Txikitatik gustuko izan du korrikan ibiltzea Izaro Rubiok (Ordizia, 1974). Ama izan ostean berriz ere serio heldu zion korrikari –alaba eta semea ditu–, eta ohikoa da lasterketetako lehenengo postuetan ikustea.
Noiz hasi zinen korrika?
Betidanik egin dut kirola, baina 2009. urtean hasi nintzen lasterketen munduan. Aitak beti egin du korrika, maratoi ugari egindakoa da eta ia 70 urterekin oraindik korrikan jarraitzen du. Txikitatik bizi izan dut lasterketen mundu hau, anaia eta ni aita animatzera joaten ginen amarekin.
Zein izan zen egindako lehenengo lasterketa?
Lilatoia izan zen. 5 kilometroko lasterketa da, eta mundu honetan sartu eta segitzeko bide bat dela uste dut. Gero luzexeagoak egin nituen: 10 kilometrokoa, Josetxo Imaz memoriala… eta iaz, Maratoia egin nuen lehenengo aldiz Bartzelonan.
Askok esaten dute lasterketa matxista bat dela Lilatoia. Zuri zer iruditzen zaizu?
Ez zait hala iruditzen. Emakumeak maila berean lehiatzen diren lasterketa bakarra da. Mundu honetan hasten diren emakume askori kosta egiten zaie lasterketetara joatea, eta Lilatoia horretarako hasiera ona da. Gainera, Euskal Herrian emakumeen egoera ona da arlo gehienetan, baina ez da berdina gertatzen munduko beste hainbat tokitan. Ni aurten ez naiz irtengo, hurrengo astean lasterketa bat dudalako. Aurten 5.000 emakume irtengo dira, eta datu pozgarria da.
Duela bi urte irabazi zenuen Lilatoia.
Bai, Lilatoriaren 25. urteurrena izan zen. Sorpresa izan zen, ez nuen espero. Hala ere, podiumak baino gehiago poztu ninduen denborak: inoiz ez nuen 5 kilometro 18 minutu baino azkarrago egin. Niretzat garrantzitsuagoa da denbora postua baino, hor ikusten da bakoitzak duen maila zein den.
Lehiakorra zara, beraz.
Oso lehiakorra naiz , baina korrikan eta beste edozein arlotan ere bai. Orokorrean, hobetzeko beharrezkoa da lehiakorra izatea. Hala ere, lehiakortasunak ez dut uste generoarekin zerikusirik duenik.
Zer ematen dizu korrikak?
Gauza asko; batetik izugarrizko askatasuna, eta gainera norberaren momentua da, bakoitzarena. Bestetik, osasunarentzat ere ona da. Guk talde bat dugu: Bolitas anaiak. Lagun arte polita izaten dugu, eta afariak ere egin ohi ditugu. Korrika egiteko zapatila parea eta gogoa besterik ez da behar, eta bukatu ondoren sortutako endorfinek datorrenari indartsuago aurre egiten laguntzen didate.
Ama izan ostean hasi zinen korrika egiten.
Bai, ia haurrak koskortutakoan hasi nintzen. Txikiak direnean ez dugu denbora asko hartzen gure gauzetarako, baina handitzen direnean aldatu egiten da kontua. Nire seme-alaba Unax eta Sarak ia 12 eta 10 urte dituzte, eta orain entrenatzeko denbora gehiago dut; hori emaitzetan nabaritzen da. Uste dut hori dela herri lasterketetan beterano asko lehen postuetan egotearen arrazoia.