Legazpiko Udalak Kirol sariak banatu berri ditu, eta saritutako gazte, eliteko kirolari eta boluntarioen artean emakume bakarra izan da: Irene Paredes. Legazpin 1991ko uztailaren 4an jaioa, Bilboko Athletic Club futbol taldeko jokalaria da 2010etik, eta Espainiako selekzioko kide ere bai duela bost denboralditik –aurten Kanadan izan da, Mundu mailako txapelketan–. Defentsa postuan jokatzen du, baina golak ere sartzen ditu. Azkena, asteburu honetan bertan, Bilbokoek Mallorcan Collerense taldearen aurka egindako partidan (0-3 irabazi zuten). Herrikideek eskainitako oroigarria jaso eta gero, eta Mallorcako bidaiaren bezperan eskaini du elkarrizketa Paredesek. Bere ibilbideari buruz eta emakume futbolariei buruz jardun du, besteak beste.
Pozik sariarekin?
Bai. Neretzako ohore bat da horrelako saria nere herrian jasotzea. Edozein tokitara joaten naizela, beti Legazpikoa naizela esaten dut, eta asko eskertzen da herriko jendea ere nirekin gogoratzea.
Nola doa aurten Athletic?
Lehen mailan gaude, eta bigarren postuan gaude sailkatuta, Athletico Madrilen atzetik. Garaipen bolada ona daramagu.
Ibilbide oparoa egin duzu, maila gorenera iritsi zara eta.
Bai. Athleticera 2010ean iritsi nintzen. Aurretik hiru denboraldi egin nituen Realean, han ere lehen mailan. Bigarren mailan ere ibili naiz, Zarautzekin 2006-07 denboraldian. Aurretik, Urolan denboraldi bat egin nuen. Baina futbolean Ilintxan, herriko taldean, hasi nintzen 2004-05ean.
Zergatik futbola?
Txikitatik gustatu zait. Neure burua futbolean jokatzen gogoratzen dut beti, baina kalean. Herrian ez zegoen neska txikien talderik eta 14 urte izan arte itxaron behar izan nuen. Orduan, seniorren taldean sartu nintzen Ilintxan, ni baino jokalari zaharragoekin. Neska altua nintzen orduan, baina fin-fina, indarrik gabekoa. Amak esaten dit hasieran beti lurrean ibiltzen nintzela. Baina beteranoekin ondo ikasi nuen futbolean, bai. Denboraldi bakarra egin nuen, taldea desagertu zelako. Horregatik joan nintzen Urolara. Handik Zarautzera egin nuen salto, maila altuago batera, eta gero Realak deitu zidan. Ordutik lehen mailan nabil.
Nolakoa da lehen mailako futbol jokalari baten egunerokoa?
Gu profesionalak gara, edo hori jartzen du behintzat fitxan, baina gure ordutegia ez da futbolari profesional batena. Arratsaldeetan entrenatzen dugu, 16:00etan hasita, goizetan jendeak ikasi edo lan egiten duelako. Nik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi dut, Bigarren Hezkuntzan masterra ere badut, eta aurten Lezaman (Bizkaia) lan egiteko aukera eskaini didate, emakumeen futbolaren inguruan lantzen ari den proiektu batean: Bizkaian Atlheticekin hitzarmena duten klubekin lan egiten dut, harrobia lantzeko. Astean behin etortzen dira alebinak, infantilak eta kadeteak entrenatzera. Nere ikasketekin zerikusia duen lana da, eta pozik nago.
Futbolari profesional gisa egiten duzun lanaren osagarria dela esan al daiteke?
Bai. Badaude neskak horretaz, hau da, futbolaz, bizi direnak, baina… Nik goizetan lan hori egiten dut, eta arratsaldean futbola.
Zenbat denbora eskaintzen diozu futbolari?
Astean lau egunetan entrenatzen dugu, arratsaldeetan: astelehen, asteazken, ostegun eta larunbatetan. Ostiraletan ere bai batzuetan, asteburuko partidaren arabera. Entrenamenduak egunaren araberakoak dira. Baina egunero 16:00etarako Lezaman egon behar dugu, gimnasioko lana egiteko. Ordu erdi edo hiru ordu laurden egiten ditugu, eta gero zelaiara ateratzen gara. Beste bi ordu egiten ditugu eta 19:30ak aldera ateratzen gara.
Eta asteburuetan?
