Laguntzeko gogotsu

Beasaingo Txolarteko boluntario eta kideak, gaur zortzi, Ehunmilak lasterketan egingo duten lanaren berri ematen

Beasaingo Txolarteko boluntario eta kideak, gaur zortzi, Ehunmilak lasterketan egingo duten lanaren berri ematen

Aurten, Beasaingo Txolarte elkarteko boluntarioez gain, bertako kideek ere lagunduko dute Ehunmilak lehiaketako antolakuntzan. Korrikalariei informazioa emateaz eta aparkalekuaren kudeaketaz arduratuko dira.

Beste urte batez, Ehunmilak lasterketako antolakuntzan boluntario-laguntzaile gisa parte hartuko du Beasaingo Txolarte elkarteak. Euren esanetan, nahiz eta lehen aldia ez izan, aurtengo boluntario-esperientzia «berezia» izango da; hain zuzen ere, elkartean parte hartzen duten boluntarioez gain, elkarteko kideak direnek ere lan horretan parte hartuko dute aurtengo edizioan lehendabiziko aldiz.

Ane Mozo Txolarteko koordinatzailearen arabera, laguntza behar duten pertsonentzako erakunde bateko kide izatetik, «beste ekitaldi batean benetako laguntzaile» izatera igaroko dira: «Eurek ere boluntario lana egin dezaketela erakutsi nahi dugu, eta horretarako aukera emango diegu».

Goreti Etxeberria Txolarteko guraso-boluntarioaren esanetan, aurten, zehazki, Pergoletako frontoian egoteko ardura  izango dute korrikalariei informazioa ematen, eta aparkalekuaren kudeaketaren ardura ere euren gain hartuko dute.

Etxeberriak dioenez, «eskertzekoa» da lehiaketaren antolatzaileen partetik halako ardurak euren gain uztea, gisa honetan, jendeak adimen urritasuna duten pertsonek edozein eginkizun «normaltasunez» egin dezaketela ikusten duelako. Are gehiago, Txolarteko kideak direnak «lanerako gogotsu» daudela dio: «Lana oso serio egiten dute, eta ehuneko ehuna ematen dute».

Txolarte elkartea, Atzegi erakundearen baitan adimen urritasuna duten pertsonei zein euren familiei laguntzeko zerbitzua da, eta Beasain mailan hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar. Ehunmilak lasterketak, berriz, 7. edizioa izango du aurten, eta uztailaren 8tik 10era bitarteko asteburuan jokatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>