Legazpiko Sustraiak taldeko neskek eta Urretxu eta Zumarragako Irrintzi taldekoek ezpata dantzan parte hartu dute aurten. Legazpin duela lau urte dantzatu zuten lehenengoz eta Zumarragan aurten estreinatu dira.
Erabakiaren nondik norakoak ezagutzeko eta aurreko egunak, ekitaldia bera eta ondorengo egunak nola bizi izan zituzten jakiteko, Goiberri aldizkariak Oihane Auzmendi legazpiarra eta Oihane Vicente zumarragarra elkartu ditu. Auzmendik bi aldiz parte hartu du Legazpiko ezpata dantzan eta Vicente kapitaina izan da Zumarragakoan.
Ezpata dantza urteko ekitaldi garrantzitsuena da bi taldeentzat eta bi dantzariek oso argi dute neskek ere parte hartzea merezi dutela.
Legazpin, Jon Dorronsoro Sustraiak taldeko kidea izan zen nesken parte hartzea bultzatu zuena. «Aldaketak onartzea kosta egiten zait eta erreparo pixka bat eman zidan. Dena den, egin genuen. Aurten iragarri egin dugu, baina orduan ez. Herritar batzuei ez zitzaien ondo iruditu. Aurten iragarri egin dugu eta errazagoa izan da», esan du Auzmendi legazpiarrak.
Duela lau urte neskek bakarrik dantzatu zuten, nesken jantziekin. Aurten, Legazpiko ezpata dantza mistoa izan da eta ezpata dantzariz jantzita egin dute. Zumarragakoa ere hala izan da.
Irrintzikoak duela bi urte hasi ziren gaiari buruz hitz egiten eta iaz hartu zuten erabakia. Jantziak berritu dituzte eta horrek estreinaldia atzeratu du. Jantzi berriak Ikerfolkeko Ane Albisuk diseinatu ditu.
Kezka apur bat zuten, herritarren erantzunaren inguruan. Hori dela eta, argudioak lantzea erabaki zuten. «Kazetariei eta kontra daudenei erantzuteko prestatu behar ginela erabaki genuen. Erantzunak landu genituen, denok arrazoi berberak emateko», aipatu du Zumarragako dantzariak.
Zorionez, bai Legazpin eta bai Zumarragan herriaren gehiengo zabal batek begi onez ikusi du dantza taldeek hartutako erabakia. Gehienek neskek ere urteko egun handienaz gozatzeko eskubidea dutela ulertu dute.
Bai Sustraiakekoek eta bai Irrintzikoek oso argi dute emakumeek ezpata dantza egiteko eskubidea dutela. «Dantza taldeetan neskak gehiengoa gara eta, beraz, gu gara lan gehien egiten dugunak. Dena den, Legazpin ezpata dantza mutilak motibatzeko balio zuen eta guk ere parte hartzeak beraiek errazago uztea ekarriko ote zuen beldur nintzen. Zorionez, ez da halakorik gertatu».
Beste herri batzuetan ere neskak orain arte mutilenak ziren dantzak egiten ari direla eta argudio berberak erabiltzen ari direla aipatu dute bi dantzariek. Tolosako bordon dantza aipatu dute, besteak beste.
Esperientzia hunkigarria
Tolosan, Legazpin, Zumarragan… emakumezkoek festetako ekitaldi garrantzitsuenean parte hartzeko aukera dute azkenean. Lau urte pasa dira dagoeneko Auzmendik ezpata dantza lehenengoz egin zuenetik, baina ez ditu egun haiek ahaztu. «Oso urduri nengoen. Santikutz egunean, plazan, herritar guztien aurrean, dantza egitea oso hunkigarria izan zen. Oso oroitzapen polita dut. Jende askok zoriondu ninduen, baina hurrengo egunetan Interneten kritika batzuk egon ziren eta horrek min egin zidan», gogoratu du.
Zumarragarrak ere urduritasunez bizi izan ditu ezpata dantza aurreko egunak. «Zumarragako ezpata dantzak esfortzu fisiko handia eskatzen du eta, gainera, jendearen erantzunak kezkatzen ninduen. Egunari berari dagokionez, emozioa eta poza izan ziren sentimendu nagusiak», azaldu du Irrintzi taldeko dantzari gazteak.
Jendearen erantzunak asko poztu du. «Gehienek zoriondu egin gaituzte. Badakigu batzuk aurka daudela, baina gure helburua lortu dugu: nesken parte hartzea naturaltasunez hartzea. Oso pozik gaude», esan du Vicentek.
Saria, ez pribilegioa
Hemendik aurrera, neskek urtero edukiko dute dantza egiteko aukera, bai Zumarragan eta bai Legazpin. Urtean zehar lan gehien egiten dutenek parte hartuko dute, neskak izan edo mutilak izan.
Beraien ustez, ezpata dantza egitea sari bat izan behar da eta ez pribilegio bat. «Ikasturte osoko lana hartu behar da kontuan. Urte osoan lan egin dutenei dagokie ezpata dantza egiteko eskubidea. Sari bat da. Mutil batzuk apirilean ezpata dantzaren entseguak noiz hasi behar ziren galdetzen zuten eta ez zitzaidan ondo iruditzen horiek dantza egitea. Nahiz eta oso dantzari onak izan», azaldu du Auzmendik.
Vicente iritzi berekoa da. «Jaialdietan urtean zehar gogor lan egin dutenek dute protagonismoa eta ezpata dantzan ere horrela izan behar da», amaitu du.