Inazio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inazio Usarralde

Hunkituta nenbilen, Joxepa, sentibera. Malkoa oso saltaria zerabilkinat azken boladan. 19. Korrikaren hasieran Urepelen izan gintunan eta… hura mundua!, haiek irribarreak! Gazteak nahiz adinekoak. Denak pozik. Lazkaora heldutakoan, lekukoaren alboan joatea egokitu zitzaigunan, gure elkarteak heldu zionean. Hura ere une ahaztezina, ederra! Eta igandeko Bilboko Korrika amaiera? Nik hedabideen bitartez jarraitu ninan eta ostera malkoa, bizi-bizi, masailean behera. Zein testu ederra Lorea Agirrerena! «Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu. Eta zutik jarri, eta eskua altxa, eta hitza hartu. Beldurrak uxatu, lotsa erauzi, gutxiegitasun ustea erantzi eta duintasuna jantzi. (…) Kontua ekitea da». Ekin diezaiogun bada eta ez dezagula korrikaren lekukoa armairuan sar, Julio Sotok modu ederrean gogorarazi digun moduan.

Bide batez, Nafarroako txapelketako finalarekin ere malkoak isuri nizkinan lehen aldiz masturbatu den 70 urteko emakumearen bertsoak entzutean. Zein final ona!

Sentibera nenbilen, Joxepa, hunkibera. Eta badakin zerk hunkitu nauen gehien? Hunkidura hauek guztiak euskararen unibertsoaren barnean sentitzen garenok bizi ahal ditugula, esklusiboki. Hemendik kanpokoek ezin ditizten hauek bizi. Txiroago ibiliko ditun emozioetan. Ekin diezaiotela, beraz, lagunduko zienagu gure unibertsoan integratzen. Has daitezela mUsarralde-Madariagaundu hau euskaratik eta euskaraz birsortzen. Kontua ekitea baitun!

Joxepa Madariaga

Ondo, sentibera. Bihotza dantzan darabilkik, beraz, eta gozatu, Iñaxio. Malkotan lehertzean lotsatu egiten gaituk; horrexegatik ikasi diagu ezkutuan negar egiten. Pena duk.

Korrika eta bertsolaritza aipatzen dituk hunkitzeko arrazoi, euskararen unibertsoaren erdigunean dauden bi jarduera, bi ekintza garrantzitsu. Sokatiran irudikatuta, euskaraz ez dakitenak emoziotan txiroago, euskaraz dakigunok emoziotan aberatsago.

Baina eta, gure gazteek, ze emozio sentitzen ditek, euskararen unibertsoan bizi arren, euskaraz ederki jakin arren, Korrikan, bertso-saioetan, ikastolen aldeko festetan eta beraien arteko harremanetan erdaraz aritzen direnean? Hori duk nire kezka; kezka, baina esperantzaz jantzitako kezka: gazte sanoak dizkiagu eta ziur nagok, esnatuko direnean, ditugun altxorren kontzientzia hartuko dutenean, dakitenaz gozatuko dutela, euskaraz komunikatuko direla, bai aurrez aurre, bai internetez, whatzapez eta sortuko diren komunikazio sistema berri guztietan.

Gazteek, jakin, hizkuntza asko zakizkitek, mundu zabalean nonahi eta nornahirekin hitz egiteko trebezia ditek. Baina hemen, gure herrian, Euskal Herrian, euskaratik eta euskaraz biziko gaituk etorkizunean. Hala biz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>