Gipuzkoako adinekoen hainbat elkarte plataforma bakarrera bildu dira. Gizarte solidarioago baten eraikuntzan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute.
«Adinekook gizarte solidarioago eta humanoagoaren eraikuntzan parte hartzeko eskubidea nahiz konpromiso morala dugu». Hitz horiekin amaiera eman diote Gipuzkoako adinekoen hainbat elkarteren batuketatik jaio den plataformaren manifestuari. Adinekoei zuzenean eragiten dieten aferez harago, gizarte osoaren ongizatea dute ipar. Ahots bakarrera bildu dira, nahiz eta jakitun diren elkarte bakoitzak bere ikuspegia duela. Ikuspegiak ikuspegi, elkartzen dituen horretatik abiatu dira adinekoen ahotsa entzun dadin.
Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaro batean adinekoen mugimenduak elkartuko zituen plataforma bat sortzeko aukera jarri zuten mahai gainean. Giza eskubideen oinarrizko zoruaren defentsan arituko zen plataforma gisa pentsatu zuten. Gipuzkoako Adinekoen Foru Batzordeak elkarteei deialdia egin zien eta azaroan plataforma eratu zuten.
Plataformara bildu diren Gipuzkoako elkarteak honakoak dira: Agijupens (Jubilatu etxeen elkartea), Nagusilan (boluntarioen elkartea), Duintasuna (EH Bilduri atxikitako adinekoak), Fevaas (aurre jubilatutakoen elkartea), Gepe (joera ezkertiarreko pentsiodunen elkartea), Helduan Adi (Esperientzia Eskolan aritutako jubilatuen elkartea) eta Helduen Hitza (Donostiako Esperientzia Eskolako ikasle ohiak).
Ideologia ezberdineko adinekoak dira, baina guztiek ahots bakarrean adinekoek gizartearen eraldaketaren eraikuntzan duten tokia aldarrikatu dute. Manifestua sinatu duten elkarteetako kideek jakin badakite pentsioen kudeaketa ereduaz ikuspegi ezberdinak dituztela, baina ikuspegi desberdin horiek, zilegi izan arren, alde batera utzi dituzte ahotsa altxatu eta denbora luzeko borrokan irabazitako eskubideen alde egiteko. Pentsioez ari dira, baina epe luzera begira daude. Izan ere, pentsioak pertsona guztientzat bizitza duin baten berme gisa ikusten dituzte.
Miguel Calvillo ordiziarra plataformako kidea da, Helduan Adi elkartearen ordezkari gisa ari da. Elkarlanak orain artean eman duena aletu, eta etorkizun hurbilean eman nahi dituzten urratsak azaldu ditu. Aurretik adinekoen kontzeptuan gauzatzen ari den iraultzaz hitz egin du: «Lehen, jubilatzeaz batera ezer ere egiteari uzten zenionaren irudia zegoen. Akatsa da. Erretiroa hartzean ez daukazu zertan geldirik geratu, bizitza mutur aurretik pasako balitzaizu bezala. Adinekook hiritarrak izaten jarraitzeko eskubidea dugu eta, jakina, gizartearen plazan parte hartzeko eskubidea ere bai».
Pentsioak ardatz
Hasi berri duten bideak emandako lehenengo fruitua da sinatu duten manifestua. Hamabost puntu jasotzen ditu dokumentuak. Pentsio publikoen babesa, 1.080 euro azpiko pentsioak ez dituztela onartuko eta pentsio pobreak sortzen dituen enpleguaren kontrako aldarria dira manifestuaren ardatza eta ondorioa.
Izan ere, adinekoen plataformaren jarduna egoera sozioekonomiko zehatzean sortu da. Hain zuzen, krisiak eragindako egoeran. Manifestuan honakoa diote: «Ahulenen ahotsa izan nahi dugu, ahalbide ekonomikoen murrizketak gehien pairatzen ari direnen ahotsa, gure helburua baita behar den elkartasun sentimendua lantzea, guztion artean gure eskubideak babes ditzagun». Sinistuta daude ahulenak babesteko tresna eraginkorrena gizarte segurantzaren pentsioen sistema dela. Calvilloren hitzetan, «pentsio sistema publiko eta unibertsala ezinbestekoa da, baina badirudi egun sistema bera jasangarria den auzitan jartzen ari dela».
