Fruta arbolen zaindaria

OLYMPUS DIGITAL CAMERAOraindik zutik eta lerden omen daude Potes udalerriko San Andres herrixkan (Kantabria, Espainia) Santiago Redondok umetan aldatutako gereziondoak eta makalak. Uztailean 88 urte beteko ditu, gaztetan Gabiriara etorri eta orduz geroztik beraiek eraikitako Elizazpi etxean bizi den adituak. Patrizioreneko lanetik aspaldi erretiratua, benetako zaletasunari bihotz eta arima jarraitzen dio, etxe inguruko sailetan: fruta arbolak eta landareak.

Urtarrilaren 24a Andre Mari eguna baino gorriago markatuta dauka egutegian. Ilbeltzeko ilbehera da, fruta arbolak aldatzeko, kimatzeko edo txertatzeko naturak agindutako garaia. «Tradizioak esaten du. Ilbeheran txertatzen direnetan, adibidez, adaxkak ez dira hain luzeak ateratzen gero. Duela bizpahiru urte ilgoran aldatutako aranondo batzuei adarrak motozerrarekin ebaki beharra dago», dio Redondok.

Inausketa orain egin behar da. Madari batzuei izerdia mugitzen hasita dago. «Arbola handiak, txikiak… denak inausten ditut. Lau urtetik aurrerakoak gehiago soiltzen ditut. Fruitua urtero eman dezaten, kimatu beharra dago». Lorea maiatzerako izango dute.

Adaxka beheratuta
Beste trikimailu bat ere erabiltzen du Redondok. Inausi ondoren, aurrerako utzitako adaxka erdi konkortuta edo borobilduta uzten du, beherantz begira, soka-mutur batekin beste adar bati lotuta. «Kanporantz jo dezala gainera, baina gurutzea baxu behar du. Inausketa ongi eginez gero, gero nabaritzen da. Bestela alferrik da. Bestela, adarrak, zorria eta gainerakoak, dena galtzen da».

Ebakitako edo zartatutako zuhaitz enborrak olio berezi batekin —dendan erosia— igurzten ditu, hezetasunik eta mikrobiorik sar ez dakien. Udan ere erabili ohi du, babesgarri gisa. Baratzeko zorrirako botika ere erabiltzen du; «noski, jateko noiz bildu behar den kontuak aterata beti. Hilabeteak lehenago, ez bi aste».

Landareak hazitik ateratzen ditu sarritan. Edo basoan naturalki ateratako kimuak bilduta. «Basokoei inoiz ez zaie ezer sartzen. Mintegikoak hogei urterako erortzen hasten dira; basoko naturalek gehiago irauten dute», dio 16 urteko bizialdiaren ondotik erabat soildu duen mahats-parra bati begira. Badira landare mintegiak sagar landareak Santi Gabiri izenarekin saltzen dituztenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>