«Gipuzkoa barnealdeko herrien garapena ezin da ulertu itsasorik gabe»

Jose_Antonio_Azpiazu-1

Ikasketaz filosofoa da Jose Antonio Azpiazu (Legazpi, 1944), baina historialaritza du pasio. Azken hogei urteetan, hogei bat liburu argitaratu ditu. Euskaldunok itsasoarekin izan dugun harremanaren ingurukoak dira gehienak. Iazko azaroan argitaratu zuen azkena: Y los vascos se echaron al mar. Dagoeneko jubilatuta badago ere, gazte sentitzen da, eta idazten jarraitzeko asmoa du: «Droga bezalakoa da niretzat».

Unibertsitate ikasketak ez zenituen edonon egin: Erroman. Nolatan?

Hamabi urte nituela Oñatiko Agustinoetara joan nintzen ikastera, eta bertan egon nintzen hemezortzi urtera arte. Aitak Patrizio Etxeberrira bidali nahi ninduen lanera, baina nik ikasi egin nahi nuen. Gero, Oñatiko Agustinoek Erromara bidali ninduten unibertsitate ikasketak egitera. Zorte handia izan nuen. Han filosofia ikasi nuen hiru urtez, Jesuitekin. Gero, Madrilen Filosofia y Letras egin nuen, Complutensean. Egia esan, filosofia ikastearena ez zen nire aukera izan. Garai hartan huraxe ikasi behar zen; ez zegoen askoz aukera gehiago.

Hainbat urtez unibertsitateko irakasle izan ondoren, historiara egin zenuen salto.

Historiako doktoretza tesia 1987an egin nuen, EHUn, Julio Caro Barojarekin, garai hartako antropologo entzutetsuenarekin. Berrogei urteak beteak nituen ordurako. Doktoretza egin ostean, eskolak emateari utzi nion. Soziologia juridikoko mundu mailako erakunde batean lanean hasteko aukera suertatu zitzaidan, eta han aritu naiz azken hogei urteetan. Oñatiko unibertsitate zaharrean dago erakundea. Ni argitalpenen arduraduna nintzen.

Lanak ez dizu oztopatu historialaritzan jardutea. Makina bat liburu argitaratu dituzu azken urteetan.

Lanean egon naizen hogei urteetan eta jubilatu naizenez geroztik, hogei bat liburu argitaratu ditut, gehienak historiari buruzkoak. Biografia batzuk ere bai tartean, eta artikuluak. Lan honek, irakasle lanak ez bezala,  aukera ematen zidan liburuak idazteko eta ikerketak egiteko.

Zure lan gehienek lotura dute itsasoarekin eta itsasoko jendearekin. Legazpiarra izanik, nondik datorkizu itsasoarekiko interesa?

Doktoretza egiteko, Oñatiko artxibategian hasi nintzen ikertzen. Konturatu nintzen kostaldean ez ezik, itsasoko merkataritzak izugarrizko garrantzia izan duela Gipuzkoa barnealdean ere. Hau da, ez ginela baserritarrak soilik izan. Orduan hasi nintzen gaia ikertzen. Nire lanetan beti agertzen da itsasoa. Baina ez nik hala bilatu dudalako, baizik eta dokumentazioak bultzatuta. Artxiboak arakatzean garbi ikusten da euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana handia izan dela historian zehar. Dokumentazioak erakusten du gu itsasorik gabe ez ginatekeela ezer izango.

Noiz hasi zen gipuzkoarren eta itsasoaren arteko harremana?

XII. mendera arte, Gipuzkoako biztanleek apenas zuten harremanik itsasoarekin; itsas bazterrean ez zegoen ia biztanleriarik. XII. mendearen bukaeran hasi ziren kostaldean herriak egiten: Donostia, Hondarribia, Mutriku, Getaria… Zergatik? Bada, erregeak Europari eta Atlantikoari begira jarri zirelako. Orduan hasi zen arrantza, garraioa, merkataritza… Eta momentu horretatik aurrera ezin dugu ulertu Gipuzkoa barnealdeko garapena itsasorik gabe.

Itsasoak Gipuzkoa barnealdeko historian eragin handia izan duela diozu. Zein zentzutan?

