Ez, ez… baina bai

Nekane Gonzalez

Nekane Gonzalez
(Itzultzailea)

Din-dan-don, din-dan-don… Santa Luzia pasa berritan, gabon doinuak, gabon giroa eta gabon usaina edonon. Atarian, ordea, abenduaren 22an jokatu ohi den Gabonetako Loteria. 400.000 euro poltsikoratzeko itxaropenez, euskaldun ugarik erosi, eta Espainiako Altxortegi Publikoa aberasteko funtsezkoa den ekimena. 1812. urtean Cadizen egin omen zuten aurrenekoz zozketa. Hamaikatxo urte igaro dira harrezkero, eta 2013. urtean, esaterako, krisialdi bete-betean, 2.362 milioi euro jaso zituzten txartel salmentetan. Ufaaaa! Bakarren bati bizitza konponduko zion txartel saridunak, ziur asko, baina horri esker bizi den bestelakorik ere izango da Espainia alde horretan.

Horregatik, eta beste hainbat arrazoirengatik, loteriarik erosiko ez diola agintzen dio Peruk bere buruari urtero. Nahiago herriko elkarteei, ikastolari eta bestelakoei errifa txartelak erosi, euren jardunerako sos batzuk eskaintzeaz gainera, gehientsuenetan bertako saltokietan eskuratutako produktuek osatutako saskia izaten baita opari. Eta jakina, horrelakoak erosten ditu. Baina ditxosozko loteria nazionalaren txartelen bat ere azaltzen da, urtero-urtero, bere egongelako apalera. Tokatuko balitzaio sikiera…

Zer diren gauzak. Gabonak ere ez ditu gustuko. Kontsumismoan oinarritutako nahitaezko otordu-topa-opari-irribarre-mahats-zoriontasun koktelaz aspertuta dago. Helduagoak diren senitartekoei keinu zatarrik ez egitearren hasiera batean, eta gerora, haurrentzat magikoa den sasoia ez zapuztearren, ezin beti-batekotasun derrigortu horretatik ihes egin. Tradizioa omen. Nahierara eraldatu eta mozorrotu dugun tradizioa. Etxeko egongelan urtero sortzen duten antzerkiak lotsa sorrarazten dio. Elkarri mokoka ibiltzen diren izeba-osabak pintzelez margotutako irribarre behartuarekin gau osoan. Ama, mazapan eta enparauak eskuan, batera eta bestera, lehertzera doazen urdailei azken eztenkada sartu nahian. Bikotekideak utzi duelako, lanean arazoak dituelako, autoa matxuratu zaiolako edo jantzi dituen zapatak gustuko ez dituelako direnak eta ez direnak edaten dituen lehengusua, zeinahi arrazoi arazo bihurtuta, egiazko arazoa eskuen artean duela ohartu ere egin gabe. Opari bat ireki orduko muturren aurrean beste bat izaten duten haurrak, zer daukaten estimatzeko astirik gabe. Benga opariak! Gora edariak! Aupa jana! Tamalgarria, baina halakoxea da errealitatea.

Daukanak ez daukanari dio gabon kantak, baina daukanak ezer gutxi ematen dio ez daukanari; izan urteko edozein egun soil, izan hain akasgabeak diren Gabonak. Mundua gaizki banatua egon da beti, berez; eta batzuen trikimailu eta esku-hartze desegokien eraginez, are okerrago banatuta geratu zaigu aspaldion.

Bere seme-alabek Olentzerori elurra, denbora eta alaitasuna eskatzea nahiko luke Peruk, baina badaki panpina, eskiak eta auto telegidatua eskatuko dizkiotela. Aizkorri puntan paisaiari begira igaro nahiko luke Gabon Gaua, baina, jakina, betiko antzerkiko protagonista izango da aurten ere. Ez luke Loteria Nazionalaren txartelik ikusi ere egin nahi apalean, baina hankak balitu bezala azalduko zaio bateren bat. Nahiago luke datozen 15 egunean denari «ez, ez» esan, baina…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>