Mugarrien harriak

Joseba AlonsoDenbora librean, Joseba Alonso mugarriei buruzko informazioa bilatzen eta mugarriak aurkitzen aritzen da. Hamar bat urte badaramatza dagoeneko horretan. Herri baten historia ezagutzeko eta nortasunari eusteko, beharrezkoa ikusten du Alonsok mugarrien historia, kokalekua ezagutzea. Goierriko mugarrien mapa osatzen ari da pixkanaka, baita Gipuzkoakoa ere. 1285. urteraino iritsi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere elkarlanean aritzen da.

1285. urteko mugarrietaraino heldu nahi du Alonsok. «Zergatik data horretaraino? Data horretan hasten direlako herriak edo kontzejuak osatzen. Segurari eta Ordiziari atxiki zitzaizkien Goierriko gainerako herriak. Jurisdikzionaltasuna Segurarena eta Ordiziarena izango zen, baina lurraldetasuna mantendu egin zuen herri edo kontzeju bakoitzak».

Atzekoz aurrera

Data horretara iristeko, ordea, atzekoz aurrerako lana egiten ari da. «Azkeneko mugarritzetik hasi naiz, 1942tik alegia». Alonsoren esanetan, «1939 eta 1942 artean herri guztiak mugarritu ziren, eta testamentuetan gertatzen den bezala, azkenekoak dauka indarra. Aireko oso argazki politak dauzkat».

1889an beste mugarritze bat  izan zen Gipuzkoan. «Garai hartako informazio asko lortu dut Madrilen. Gipuzkoan 16 liburu edo metro bateko mapak egin ziren. Kaxiano Zufiriak eskuz egin zituen plano horiek. Mugarriak non zeuden, mugarrien izena eta mugarri bakoitzaren artean zenbateko distantzia zegoen zehazten da bertan». Mapa horri esker, Arriarango mugarriak aurkitzea lortu du Alonsok. Izan ere, «1889an kontzejua zen Arriaran eta bere mugak zituen. 1942an, ordea, dagoeneko Arriaran Beasaingo auzoa zen eta ez zuen mugarririk».

Mapa kartografikoa

Denboran atzerago eginez, 1871 ere data garrantzitsua izan zen mugarrien gaian. «Espainiako mapa kartografikoa egin nahi zuten. Europan ia 100 urte zeramaten eta Espainian ez zegoen mapa kartografiko onik. Baina errepideak-eta egiteko mapa on bat beharrezkoa zen. Militarrek ere interes handia zeukaten mapa hori egiteko». Alonsok jakinarazi duenez, dena den, Gipuzkoako herri guztiek ez zuten mugarritzerik egin eta  informazioa bilatzea zaila da. «Hala ere, konplikatuena, 1617koa da, herriak desanexionatzen hasi zirenekoa».

Artxiboez gain, ordenagailua eta Qgis programa lagun onak ditu Alonsok. Dena den, mugarria aurkitzea ez da askotan lan erraza izaten. «Sasiak edo belarrak hartuta daude askotan. Mugarri bat aurkitzen dudanean, garbitu, argazkia atera eta kokapenaren datuak zehatz-mehatz hartzen ditut».

Zumarraga eta  Legazpi arteko mugarri bat.

Zumarraga eta Legazpi arteko mugarri bat.

Toponimia garrantzitsua da, mugarri bakoitzak bere izena baitu. Mugarriak hareharrizkoak edo kareharrizkoak izaten dira gehienetan: «Garai batean diru asko ordaintzen zen mugarriagatik». Gaur egun hesolak jartzen dira.

Mugarriek bestelako informazioa ere ematen dute.  Batetik, zein herrirekin muga egiten duen (herri bakoitzak bere hizkia du). Eta bestetik, herriko zenbatgarren mugarria den. Beasainen kasuan, esaterako, B1, B2… dira. Beasainekin jarraituz,  orain arte aurkitutako mugarririk zaharrena Domikokoa da, Itsasondoren, Bidegoianen eta Beizamaren artekoa.

Arriarango mugarriak aurkitzeko laguntza eske

Beasaingo Arriaran auzoak  baditu bere mugarriak, garai batean kontzejua izan zelako. Joseba Alonsok gehien-gehienak aurkitu ditu baina oraindik falta zaizkio hiruzpalau: Lapurretxetik urtegira bitartekoak. Falta zaizkion mugarriak aurkitzeko auzotarren laguntza eskatu nahi du Alonsok: «Arriarandarrek bere nortasunari eusteko oso garrantzitsua da garai batean kontzeju izan zirela jakitea eta mugak non zeuden jakitea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>