatea bezalako pox txikiak geratzen zaizkiguk, gaitzerdi. Gainera ez zirudik haize-aldaketa handirik datorrenik: Urkulluk berak ere 2020an jarri dik gutxieneko epea (zertarako ez dik argi esan oraindik). Agian, eta agian esaten diat, Madrilen 2024 arte gutxienez olinpiadarik izango ez denez, ez zaiok egokia iruditzen inork data horren aurretik «I am Basque!» podiumean esatea.
Hitzik gabe geratu zen lagunak ere horixe erantzun behar zioan: «I am Basque!». Hori bai, Urkulluk baino goxoago, eta, batipat, konbentzituago.
Iñaki Apalategi
2020koa zertarako den ez al dakik? Ortuzar hor ari duk ba independentzia akatsa dela esanez… Amorratuta ibili nauk ni ere 2020ko kontu horrekin. Bazirudik, Izagirreren bideoari New Yorkeko Euskal etxean betoa jartzeaz gain, Urkullu gutxienez 2020. urtera arte zer egingo ez duen esatera joan dela haraino.
Bere kanpainaren ardatz huan erabakitze eskubide hura, data jarri eta ozen zabaldutakoa: 2015. Orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egon diren legealdi guztietan agindu ditek, behin izan ezik, eta ez ditek sekula galdeketarik aurrera eraman, baina oraingoan bai, oraingoan egingo zutelakoan jaso zitiztean bozka mordoa. Gogoratzen dizkiat hauteskunde gaueko gora euskadi askatuta!dun tweet jeltzaleak, eta Egibar soinua jotzen. Baina uste diat ez duela guk nahi dugun doinurik jotzen, beste erritmo batean egin nahi duela dantza: joan den astean PP Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paktu fiskaleko akordiora gehitu, eta ttaak! –Ordizin utzi behar omen zen zaborra bezela– hor non azaldu den 2015etik 2020rako atzerapena, beste askotan bezala, kasualitatez. Lehendakari izanda egiten ari ez dena «agian lehendakari izango den» garairako utziz. Bideoei betoa jarri, galdeketak atzeratu… baina paktu fiskalak aurrera, eta segi dezatela goierritarrek Madrila joaten. Gora Euskadi bazkatuta, euskaldunak nazkatuta.