«Etxean kapelak egiten ditut, baina nire ametsa zapatak egitea da»

Naiara Elgarresta

Naiara Elgarresta

Naiara Elgarrestak (Urretxu, 1986) etorkizun oparoa zuen eskubaloi munduan, baina lesio larri bat medio, kirola utzi behar izan zuen. Firenzen (Italia) diseinua ikasi du eta Chanel enpresa ospetsuarentzat lan egin du.

Non egin dituzu ikasketak?

Madrilera joan nintzen estilismoa ikastera. Ondoren, Londresen (Erresuma Batua) egon nintzen ingelesa ikasten. Zapatak eta osagarriak betidanik gustatu zaizkit eta txikitatik argi nuen egunen batean Italiara joango nintzela ikastera. Ingeleseko azterketa gainditu ondoren, Firenzeko unibertsitate batera joan nintzen.

Non ari zara lanean?

Donostiako San Martzial kaleko Kilukamiluka dendan lan egiten dut. Eskolak ere ematen ditut han bertan.

Zein da zure ametsa, enpresa handi batean lan egitea?

Firenzen Chanelentzat poltsak egiten dituen enpresa batean lan egin nuen, diseinu eta prototipo sailetan. Enpresa handietan zenbaki bat besterik ez zarela konturatu nintzen. Enpresa txikietan hobeto zaintzen zaituzte. Dena den, nire ametsa nire enpresa sortzea da. Horretarako, lehenengo dirua lortu beharko dut. Lan asko egin beharko dut.

Dagoeneko kapelak eta durbanteak saltzen ditu zure markarekin.

Izan ere, horiek etxean egin daitezke. Baina nire ametsa goi mailako zapatak eta poltsak egitea da.

Zeintzuk dira zure material kuttunak?

Kalitate oneko larrua gustatzen zait. Ikasketa amaierako proiekturako epoxi erretxina ere erabili dut. Material hau surf taulak egiteko erabiltzen dute. Epoxiarekin zapaten zola egin dut eta goialderako txirrindularitzan oinarritu naiz.

Non eros daitezke zure produktuak?

Naiaraelgarresta.com webgunean, Kilukamilukan eta Groseko Zabaleta kaleko Kionita dendan. Enkarguz ere egiten ditut.

Goierrin ondo janzten garela uste al duzu?

Goierrin ondo janzten duen jende asko dago, baina asko ez dira nahi duten bezala janzten ausartzen. Besteek zer pentsatuko duten beldur dira. Hori oso tristea iruditzen zait. Askok Donostiara joaten direnean kapela jartzen dutela eta herrira iristean kendu egiten dutela esan didate.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>