Partidak izaten ditugu, normalean bat etxean eta bestea kanpoan. Etxean jokatzen dugunean saiatzen naiz larunbatetan etxera etortzen, familia eta lagunak ikustera, baina kanpoan jokatzen dugunean ezin dut, bezperan bidaiatzea tokatzen delako normalean.
Nola egiten dituzue bidaiak?
Atlheticen, zorionez, bidaiak hegazkinez egiten ditugu, baina kategoriako talde gehienetan ez dago horrelakorik eta autobusez ibiltzen dira. Bartzelona gu baino hobeto dago baldintzei dagokienez, eta azkeneko lau ligak irabazi baditu ere, autobusez ibiltzen dira. Alde horretatik pribilegiatuak gara.
Pentsatzen al zenuen txikitan maila honetara iritsiko zinenik?
Ez. Futbolean jokatzen nuen gustuko nuelako, eta Ilintxan jokatzea gustatuko litzaidakeela pentsatzen nuen, edo Realean… Baina hau, ez nuen imaginatzen.
Eta Espainiako selekzioan jokatzea?
Kristoren poza hartu nuen deia jaso nuenean. Maila gorenean jokatzea da. Aurtengoa selekzioan egingo dudan bosgarren denboraldia da.
Mundialean izan zinen udan.
Bai, Kanadan. Kristoren esperientzia izan da. Ez genuen talde gisa mailarik onena eman, egoerak ez zuelako lagundu, baina ikaragarria izan da.
Zerk bultzatu zintuen futbolean aritzera?
Nik kirola egin nahi nuen, eta familian beti izan dut horretarako laguntza: lehen atletismoa egiten nuen, judoa ere bai… Botak jantzi eta futbolean jokatu nahi nuela esanez etxera joan nintzenean , babesa izan nuen, ez beste neska batzuek bezala, mutilen kirola dela uste dutelako askok oraindik.
Baina ez da horrela.
Nik ez dut uste nesken edo mutilen kirolik dagoenik. Ez kirolik, ez lanik…
Gaia zeuk atera duzunez, emakume eta futbolari zara.
Bai, eta zaila da. Beti esaten dugu gizartea aurrera doala eta aldatzen ari dela, baina oso poliki. Guk zortea dugu Athletic-ek asko baloratzen gaituelako, ligako aurrekontu altuenetakoa daukagulako. Baina gu bezala lehen mailan dauden beste taldeetan egoera ez da berdina. Lanean jarraitu behar da, dudarik gabe. Txiki- txikitatik hasi behar da hori lantzen, eta etxeetan, esaterako, neska bat baloiarekin joaten denean bultzatu egin behar da. Heziketa aldatuta, gizartea bera ere aldatuko da.
Iritsiko al da Messi bezain ospetsua izango den emakume futbolari bat ezagutuko den garaia?
Hasteko, ez zait bidezkoa iruditzen jokalari batzuek hainbesteko dirutza kobratzea eta horrelako aldeak egotea. Baina emakumeok kiroletik bizi ahal izatea eta futbolean, esaterako, egoera minimo batzuetan jokatu ahal izatea, hori lortu behar da. Bestela, Messi bezain ezaguna ez, baina Espainia mailan Veronica Boquete dago, Bayern Munich taldean ari dena, Hemendik kanpo badaude gure ligak baino hobeak, eta zer begiratu eta zer kopiatu badago, Italian, Suedian edo Estatu Batuetan, esaterako, erabat profesionalak dira neskak, hemen mutilak bezala.
Futbolak zer eman dizu?
Nire bizitzaren parte garrantzitsuenetariko bat da. Poza eman dit, asko disfrutatzen dut. Tituluen aldetik ez, porrot gehiago izan ditudalako sariak baino. Baina lagun pila bat egin dut, esperientzia ezberdinak bizi izan ditut, toki asko ezagutu ditut. Nere izaera lantzen ere lagundu dit, gauzak egiterakoan lehiakorra izateko orduan adibidez… Dena, azken batean.
Eta zer dauka futbolak oraindik zuri emateko?
Sariak iristea espero dut. Eta hurrengo Mundialean ere jokatzea, zergatik ez, atzetik jokalari onak badatoz ere.
Jokalari garaia amaitzean, zer?
Oraindik asko falta da horretarako. Ikasten jarraitzeko asmoa daukat, erretiro horri begira. Momentuz disfrutatzen jarraituko dut.