Guri5! musika talde goierritarrak duela bi urte inguru ekin zion musika jardunari. 16 eta 18 urteko gazte hauek Zegaman egin zuten lehen kontzertua Xabier Aramaka musikariak proposatuta, eta harrezkeroztik, pixkanaka sona hartuz joan dira. Goierriko ia herri gehienetan jo dute, Lazkaoko Gure Esku Dago festan ere izan ziren, eta, Euskal Herriko plaza, eta gaztetxe askotan izan dira.
Julen eta Jon Sagarna, Jon Gorrotxategi eta Iñaki Rezusta dira talde gazte horretako kideak. Gabiriarrak lehen hirurak, ormaiztegiarra Rezusta, taldekideak eta lagunak dira, eta kontzertuetako esperientziaz gozatzen ari dira elkarrekin.
Gazte goierritarrek asko pentsatu gabe erabaki zuten taldea sortzea. Gehienek musika tresnak erdi utzita zituzten, alabaina, «betidanik» izan duten musika zaletasunak animatu zituela azaldu dute.
Hala, trikitixa, gitarra, baxu eta bateria soinuak uztartu, eta Euskal Herriko eskenatokiak betetzen hasi ziren.
Hasi ziren urtean, lauzpabost kontzertu baino ez zituzten egin, baina proiektua martxan jartzeko baliagarriak izan ziren lehen urrats haiek.
Urrun geratu dira kontzertu bakan haiek, eta hasierako urduritasuna atzean utzita, izena hartzen ari da taldea. Aurtengoan 20 kontzertutik gora dituzte; tartean, 11 bat udan.
Guri5! taldeak festa giroko abestiak egiten ditu, «rock eta ska doinuak, batik bat,» baina baita berbena abesti batzuk ere. Oraingoz, bertsioak jotzen dituzte, baina ez diote muzin egiten «etokizunean abestiak sortzeari».
Epe motzean, oso argi dute proiektu horrekin jarraitu nahi dutela; oraingoz, entsaiatzeko moldatzen dira, eta esperientzia benetan aberasgarria izaten ari da gazteentzat.
Etorkizunean ere ez dute euren izana musikarik gabe irudikatzen; laukotearentzat «ametsa» izango litzateke musikatik bizitzea, eta «zaila» dela jakin arren, ahal duten bitartean ez dute beren grina alde batera utziko.