Gazteen irakurle taldean pertsona libreak helburu

Irakurle-gaztePertsona batek izan dezakeen bertuterik handiena askea izatea da. Nahi duen hori, nahi duen eran esateko askatasuna izatea. Eta irakurzaletasunak zentzu horretan askatasunaren bideak zabaltzen laguntzen du, Ekaitz Goikoetxea Beasaingo gazteen irakurle taldeko dinamizatzailearen hitzetan. Irakurtzeak «lexiko, hizkuntza eta hiztegi zabalago bat izateko aukera» ematen duelako.

2015eko azaroan egin zuen Beasaingo irakurle gazteen taldeak lehendabiziko saioa. Hamalau eta hemezortzi urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta  «Euskal Herri mailan dagoen bakarrenetakoa» da, Goikoetxeak argitu duenez. Taldean neskak bakarrik daude, adin tarte horretan «gehien irakurtzen dutenak» beraiek direlako. Taldea hilean behin elkartzen da, aurrez hitzartutako liburu, ipuin, edo dena delakoa irakurri eta gero, haren gainean jarduteko.

Irakurtzea, gozatzeko

Goikoetxea bera da liburuak aukeratzeaz arduratzen dena. «Taldekideen gustuetara egokitzen diren lanak aukeratzen saiatzen naiz, baina era berean proposamen berriak eramaten ere saiatzen naiz».  Gazte horiek, adibidez, olerki gutxi irakurri dute. «Garai batean olerkia ilun samarra zen, ulertzeko zaila, baina gaur egun euskarri ezberdinetan eskuragarri daukagu», adierazi du. Musika talde askoren hitzetan olerkiak daude oinarrian. «Orain gutxi Bizio taldearen rap bat ekarri nien, eta asko gustatu zitzaien».

Maddi irakurle taldeko kideetako bat da, eta beti izan du gustuko irakurtzea. Orain arte, «gaztelaniazko liburuak irakurtzeko joera handiagoa» zuela eta, euskarazko lanak ezagutzeko bitarteko ona iruditu zitzaion irakurle taldea. Gustura dago, «irakurritako lan batetik gai ezberdinak jorratzeko» aukera izaten dutelako.

Taldean agindutako liburua irakurtzea ez da derrigorrezkoa, irakurle bakoitzak liburu bat uzteko askatasuna izan behar duelako, Goikoetxearen iritziz. Hil honetarako Jon Benitoren Bulkada poesia liburua eta Ekaitz izenburudun ipuin laburra irakurri dituzte. Solasaldia «irakurritakoa gustatu zaien ala ez» galderarekin hasten da. Hortik aurrera taldekideen beraien hausnarketek bideratuko dute topaketaren gainerakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>