Beratasun, samurtasun piska bat…

EAndoni Salamerogunotan, udaberriko garai ederroz, izadiko pasarte hunkigarriez gozatzen ari naiz. Ingurua berpizten ari da, eta horrek, izadia bezala, neu eraberritzeko eta biziaren beteaz gozatzeko egokiera ematen dit. Zoragarri da konturatzea guztioi garai honek, erne eta barrua prest egonda, amesteko zenbat ate irekitzen dizkigun.

Gaur «dispertsioa, sakabanatu, noraezean» bezalako hitzak entzuten ditut albisteetan; adiera jakin baten adierazle dira, egoera desberdinen adibide garbi. Niri honako hitzok entzutean, arazo sakon baten erakusgarri direla iruditzen zait, gizakia, lasterraren lasterrez biziz jasaten ari den ondorio latzen isla: gure eskubideak edozeren gainetik aldarrikatuz betekizunak ez egoki ematearen erakusgarri garbi. Ez nabil norberak, ekintzen bidez, aurrera eraman beharreko betekizunez bakarrik, nire ustez, eginkizunik handiena gure bizian «izana» da, egiazko gizakia izatea, alegia, norberari egokitu zaion herri, inguru, ingurunearekin bat eginez gizaki eragile izaten jakitea. Askok pentsatzen dute «izan» aditzak ez duela horrenbesteko garrantziarik, aditz soila dela, baina «izan» horrek zipriztintzen ditu gure eguneroko jarduneko ekintza, pentsamendu, emozio eta sentipen guztiak.

Presaz ekintzak aurrera eraman nahian gabiltza, batzuetan harro eta erasokor, bestetan, uzkur eta ikarati, gizakia aurrera jo nahian dabil, eta batera zein bestera ez du asmatzen; helburu batzuk burutzen ditu, baina barrua ez du asebetetzen,  izatea bere betean bizitzen ez duelako, ez diolako orainari dagokion arreta eskaintzen,  biziarekin talka eroan dabilelako, beti.  Norberarekiko samurtasuna, beratasuna falta zaio izatearekin bat egiteko.

Samurtasuna behar dugu eta barrua ez dugu lasai, ez dago bakean, ez dugu bat egiten denarekin, gertatzen zaigun guztia da arazo, bestea da errudun, gure ego-ak, sortutako irudi faltsuaren bidez, egokitutako egoeretan ikustarazten digu erruduna, eta indarra biziaren ederrean eman baino, deskalifikazioan eta irainean jartzen dugu; non daude hitzez, ekintzez,  erakutsi beharreko benetako fereka samurrak? Non, bihotzez eman beharreko besarkadak? Non, lagunekin txutxumutxean aritu baino, jokabide eraikitzaileetan elkarrekin partekatu beharreko benetako hitzak? Non, hitzok adieraztean, gure gorputzak eta espirituak agertu beharreko gardentasuna? Non, ukabilak baino, eskuak zintzoki luzatzeko borondate zintzoa? Txikitatik dakigu zein garrantzitsu den samurtasuna, eta noizko, utzi nahi dugu premiazko behar hauxe? Samurtasuna ez da saltzen, gure baitan dago, gure barruak eman digu berau betidanik, horretarako sortuak izan ginen, samurberak izateko, ez gizarte honek, erakutsitako jokabide agintzaile eta oldartzailea geureganatzeko.

Kendu zure estalkia, izan zeu, benetako zeu, ez egoera bakoitzerako asmatzen dituzun mozorro horiek, haiek ez dira zure egiazko izanaren erakusgarri. Erreparatu naturak berak uneoro loratutako bizian, isilean egindako lan geldo, baina hunkiberan; geu harritzen gaitu, gugan etengabeko esnatzea gerta dadin, gure izate samurra eta bihozbera berreskuratzeko, txikitako naturaltasuna loratzeko, egiazki garena erakusteko. Jo zure bihotzera, aditu zure taupadak, sentitu zugan dagoen bizia, arnastu une horixe, orain hori, pentsatu gabe, bakarrik une horretan izanez… jabetu bizira negar malkotan etorri zinen moduan, erne eta bizi aurkeztu zintzaizkiela gurasoei. Halaxe nahi du Biziak, modu eder eta samurrean aurkez zakizkien besteei, opari maitagarri gisa. Ea ahalegin horretan zortea duzun, hori nahi nuke, benetan. Jaso bihotzez besarkada bero-samurra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>