Idiazabal Gazta berria urte berrian

OLYMPUS DIGITAL CAMERAArkumeak jaiotzeko garaia denez, gazta egitekoa ere bai. Goierrin Idiazabal Gazta ekoizten duten egileak gazta berriarekin hasita daude, eta gaur egun sektoreko diru sarrera garrantzitsuena den produktuarengan jarrita dute arreta, arte eta goxotasun guztia.

Gazta egiten hasteko unea desberdina dute denek, bakoitzaren ahalaren, antolamenduaren eta beste produktuekiko merkaturatzearen —ardi esnea, adibidez— arabera. Urriaren azkenean hasi ziren batzuk, azaroan bestetzuk, eta abenduaren erditik aurrera ekoizpen bete-betea harrapatzen ari dira gainontzekoak.

Bukaera ere desberdina da. «Ekainaren bukaerara arte egiten dugu guk», dio Baztarrika gaztandegiko Asier Osinaldek. Mendira igotzen diren artzain batzuek, berriz, beranduxeago eginarazten diete arkumea, goian oraindik esnea eduki ahal izateko, mendiko gazta egiteko.
Hotza da bereziki garai honetan arazo handienak sorrarazten dizkiena. «Ardiari gehien erasaten diona hotza da. Izotz handiak baldin badaude, ez du esnea behar bezala ematen», dio Osinaldek.

Orain arteko negualdian, eguraldia «ona» ari zaie egiten. «Ez du elurrik egin, izotzik ere ez. Eguerdi parterako ardiak kanpora ateratzen hasi gara». Larratu ahal izateak, ukuiluko pentsu eta alpapa gastuak aritzen laguntzen diete, gainera. «Dena barruan emateko oso garesti dago produktua. Jenero ona bilatzea zaila da gaur egun, asko ordaintzeaz gain».

Hobekuntza genetikoa
Gazta egiteko teknika dagoeneko oso egonkortua dago, eta horrek azken produktuan nolabaiteko bateratzea ekarri du. Hala ere, aldagai asko daude gaztaren zaporea, koipetasuna edo proteina kantitatea mugitzen dutenak.

Asko nabaritu duten arloa ardien genetikan egin den hobekuntza izan da. Ardi kopuru berberarekin, esne askoz gehiago ateratzen dute orain. «2003tik hona egunean 200 litro gehiago ateratzen ditugu esnetan, ardi kopuru berarekin. Ardiei hilero kontrola pasatzen diegu, jakiteko zenbat esne daukan bakoitzak».

Igoera bai, baina behartu gabe. «Gehiago ere eman dezakete,  nahi izanez gero. Baina ezin dira ardiak lehertu. Gehiago emanarazita, bizi iraupena bi-hiru urte mozten diozu. Ez da konpentsazioa bakarrik, animalien ongizatea ere badago. Ia-ia pertsonak bezala tratatu behar ditugu; azken batean gure langileak dira».

Ardiari kentzen zaion esne kopurua hazita ere, grasa eta proteinatan baxuago etor liteke, eta horrek gaztarengan eragina du. Eta gazta kalitate gorenekoa atera dadin, ez da jolasik.

GAZTAGILEAK:
Goierrin egileok ekoizten dute Idiazabal Gazta, jatorri izendapenean.

  • Ataun. Troskaeta.
  • Ezkio-Itsaso. Berroeta.
  • Gabiria. Baztarrika.
  • Idiazabal. Juana Irastortza; J. Aranburu elkartea; Nieves Mujika; Latxa Esnea kooperatiba.
  • Lazkao. Isidro Sukia.
  • Legazpi. Arantza Segurola; Pedro Gabiria.
  • Legorreta. Olalde.
  • Olaberria. Aizpea; Santi Etxezarreta.
  • Ordizia. Joseba Intsausti; Ordizia Gaztandegi Kooperatiba.
  • Segura. Karmele Murua.
  • Urretxu. Jose Ramon Etxabe.
  • Zaldibia. Gerardo Garmendia.
  • Zegama. Mari Paz Oiarbide.
  • Zerain. Javier Muñoa; Garoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>