«Gizonezkoek ogia banatu badezakete, guk zergatik ez? Hori da nire leloa»

Aingeru Legorburu, ogi banatzailea.

Aingeru Legorburu, ogi banatzailea.

Aingeru Legorburu (Zumarraga, Agiñaga, 1966) Illargi okindegian lanean hasi zen orain zortzi bat urte. Hasieran biltegian aritu zen, ogia banaketarako prestatzen. Ondoren, bi lankidek erretiroa hartu zutenean banaketan hasi zen. Banaketa lana, edozein dela ere, gizonezkoen lan esparrua izan da tradizionalki. Legorburuk eta bere hainbat  lankidek furgoneta gidatu, eta hala herrigunean nola baserriz baserri banaketa emakumezkoen lana izan, badela, agerian uzten du egunero.

Biltegitik banaketa egiteko urratsak bertigoa eman al zizun proposatu zizutenean?

Egia esateko bai. Furgoneta  sekula gidatu gabe nengoen, eta neguko elurteek beldurra eman zidaten. Eguraldi txarrarekin oso zaila egiten da behar den tokira iristea. Halakoetan, behin baino gehiagotan furgoneta argiak piztuta laga dut errepidean eta oinez joan naiz ogia uztera. Pena ematen dit bezero edadetuak ogirik gabe geratzea.

Honezkero ohituko zinen furgonetarekin gidatzen duzun hori ez baita nolanahikoa.

Bai, orain Legazpiko banaketa egiten ari naiz eta herrigunean izanda furgoneta handia behar dut.

Aurretik Ezkio-Itsaso eta Legazpiko auzoetan eta baserrietan banatu duzu ogia. Banaketa era hori aspladikoa da, ezta?

Bai, baserri batzuk tokitan daude. Bezeroak ateratzen dira ogiaren bila edo ogiaren luzera duten postontzietan zein zuhaitz adarretatik zintzilik dauden poltsatan uzten dugu ogia. Oso sistema tradizionala da.

Luzaroan iraungo duela uste al duzu?

Ez. Baserrietako bezero asko eta asko edadetuak dira. Haiek joaten direnean banaketa mota honek zentzua galduko duelakoan nago. Dagoeneko gertatzen ari zait Legazpiko baserri batzuetan, adinekoak zendu eta baserrietan geratzen direnak, kalean lan egiten dutenez, ogia kalean bertan erosten dute.

Baina oraindik egon badaude.

Bai, eta aspaldi egiten zuten eran ogia eramatea eskertzen dizute. Garaian garaiko produktuak oparitu, eta esker ona agertzen dizute: aranak, sagarrak, intxaurrak… Gauza polita da hori. Hamabost egunean ez bazoaz, itzultzean zure falta sumatu dutela adierazten dizute.

Hori ere garai bateko ohitura da, ezta?

Bai, lan honen alderik ederrena da, jendearekin egotea, alegia. Goxo hartzen zaituzte eta batzuetan badirudi zure zain daudela hitz egiteko, nahiz eta eguraldiari buruzko hitz soilak izan. Horrek asko betetzen nau. Gainera, eguraldi txarra egiten badu baserriraino ez joateko esaten dizute.

Elurra al da okerrena?

Zalantzarik gabe. Gainditu egiten nau. Eguna ilun-ilun datorrenean eta errepideak elurtuta badaude izutu egiten naiz.

Emakumezkoa izatea traba izan al da?

Ez, gizonezkoek ahal badute, guk zergatik ez? Hori da nire leloa. Ez ditut hiru kaxa aldi berean eramango, baina banaketa berdin-berdin egingo dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>