Aitzitik, plataformako kideek pentsio sistema publikoaren bideragarritasuna derrigor ziurtatu behar dela diote. Areago, pentsio sistemaren gaineko eztabaida «ideologikoa» delakoan daude. Alde batetik, pentsio sistema publikoa legoke; elkartasuna oinarri, aberastasunen banaketa bermatu beharko lukeena Bestalde, pentsio sistema pribatua legoke, sektore pribatuak kapitalizazio sistema baten bidez finantzatuko lukeena. Bigarren ereduaren arriskua, alabaina, langile guztiek sistema pribatuan sartzeko baliabiderik ez izatea da. Horrenbestez, manifestuan diotenez, langile horiek «gizarte bazterketara kondenatuta egongo lirateke». Calvilloren hitzetan, «aberastasuna sortzeko kapitala ez da nahikoa, lana ere behar da; izan ere langile klaseak sortutako balio erantsiari zor zaio hein batean Barne Produktu Gordinaren (BPG) bilakaera».
Finean, pentsio publikoen sistemak aberastasunaren banaketa bermatzen du eta, kotizazioekin iritsiko ez balitz, botere publikoek pentsioak bermatu beharko lituzketela defendatu dute manifestuan. Nola? Osagarria aurrekontu orokorretatik ipinita, «Europako hainbat herrialdetan egiten den bezala».
Pobreziaren atalasea
Calvillok behin eta berriz aipatu du pobreziaren atalasea. Europar Batasunak dioenez pertsona baten pobreziaren atalasea kalkulatzeko, bizi den lurraldearen langileen soldataren batez bestekoaren %60an kokatzen da atalase hori. Hau da, errenta mailari estu lotuta dago atalasea. Lerro horretatik behera bizi direnak pobreziaren atzaparretan daude, arazoak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko.
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako batez bestekoa eginda, atalasea 1.080 eurokoa da. Hori izan beharko litzateke, horrenbestez, lanbide arteko gutxieneko soldata eta hori da, plataformako kideentzat lortu beharreko helburua soldatetan nahiz pentsioetan. Hala ere, soldatak gero eta apalagoak direnez, kalkulua BPG per capitaren %50aren gainean egitea proposatu dute.
Manifestuaren azken puntuetan enplegu prekarioek pentsio pobreak sortzen dituztela salatzen dute. Calvillok dioenez, «Soldatek behera egin, eta kotizazioek ere behera doaz. Lanaldiak murrizten dira eta enpresa askok gehiegikeriak egiten dituzte. Zer esanik ez emakumezkoen egoeraz, gizonezkoek baino %27 gutxiago irabazten dute gurean!».
Lanean hasi zirenean zehaztutako lau lan ildoetatik pentsioei dagozkienak garatu dituzte, batik bat, manifestuan. Calvillo: «Orain sindikatuekin hitz egiteko asmoa dugu eta gazteekin bilduko gara gertatzen ari zaigun hau guztia berandu baino lehen guztiok ukituko gaituela adierazteko».
Ikasteko aukera
Adinekoen elkarteen plataforman beste bi lan ildorekin ari da lanean: prestatzen jarraitzeko aukera emango dien Ikasketa Legearen garapen osoaren aldarria eta Lagunkoi programa hiru lurraldeetako herri guztietan martxan jartzeko eskakizuna.
Ikasten jarraitzeko aukera eta baliabideak nahi dituzte. Calvillok argi dauka, «guk Ikasketa Legea osorik garatzea nahi dugu, gure ustez erreminta itzela da adinekook gizartean parte hartzen jarraitu dezagun». Goierri Eskolarekin elkarlanean ari dira jada, eta erretiroa aurki hartuko dutenentzat jardunaldiak prestatzen ari dira. «Esperientzia pilotua da, gero Gipuzkoa osora zabaltzea nahiko genuke».
Lagunkoi programarekin lanean ari dira. Erreminta gisa hartzen dute Ordizian, Idiazabalen eta Zumarragan martxan ari dena jada. Programak adinekoen parte hartzea bermatzen duen ekintzak hartzen ditu. Zumarragan, esate baterako, jubilatu etxeko adinekoek eta gazte txokoko haurrek honezkero hainbat ekintza antolatu dituzte elkarrekin.
Ezberdinen topaleku da plataforma. Guztiek, ordea, argi dute nolako gizartea nahi duten eta nolakoa ez duten nahi. Borrokak ez dauka adinik.