Aizpea Garmendia (Lazkao, 1998) Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketako finalista izan da. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari txapelketako finalaren ondoren, eta selektibitatea egin atarian tarte bat hartu du GoiBerri-ko galderei erantzuteko.
Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan bigarren eginda, Euskal Herriko txapelketarako sailkatu zinen. Zer moduz joan zen larunbatean finala?
Oso urduri jarri nintzen. Hasierako saioan hamabi ginen eta bi ariketa, bi ofizio, egin genituen eta hortik sei sailkatu ginen. Txeber Altubek irabazi zuen.
Espero zenuen finaleko finalera sailkatzea?
Ez. Lehenengo saioa egin genuenean Gemma Urteaga irakaslearekin hitz egin nuen eta esan nion ez nintzela sailkatuko. Ez nengoen batere gustura egindakoarekin. Baina bertsoak entzun ondoren, konturatu nintzen uste baino hobeto aritu nintzela. Bigarren fasera sailkatu nintzela esan zidatenean, lasaiago aritu nintzen.
Plazan kantatzen ere ohitu egin beharko da.
Bai, ikasteko daukagu hori. Baina hainbeste jende zegoen Ereñotzun… Ez gaude ohituta hainbeste jenderen aurrean kantatzen. Gipuzkoako finala Eibarren izan zen, zinema batean eta ilunago zegoen. Ereñotzun pilotalekuan zen eta dena ikusten zen. Inpakto handia egin zidan.
Aurretik txapelketatan parte hartua zara?
Gaztetxoetan, taldeka jokatzen zen eta bi urtetan parte hartu nuen Goierriko taldearekin. 13 eta 14 urte nituenean atera nintzen. 14 urte nituenean irabazi genuen taldekakoa. Harrezkeroztik parte hartu gabe nengoen. Aurten ere, hasieran ez nuen aurkeztu nahi, baina azkenean, begira.
Fase bat, eskolartekoa bukatu duzu. Aurrera begira zein asmo duzu?
Bertsotan bakarrik ez, ikasketetan ere fase bat bukatuko dut orain, irailean unibertsitatera joango naiz eta. Ikusiko dugu bertsotan jarraitu ala ez. Momentuz, ikasketek dute lehentasuna. Gainera, ez naiz bertso eskolan bakarrik aritzen, gauza gehiagotan ere banabil. Ea datorren ikasturtetik aurrera nola antolatzen naizen.
Gustatuko litzaizuke bertsotan jarraitzea?
Bai! Bertso eskolara joaten behintzat bai, gero ikusiko da. Oraingoz gustura nabil eta jarraituko dut.