Zumarraga, Legazpi eta inguru horretan, esaterako, burdina ekoizten zuten. Beasaingo olak ere oso garrantzitsuak ziren. Burdinaren inguruan sortutako eta garatutako herriak dira. Baina, noski, burdina ezin da jan. Kanpora saldu beharra zeukaten, dirua lortzeko. Era berean, beste herrialdeetako produktuak ekartzen hasi ziren: Ternuako olioa, Europa iparraldeko arropa… Mandoekin garraiatzen zuten kostaldetik barrura. Modu horretan hasi ziren handitzen barrualdeko herriak eta biztanleria. Itsasorik gabe ez zen posible izango. Gaur egun ezagutzen ditugun herriak ez lirateke existituko itsasorik gabe. Burdinaz gain, basoak ere garrantzitsuak izan ziren.

Jose_Antonio_Azpiazu-2«Erraz ulertzeko moduko gauzak idazten saiatzen naiz; dibulgazioa da nire helburua»

«XII. mendera arte, Gipuzkoako biztanleek apenas zuten harremanik itsasoarekin»

«Orain aisialdirako erabiltzen da hondartza, baina hori oso kontzeptu berria da»

«Lopez de Legazpi, Urdaneta… XIX. mendean Ataungo, Oñatiko… jendea joaten zen itsasora»

Itsasoa ulertzeko modua asko aldatu da ordutik?

Gaur egun muga modura ikusten da itsasoa. Aisialdirako ere bai, adibidez, hondartza. Baina hori oso kontzeptu berria da, XIX. mendekoa. Itsasoa garai hartan lanerako zen. Hondartzan emakumeek bakailaoa eta balea olioa gordetzen zuten, edo eskabetxea egiten zuten… Ez zitzaien burutik pasatzen itsasoa ongi pasatzeko izan zitekeenik. Zerbait beldurgarria zen itsasoa, menderaezina. Baina, hala ere, euskaldunak hor sartu ziren, derrigorrean, itsasorik gabe mundurik ez zutelako.

Los vascos se echaron al mar da argitaratu duzun azken liburua. Zer jasotzen du?

Euskaldunek historian zehar itsasoarekin izan duten harremana ikertu dut. Euskaldunak itsasoko gizonak izan dira. Miguel Lopez de Legazpi, Ordiziako Urdaneta… XIX. mendean Ataungo, Oñatiko… jendea joaten zen itsasora lanera. Zergatik? Lurrak ez zuelako askorako ematen. Maiorazgoa zuena bertan geratzen zen, baina gainontzekoek, abade egitera, ejerzitora edo itsasora joan behar izaten zuten. Itsasoa irteera bat zen. Itsasgizon horien bizimodua jasotzen dut, batez ere, liburuan. Historialaritzan daramatzadan berrogei urteetan bildutako materiala aprobetxatu dut liburua idazteko, eta artxibategiak arakatu ditut dokumentu berrien bila.

Itsasgizonek soilik ez, emakumeek ere badute lekua zure liburuan.

Emakumeak itsasbazterrean izugarrizko garrantzia zuen. Gizonek ekarritako arraina beraiek saltzen zuten. Buru gainean saski bat jarri eta barruko herrietara korrika joaten ziren, lehenengo iritsitakoak prezio altuagoa jar zezakeelako. Eta negozioak ere zuzentzen zituzten. Horrez gain, emakume asko alargun geratzen ziren, itsasoan jende asko hiltzen zelako. Eta gero bizimodua aurrera atera behar izaten zuten, gogor lan eginez.

Historia gizarteratzea da zure helburua.

Jendeak erraz ulertzeko moduko gauzak idazten saiatzen naiz, historia bera erraza delako. Dibulgazioa egitea da nire helburua. Jendeak esaten didanean nire liburuak erraz irakurtzen direla, pozik geratzen naiz, hori baita bilatzen dudana. Gai interesgarriak aukeratuz gero eta modu erraz batean azalduz gero, badakit jendeak irakurtzen duela. Azken finean jendeari historia hurbiltzeko modu bat da. Hitzaldiak ere ematen ditut.

Idazten jarraitzeko asmorik?

Orain jubilatuta banago ere, ikertzen eta idazten jarraitzen dut. Ez dut uzteko asmorik, droga bezalakoa da niretzat. Adinekoa naiz, baina oraindik gazte sentitzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>