«Inoiz baino kamera gehiago dago, baina jendeak ez daki zukua ateratzen»

Gillermo Murciegok (Urretxu, 1970) Gorka Salmeron legazpiarraren eskutik eman zituen lehen pausoak argazkigintza munduan. Argazkia elkarteko kidea da, eta ikastaroak ematen ditu.

Gillermo_Murciego_argazkilNolatan halako zaletasuna?
Erlaxatzeko, jendearekin egoteko eta eguneroko buruhausteak albo batera uzteko modu bikaina da.

Zeintzuk izan ziren zure lehen pausoak?
Argazkigintza beti iruditu zait interesgarria, baina duela 15 bat urte hasi nintzen buru-belarri. Reflex kamera bat erosi nuen eta handik urtebetera-edo ez niola zukurik ateratzen konturatu nintzen. Garai hartan Gorka Salmeronek ikastaroak ematen zituen Urretxuko kultur etxean, eta izena ematea erabaki nuen. Bi ikastaro egin nituen berarekin. Bera izan da nire maisua. Ordutik, nire kabuz ibili naiz. Duela gutxi, gauean argazkiak ateratzeko ikastaroa egin dut Nojan (Espainia).

Urretxuko Argazkia elkarteko kidea ere bazara.
Elkarteak bolada txarra bizi zuen eta Salmeronen ikastaroetara joan ginenoi bertan lan egitea proposatu ziguten. Baiezkoa eman genuen. Astean behin elkartzen gara argazkigintzaz eta gure argazkiez hitz egiteko. Gainera, urtero bi rally antolatzen ditugu eta ikastaroak ematen ditugu.

Lehiaketetan parte hartzen al duzu?
Guk antolatzen ditugun rallyetan parte hartzen saiatzen naiz: santalutzitan eta santaisabeletan. Legazpiko Artzain Egunekoan ere ia urtero parte hartzen dut. Rallyak gustuko ditut. Antolatzaileek proposatutako erronkari erantzuna ematea polita da.

Sari asko irabazi al dituzu?
Ez asko. Santalutzitan herritar onenari saria irabazi nuen eta santaisabeletan lehen saria. Legazpin bigarren saria lortu nuen eta Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatu zuten azken argazki lehiaketan koloredun argazkien kategorian lehen saria lortu nuen, eta txuri-beltzekoen mailan hirugarrena. Poz handia hartu nuen, oso maila oneko jendeak parte hartu baitzuen. Gainera, lehiaketetan argazkien edizioak garrantzia handia du eta ni ez naiz oso trebea horretan.

Zein argazki mota atsegin duzu?
Argazkilariok etapa ezberdinak igarotzen ditugu. Gai batez nazkatzen garenean, beste bat hartzen dugu. Azkenaldian, makro argazkiak, gauekoak… ateratzen ditut. Gaueko argazkigintza oso erakargarria da. Gainera, bi seme-alaba ditut eta ez dit beraiekin egoteko behar ditudan orduak kentzen.

Asko aldatu al da argazkigintza zu hasi zinenetik?
Argazkigintza analogikoaren garaian hasi nintzen ni. Egun, edizioak askoz ere garrantzia handiagoa du eta, gainera, argazkiak berehala ikusten ditugu. Atera duguna ez bazaigu gustatzen, berehala hobea ateratzen saia gaitezke.

Zer diozu kultur etxean ematen ari zaren ikastaroaz?
Hamar lagunek eman dute izena. Gehienez hamabost lagun hartzen ditugu eta beti gehiagok ematen dute izena, baina oraingoan ez da hala izan. Hamar ikaslerekin erosoago lan egingo dugu. Gainera, guztiak, gutxi gorabehera, adin berekoak direnez, ez dago alde handirik batzuen eta besteen artean.

Zer irakatsi behar diezu ikastaroan izena ematen dutenei?
Inoiz baino reflex kamera gehiago dago kalean. Baina jendeak ez daki euren kamerei zukua ateratzen. Izan ere, gidaliburuak gutxieneko ezagupen bat dutenentzat daude prestatuta. Euren kamerak erabiltzen ikasteko, jendeak ikastaroetan ematen du izena.

Kamera erabiltzen jakiteaz gain, zer behar da argazki onak ateratzeko?
Paisaia onak ateratzeko eguneko ordu jakin batzuetan joan behar da, fotokazetaritza egiteko albistea dagoen tokira joan behar da…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>